Osotasun bat edo unidade oso bat ataletan edo zatitan bereizte prozesua adierazoteko, zatitu, zatikatu aditzak daukaguz batetik; hau da, zatietan, zati askotan partitzea adierazoteko. Beste aukera bat, partitu mailegu-aditza izan daiteke.
Baina oso bat erdi bi egitea adierazoteko daukagun aditzik ezagunena erdibitu dogu, edo erdi bi egin aditz multzoa. Osoaren bi erdiei erdia deritxe. Badira beste aditz batzuk, erdikatu, erdikindu eta halakoak, baina erdi bi egitearen zehaztasunik adierazoten ez dabenak.
Osoa hiru parte egiten danean zelan deritxo hirugarren parte horri? Herena da hitz zaharra, arena aldaereagaz. Baina berandu baten hirurena be garatu da analogiaz hizkera jasoan, gaur egun zokoratua badago be. Hiruren moderno honezaz hara zer dinoan Azkuek: «Tampoco el tercio se dice ya (no sé si un tiempo) iruren, sino eren, heren. Me dicen que hay gente del pueblo en G (guipuzcoano) que dicen irurden por tercio, como laurden por cuarto» (Morfologia 239).
Heren hitza bera be urri erabilia izan da tradizino idatzian, eta hiztunentzat be gitxi ezaguna izan da. Gaur egun indarra hartu badau, zientzia eta kultura-hitz lez izan da, gazt. «tercio» dalakoaren ordaintzat. Eta heren horretatik erakarria da noiz edo behin irakurten dan herendu, baina berez ia ezezaguna gaur egun. Herendu aditzera baino gehiago joten da perifrasia erabiltera: hiru parte egin, edo akaso hirukatu.
Errosarioa errezetan izan dan sasoian, laburra eta luzea egozan, eta Azkuek bere idatzietan inoiz halan darabil: «Bost arenekoa ta amabost arenekoa dira errosario osoa edo irurena» (Euskalzale 1897, 150).
Baina administrazino zaharrean inoiz erabili izan da hiruren hitza. Bizkaiko Foru Aldundiaren agirietan, XIX. mendekoetan, azaltzen da hiruren berbea, izun edo multak dirala-ta: «Batzen diran multen irurena salatzaillientzat izango da, ta beste iruren bijak izango dira berarizko dirutza bat egiteko» (ForuAB 141). Eta XX. mendekoa da beste erabilera hau be: «Eguneroko bizitzan biriketako utsunaren irurena bear izaten degu» (Anabitarte EEs 1920, 68).
Lauren eta laurendu berbak askoz ezagunagoak dira; azken baten lau partetan zatitzea giza logikan, gizakion pentsaeran, askoz ezagunago eta ohikoagoa dalako. Laurena / laurdena ordu kontuan darabilgu batez be egunerokoan. Baina neurri kontuan be orohar ugaria da, luzera, pisu, bolumen eta bestelakoa izan. Lehenagoko neurrietan sarri erabilten ziran kana-laurena, imini-laurena e.a. Txarri bat hilteko lauren artean erosten bazan, txarri laurena toketan jakon bakotxari. Edo lagunarteko bazkari baterako, bildots osoa barik, bildots lauren bat nahikoa izan daiteke, jatunegiak ez badira lagunok. Behin bategaitik esaten halantxe entzun neutsan beste bati: «Nik beragaitik egin dodanaren laurenik be ez leuke berak nigaitik egingo». Eta oinordetza-partitzeen inguruan, Larramendik aitatzen dauen “ondasunen laurdena”.
Ez da hain erabilia, baina bai ezaguna, laurendu/laurdendu aditza, leku batzuetan laurkindu edo beste batzuetan laurdenkatu esaten dana. Laurendu/laurdendu ez da besterik oso bat lau zati edo lau parte egitea baino, gazt. «cuartear». Baina gaztelaniaz daukan «descuartizar» aditzaren adierea da nagusi: txiki-txiki egin, zehe-zehe egin (gorputza, haragia, e.a.) Antxinako martiriak zirala-ta dino Larramendi idazleak: “Batzuek lauridikituak, laurenduak, besteak beren ezur guzietan abarrakituak, zatituak” (Azkoitiko sermoia).
Mogelek bere alegietariko bati pasarte honegaz hasiera emon eutsan: «Beia, auntza ta ardia, alkartu ta lagunduta egozan leoiaz, irabazi guztiak partilduteko. Ebilzala basoan, artu eben basauntz bat, zein laurendu eben. Leoiak artu eban lenengo laurena esanaz: “Au jagot abere guztien errege nazalako; bigarren laurena neurea da, zuek baiño sendoago ni izanik; irugarrena ezin inok kendu leit, zuek baino arinago ibili nintzalako, ta laugarrenari ikututen deutsanak, jakin begi izango nazala bere arerioa” (Ipuinak).
Lehenago, krimen handiren bat egiten ebenak laurdendu edo laurdenkatzen ebezan. Iparraldeko aspaldiko hiztegi batek dinoan lez: «Giza-erhaile bat laurdenkatzea, écarteler, tirer à quatre chevaux un assassin. […]» (Harriet). Ondorioz laurdendu edo laurdenkatzea, berez lau zati egitea izan arren, esangura orokorrago figuratuaz erabili izan da gehiago.
Eta lau zenbakitik gora, hamar zenbakia dogu batez be, parteak egitea onartzen dauena. Halan eregia da hamarrena, hamargarren partea adierazoteko. Esangura bitan hau be. Aldi baten, hamarrena eleizeari ordaindu beharreko partea zan, gazt. «diezmo» deritxon zergea. Baina tratu kontuan be erabilten da, ehuneko hamarra adierazoteko. Gernikako azokan erosle batek saltzaile bati egindako eskaria:»Hamarrentxua kenduko deustazu, ezta? (J. A. Arana Martija).
Eleizako zerga modura, hamarrena emon eta hamarrendu aditza be erabili izan dira. Hamarrenak eta hasikinak esaten zan lehenago, edo hamarrenak eta primiziak. Bietara.
Hamarrendu aditza honelan darabile gure idazle klasiko batzuek: “Zeren ezin dion bezala S. Agustinek, zuk ezpaitiozu pagatu nai ongi Jangoikoari zeure fruituen amarrenak, Jangoikoak amarrenduko zaitu zeurori; … au baita amarrentze kostosoa” (Lizarraga Elkanokoa). “Zer gauzatzuk amarrendu biar dira?” (Mogel Erakuspena). “Ai zuen zorigaiztokoak, eskriba eta fariseo ipokritak: amarrentzen dezutenak menda, eta ez amillua eta kuminoa” (J.A.Uriarte Mt 23, 23).
-en atzizki zatitzailea da zenbatzaileakaz, “fraccionario”. Azkuek, bosten, hau da, bostgarren partea adierazoten dauen bosten zenbatzailea dala-ta dino: “BOSTEN (V, G, AN), quinto, quinta parte. Este sufijo hoy, desgraciadamente, está en desuso. Se forma de bost y el sufijo fraccionario -en, que sólo se usa hoy con lau y amar. Sería muy conveniente que su empleo se generalizara a todos los numerales» (Dicc.).
Bostena, denpora-neurri izen balioaz inoiz erabilia izan da, segundoaren bostena adieraz. Halan agiri da Argiaren Egutegian gudu aurreko ale baten: “Mundu guziko indarkaririk onenak etorriko dira: saltoan ia 2 metro gora egiten dutenak, igari eun metro 52 segundo ta 3 bostenean egiten dutenak, eta horrela” (ArgEgut 1924, 98).
Adolfo Arejita