Esakuntza hau bertsotara eroan eban Balendin Enbeita Muxika-Ariatzako bertsolariak, honango jarraipenaz: “Egun argitan dira / ardiak ezagutzen, / gabaz danak bardinak / jakuz iduritzen”. Sententzia hau itxi euskun emonda Nere apurrak bertso-bilduman, Auspoa sortan.
Gaztelaniaz bada hurreko esakuntza bat, katuaren irudiaz eta gauaren iluntasunaz joko eginez eihoa: “De noche todos los gatos son pardos”.
Gure sineste zaharretan, mitologian be bada esaera bat, gaua eta eguna, iluna eta argia banakatu eta aurkakotzen dituana: Gaua gauekoentzat eta eguna egunekoentzat. Eguna gizakiona da, egunekoak gizakiok gara. Baina gaua beste partekoena da, izen diferenteen itxurapean: jentil, lamina, prakagorri edo dana dalako izaki bildurgarriak. Hainbat esaunda dagoz esaera honegaz bilbatuak. Ataunen eta Berastegin batu izan diran, neska gazte jostun edo gorularien zori tristea gogorazoten daben esaundak badira; abertentzia modura gauaren arrisku gorria gogorazotera datozanak.
Errefrauetan be mordoa dira, gaua edo ilunpea batetik eta egun argia bestetik aurrez aurretzen dituenak. Ezagunenetariko batek dino: Gaueko beharra egunez agiri. Aldaera ugari ditu esakuntza horrek. Horreetariko bat edo beste, Azkuek Euskalerriaren Yakintzan baturik dakazanok: “Ilunbeko jostea, argitako lotsa” (2524) dirausku batek. Etxeko andreak edo neska gazteak finarren. loari orduak kenduta, gauaz joskintzan jarduten ebenekoa gogorazoten deuskuna. Eta bigarren batek, esangura orokorragoaz, dirausku: “Ilhunpeko lana egun argiz ageri” (2525). Gaueko beharra, gaueko lana, era askotakotzat ulertu leiteke: beharra edo lana, batzuetan; olgetea edo jostaketea be bai. Eta neskatila gaztea seindun suertetan zanean be, esakuntza hori hartu izan da mihinean: Gaueko beharra egunez agiri.
Lapurreta kontuagazko zerikusian be agiri da gaua. Herri- edo leku-izen jakinak tartean dirala batzuetan. Halan: «Ataunen ta Zegaman, egunez ikusi eta gauaz eraman» (Garate, Atsotitz 1538), edo: «Zaldibin eta Zegaman, egunez ikusi eta gauez eraman» (Garate, Atsotitz 13767); bietan Zegama ezinbesteko bihurtu dala, eraman aditzagaz puntua jagoteko.
Lan modu batzukaz kidetuta be azaltzen dira gau-egunak batzuetan, berariaz gau laburra eta egun luzea aditzen emoteko: lo gitxi eta ordu luzeak beharrean. Halakoak dira: «Ostatuko sehiak gau laburrak, egun luzeak» (Garate, Atsotitz 10963″), edota «Txiologako (txiriboga edo ostatuko) mirabeak gau txaburra ta egun luzeak» (RS 487).
Adolfo Arejita