Egotez biak dagoz ondo, biak dira zuzenak. Baina batak eta besteak gramatika-joskura diferentea daukie, ostera.
Zoro bizimodua, izen biren alkarketa da, eta azpian datzan gramatika-loturea be sintagma berean lotzen diran izen biren artean ohi dagoana dana da, genitibo marka batek bateratua: zoroen bizimodua.
Bizimodu zoroa, izen-adjektiboak sintagma berean batzen dituan gramatika egitura soilaren bakuntza da, ezetariko markaren elipsi bakoa; eta sakonean datzan egiturea izen-predikatuez horniduriko perpaus sinple batena da: batek daroan bizimodua zoroa dala predikatzen dauenarena. Izan be, zoro hitzak ordezkatu leiteke pertsona bat, zorotasunak jota dagoana, edota adierazo leike nonoren edo zeozeren kualidade bat, zoro egotearena, adjektiboek adierazo ohi dabena: mutil zoroa, egoera zoroa, buru zoroa.
Berba asko dagoz euskeraz be, beste hizkuntzetan legetxe, bitara jokatzen dabenak, behin izen kategoriaz, behin adjektibo kategoriaz.
Kolore-izenetara bagoaz, kasurako: kolore gorria esaten dogun moduan esan geinke gorri kolorea. Edo kolore baltzuzkina daukala batek arpegian dinogun moduan, baltzuzkin kolorekoa dala edo baltz koloreko azala daukala.
Eguraldi eremuko berba bi, hotz eta bero, ohiz bitara jokatzen dabe: Egun beroa egin dauela esan geinke, edota: bero handia egin dauela. Eguraldi hotza dagoala edota: Negargarrizko hotzak egin dituala.
Gizena esaten jako giharrea ez dan haragiari, baina pertsona lodi bategaitik be gizen dagoala edo gizena dala esaten da.
Gor hitza, gehienetan norbait gorra dala edo gor dagoala esateko darabilguna, “gortasuna” adierazoteko be erabilten dogu, dinogunean urliak gorra daukala eta altu berba egin behar jakola.
Izakiak (edo pertsonak) eta euren kualidadeak hitz bakarraz adierazotea, euskeraz be (beste hizkuntza batzuetan lez) sarri bilatzen dan laburbidea da: nagia dala urlia dinogunez, nagiak jota dagoala edo nagiak ateraten dabilela. Eta goiburuko berba-joko antzekoa erabilirik, pertsona batek bizimodu alperra daroala, edo alper bizimodua dala harena. Edota urlia bat, loteriak urten deutsanetik jantzi aberatsakaz ikusten dala, edota aberats jantziakaz agiri dala kalean.
Nongoa dan bat espresatzeko -tar atzizkiaz markatzen dogunean be, bizkaitar esaterako, kategoria diferenteakaz erabilirik dakusku: bizkaitarra (izena), bizkaitar jentea (izena, izenlagun bihurtuta), edo adiskide bizkaitarra (adjektiboa).
Hari luzeko matazea dogu hau eta oraingoz bertan behera itxiko dogu.
Lau haizetara
Adolfo Arejita