Bilboko eleiza baten izena agertu da hedabide baten, hil-barri baten kontura. Hileta-eleizkizuna egingo ei da «Bilboko Deustuko Done Petri parrokian».
Lehenengo, Bilboko Deustuko izen bikote horretan Bilbo erdi alperrik dagoala esango neuke, ze Deustuko hutsik esanda be, edertotxu ulertuko leuke urrunetakoa ez dan edozeinek. Deustu esan, edota Arangoiti, Ibarrekolanda edo Sarriko esan, ez da bardin. Gaur Bilboko udalerriaren barruan egon arren, Deustu eleizatea izan da, Begoña legez, orain dala ehun urte baino gitxiagora arte, 1924ra arte.
Bigarren, Done Petri izena emotea Deustuko parrokiari lekuz eta denporaz kanpo dagoala esan daiteke. Gaur ezagunena dan santu-adbokazinoa san Pedrorena da, eleizearen kanpoaldean agiri dan lez: Deustuko San Pedro, ondo argi letra handiz idatzirik. Nik, halanda be, gehiegi maite ez dodan izendapena, historia ezagututa.
Izan be, bada izendapen zahar bat, berreskuratu edo ezagutu beharrekoa behintzat – eta zergaitik ez bizibarritu? – , eta da Jandone Peri Deustuko, gaur ahaztutzat dagoana, baina euskeraz sustrai zaharra daukana, Jandone Paulok daukan antzera.
Ezaguna da 1638. urteko (XVII. mendearen lehen erdiko) bertsozko kantu bat, sarreran gaztelaniaz dinoana: «CANCION VIZCAINA EN metro VIZCAYNO, HECHA EN ALABANZA DE LOS HECHOS heroicos de Don Domingo de Heguia, natural de Deustua, junto a la noble Villa de Bilbao«. Eta kantuaren barruan, euskeraz, gudalburu horrek jatorria zein dauen edertotxu azaltzen dauena: «Alegradu bidi / kristau erria, / libradu dalako / Ondar ibaia. // Ogei mila gizon, / Franzia erriko / egozan aldi baten / su emaiteko. / Arako bizkaitar / Domingo Hegiko / izan da bakarrik / irabazteko. / Jaun done Peri Deustuko / batizadua, / onradu izan dozu / zeure lekua».
Izen bi dira gogoangarriak testu honetan. Batetik, Domingo Egiko legez izendatzen da euskeraz, gaztelaniaz Domingo de Heguia dalakoa. Eta bestetik, Jaun done Peri Deustuko batizadua, Ondarribia frantsesen setiopetik libratzen eta egoera larriari eusten jakin ebanaren identidadea.
Lau haizetara
Adolfo Arejita