Gaztaia egin bai, baina esatekorik ez esapideagaz, “askotzarik ez, izentazinoa, neurri apala” esatera dator. Ezezkako esaldian eta esateko hitzari -rik partitiboa darraiola. Labayru Hiztegiak be adiera honezaz edo hur-hurrekoaz jasorik dakar: ‘notable, digno de mención’ ordaina damaio erderaz, eta adibide bi: “Asteburu honetan ez da izan esateko istripurik”. Eta: “Ez dozu esatekorik jan” (LH).
Atzerago jota, Mogelegan daukagu aurretiko berebizikoa esatekorik ez honen gainean, Peru Abarka elabarrian. Eguraldia dala-ta itauntzen dau Maisu Juan barberuak: “Ze eguraldi modu dago?” Eta Peruk erantzuten: “P. Txito ederra. Eztago odeirik, bai eguzki ederra. Lei apur bat jausi da, baina ez esatekorik, ez kalte egin leikeanik.» Eta bere dotrinetariko baten be bai, egindako txarkeriaren bat epaileari ezkutuan autortu ezkero, ez dagoala esateko kastigurik. Dino: “Konfesatzen badu zuzen egia, ta ori ezkutuan, juez inori esango ez dionari, ta eskatzen badu barkazioa humiltasun ta damu andi batekin, ez dago kastigu esatekorik, ta bai barkazioa.” (Mog CC).
Adiera honegaz darabilgunean esateko hitza, ezezkako egituran izan ohi da. Edozelan be, gitxi dokumentaturik dago idatzizko tradizinoan, eta berbaz be ez da horren ugaria. Bai ostera, ikasi, aintzat hartu eta erabiltekoa.
Berau esateko beste era batzuk: askorik ez, apurren bat, ez hainbeste.
Adolfo Arejita