HizkuntzaZahar-barriak

Zer eta zelan egin udaletatik eremu sozioekonomikoan euskerearen erabilerea indartzeko?

Posted on

Izenburuko gai hori erabiliko dabe aurten Udaltop izeneko jardunaldian. Udaletako Euskera Zerbitzuen Topaketea da Udaltop, eta urtero egiten da gai edo arlo baten inguruan. Aurten, iazko moduan, online izango da, baina egun bikoa, eta honezkero izena emon daiteke apirilaren 23ra arte, www.udaltop.eus webgunean.

Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikako sailburuorde Miren Dobaranek zabalduko dau aurten jardunaldia, Eusko Jaurlaritzak diseinautako «Euskerea eremu sozioekonomikoan sustatzeko plana 2020-2023» aurkeztuko dau eta.

Horren ostean, udaletara begira jarri eta plana apliketako jarraibideak emongo dira, hainbat ikuspegitatik. Siadecok, plana udalerrietan zelan bete azalduko dau; Iñigo Urrutia Euskal Herriko Unibersidadeko Zuzenbide Fakultadeko irakasleak, udalek plana bideratzeko dituen tresna juridikoen inguruko gogoetea egingo dau; Emakundek, bere kontratuetan ezartzen dituan klausula sozialei jarraipena zelan egiten deutson argituko dau, euskerara ekarteko adibide moduan; eta azkenik, Garapen Agentziek esparru sozioekonomikoan esku-hartzeko dituen tresnen barri emongo dabe .

Bigarren egunean adibideak, praktika onak, azalduko dira: Kataluniako esperientzia, Lanbide Heziketako lantokiko prestakuntzea eta duala; lantokietako harrera protokoloak eta Euskaraldiak sortutako Ariguneak.

Antolatzaileak euskerearen lurralde guztietako erakundeak dira: Euskal Urigune Alkargoa; Eusko Jaurlaritza; Nafarroako Gobernua; Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako Foru Aldundiak; eta Lasarte-Oriako Udala.