LiteraturaZahar-barriak

Sormenari zor! Zazpigarren Loraldia

Posted on

Zazpigarrenez dator Loraldia izeneko kultur-zikloa Bilbora. Honezkero udabarriko programa ezinbestekoa bihurtu da, musika, antzerki, literatura, dantza arloetako erakustaldi barri eta barritzaileak aurkezten dituan kultur jarduera hau. Martiaren 28ra arte hainbat aukera izango ditugu.

Aurten egoerak ez dau ixten normal jokatzen, baina aforo, osasun-neurri eta gainetiko guztiak beteta, hemen da indartsu, programa bete-betea dakarrela.

Memorian sakondu eta publiko barria erakarri, lehenagoko erreferenteak gaurkotu eta proposamen barriak egin; horreek, besteak beste, aurtengo edizinoaren helburuak.

Mikel Ayllon idazleak Zoriontsuak izatea aukeratu genuen liburua aurkezteaz ganera, horretan oinarritutako antzezlana erakutsiko da. Literatureagaz lotuta, Zura eta ura jarduereak Miren Agur Meabe eta Leire Bilbaoren testuak ditu oinarrian. Eta bestalde, Joseba Sarrionandiaren eta Fernando Pessoaren arteko barriketaldi antzeztua egingo da. 

Musikearen atalean artista gazte asko topauko doguz egitarauan: Olatz Salvador, Idoia Azurmendi, Haizea Martiartu… Zetak talde ezaguna eta txalapartea eta musika klasikoa buztartzen dituan Basabi taldea.

Erreferenteen artean, Agustin Xaho Asisko Urmenetaren Azti Hitza komikiaren bitartez gogoratuko dabe. Eta Xabier Lete Loreak eta zauriak ikuskizunaren bitartez. 

Jantzearen atalean be hainbat aukera dagoz: Pantxinka Telleriaren lana, Dantzertiren Arrakalak jardunaldiak, Haatik konpainiaren Errimak bi oinetan ikuskizuna, Garazi Etxaburu eta Jose Pablo Arriagaren Oihalezko teilatuak, eta Kukai Taldearen Bizimina izeneko film laburra.

Aurten beste barrikuntza bi datoz. Batetik kabareta, La Fundición aretoan; eta bestetik, rol jokoak Azkuna Zentroko Mediatekan.