Esaera zaharra dogu. XVI. mendeko Refranes y Sentencias bilduman agiri dana: “Urak dakarrena urak daroa. / El agua lo que trae el agua lo lleva”, dino hizkuntza bietan errefrau horrek (RS 472).
Harrezkero batez be kantu bidez guztiz ezagun egin da, Benito Lertxundik kantu bihurtu ebalako berorren mezua: “Urak dakarrena urak daroa, lurrak emandakoa lurrean gelditzen da. Eta gu hemen, beti gu hemen”.
Beste aldaera eder bategaz dakar Esteban Garibaikoak errefrau berau birritako aldiz, engarren adizki trinko darabilela. Baina Garibaik, errefrauaren aurretxoan berorren mezua zein dan emoten deuskun argibidea da jakingarriena. Dino: «Por la hacienda adquirida por malas formas, como de ordinario se consume por las mismas, dicen: “Gure mandoa, urak engarren eta urak aroa. // Nuestro macho, el agua te traxo y el agua te lleval”. Eta errefrau beraren beste agerpen baten, beste era honetara dakar berorren argibidea: “Por los que adquieren hacienda por malas vias, y se las consume presto, dicen”. Azkuek atzera jaso eban bere bilduman errefrau hau (EY 487).
Uraren joan-etorriaren irudia; bardin da ibai, erreka edo itsasokoa dan: ibili dabilen ura.
Akordura jatort antxinako amerikanuaren pasadizu bat, etxean ikasitakoa, harriko zuloa eta handik behera doan ura aitatzen dituana. Joan ei zan Ameriketara diruak egiteko amesean gizon hori, eta fin-fin bialtzen ei eutsazan irabazitako diruak aldiro-aldiro emazteari. Luzaroak garrenean atzera etxeratu zanean, itaundu ei eutsan emazteari ze: “Ea, erakutsi eidazuz non daukazuzan gordeta nik bialdutako dirutxuok”. Baina emazteorrek bai arintxu be erantzun: “Zure diruak? Zer dinozu, gizona? Ikusten dozu harriko zuloa? Ba hortixek behera joan dira”.
Andreorrek firin-faran eralgi zituan, antza, gizonak finarren irabazitako diru guztiak. Andra harentzako dirua erraza zan, ia berez etorrena, ahalegin altsirik berak egin barik. Gitxi kosta izan danari baliorik ez estimazinorik emoten ez jakonez, sartu zan moduan urten eban diru horrek, handi datozan urak etorri eta joan egiten daben modu-moduan.
Errefrau beraren aldaera esanguratsu bat bada, ura eta ardaoa kontrajarriz eihotakoa, eta itsaso eta arrantzale munduari joakona. Damaso Intzak batu eban bertsinoa: “Tiru-liru kantatzen du miruek: urek ekarri, ardaoak eraman, arrantzalen diruek«. Gaztelaniaz esanda: “El vino puede llevarse las ganancias del agua” (Esaera zarrak 1927).
Urak eroatea zer edo ha da betiko galtzea, bape barik gelditzea. Errefrau eta herri-esaera gehiagotan be agiri dan esapidea: “Egin zaarraren esana, naiz urak berama. // Hacer el dicho del viejo, siquiera lo lleve el agua” (RS 465).
Hari berekoa dirudi beste errefrau honek be: “Serorearen ultzia urak derama” (Azkue EY 116).
Adolfo Arejita