Ondarroa aldean entzuten dan esapide bat da, Augustin Zubikarai idazleak bere antzerki bati izena emoteko erabili ebana: Atako bandan.
Atako bandan horren era gramatikal zuzena atEko bandan da, edo gura bada, ateko mandan. Eta horren esangurea: «kanpoko partean, kanpoko aldean». Arrantzaleen erregistroan: Portua atzean lagata isasontzia, arranuntzia itsasorantz zuzentzen danean, atako bandan doala esan ohi da.
Augustin Zubikarai idazle ondarrutarra izan zan atako bandan esamodu horri bere lexiko- eta literatura-liburuetan indarra emon eutsana, Ondarroako arrantzaleen ezpanetatik batuta. Itsasoratzearen gaineko adibide bat: Txalupea ateko bandan doa. Baina irudi-balioz be erabilten da: Andra-gizonak ateko bandan joan dira. Hortik zehar joan dirala, ostera bat egiten urten dabela adierazoteko.
Baina leku gehienetako euskaldunentzat ate, atean edo ateko berbak ahaztu dira kanpoan, kanpo aldean edo kanpoko adiereagaz. Baina badira errefrau zahar batzuk atean, ateko berbak esangura zaharrean gorde dabenak. Halan: “Atean uso, etxean otso, hala bizikidea gaxo” (RS 133) dino XVI. mendeko errefrau zaharrak. Gaur egun, kanpoan uso, etxean otso esango gendukenarentzat.
Kapanaga Mañariko dotrina-idazle zaharrak XVII. mendean esaldi hau idatzi eban: “Ifinten deuskuzala barruti pensamentu gextoak eta ateti enkontru gextoak”. Barrutik pentsamentu gaiztoak eta atetik enkontru gextoak. Eta Mikoleta bilbotar gramatikagileak beste hainbeste: “Orti badaroa zure mesedeorrek, nik obedieten dot etsean ta ateti. Eta erderaz dino: «yo obedezco en su casa y fuera”.
Hirugarren aitamen bat, Pedro Barrutia Mondragoeko eskribauarena. Jesus umea jaio zedin Maria eta Jose aterpe eske joan ziranean ostatu batera, ostatu-jabeak emon eutsen erantzuna: “Hor dago portale bat, uriaz ateti”. Uriaz atetik esatean, Belengo uriaren harresien kanpoko partetik, urteeran egoan eskepe bat seinalau gura izan eutsen.
Adolfo Arejita