Dakienak dakiHizkuntza

«Barriketea balitz goruetea, gure etxean gela bete mataza».

Posted on

Azkuek errefrauaren era luzeago bat dakar, barriketea eta eragotea aitatzen dituana batetik, eta gorua eta ardatza bestetik. Aldaera bi dakarz, antz-antzekoak, baina ez bardinak. Batak dino: «Eragotea balitz gorua, barriketea ardatza, nire emazteak oingo egin eban baztarrak bete mataza«. Eta bigarrenak: «Eragotea balitz gorua, barriketea ardatza, nire emazteak oingo egin eban ganbara bete-bete mataza» (EY 1321).

Eragon edo eragoten ibiltea, berbaz ekitea da, baina berariaz inogaitik danean, txarto berbetan jardutea.

Zenbat mataza egin diran, hari-matazak asko eta ugari dirala esateko, era diferenteak agiri dira. Nik entzun: eskaratz bete mataza egin izan dot batez be. Baina Añibarrok: Gela bete mataza dakar. Eta Azkuek era bitara dakar, bixeak zein baino zein esanguratsuagoak. Baztarrak bete mataza, dino batean. Herri-berbetan ugari darabilgun esapidea: baztarrak bete diru, baztarrak bete kurloi, baztarrak bete lagun. Eta bestean: ganbara bete-bete mataza. Artileaz egindako matazak, etxe batzuetan behintzat, ganbaran gordeten ziran, antza. Eta ganbarea leku zabala eta ondo aireztatua izan ohi da generoa gordeteko.

Goruetan egitea eta barriketea, jarduera biak buztarrian agiri jakuz beste errefrau eta esaera gehiagotan be. Bitañok Izurtza-Mañari inguru horretan batu eban behinola: «Etxekoandrak goruetan, sorgin-kontuak kontetan» (Bitaño 2552b). Goruetea eroapen handiz egiteko behar modua zan, eta andra artean, lagunartean egiten zan sarri. Kontuak eta bestelakoak kontauaz bide batez. Eta atzerago jota, ezagunenetariko bat hauxe dogu: «Maria gurea goruetan, / bear eztirean horduetan«, aditza pluralez dala, Añibarrok dakarrenez (Errefrau 21). Azkuek, aditza singularrez dala eskeintzen deuskuna: «Maria gurea goruetan, behar ez dan orduetan» (EY 212).

Adolfo Arejita