Euria egingo dauela edo euria mogiduko dauela esateko, hedabideetan, eguraldi-iragarleen aldetik ia ez da besterik entzuten, euritara joko dauela baino. Baina herri-berbetan nekez entzuten da inon.
Testu korpusetan ibili naz azterka, eta euritara jo esapidea ia ez da agiri inon, itxuraz lokuzino dotorea badirudi be. Jon Etxaide donostiar idazlearen esaldi bat aurkitu dot, itzulpenezko testu baten dakarrena: “Ez, ez; ubilbera (propenso a la reuma) naiz izatez eta neronen irudipena ere ez nuke egon gogo haize euritara” (Itxasoa laino dago). Haize-euritara egon, haizearen eta euriaren azpian, esateko.
Ez dakit ziur non daukan jatorria euritara jo esapide horrek, hedabideetan eta eguraldiaren iragarte jardunetan entzuten da beti. Hortik kanpora nekez, gaur egungo itzulpen lanetan edo ez bada. Ez da hain erraz aurkitzen euskeraz sorturiko testuetan, ez tradizinokoetan, ez gaurkoetan.
Txarto esanda ez dago, eta esapide polita be bada. Eta seguru antzean, leku batean edo bestean erabili be egiten dana; baina eremu mugatuan, edozelan be.
Beste kontu bat da eguraldi-barriemote guztietan euritara jo behin eta barriro entzun beharra, zeinda hori esateko beste modurik ez balego ez. Edonork pentsa lei horixe dala euskeraz euria hasiko dala, edo euria egingo dauela esateko era nagusia, eta ez da egia.
Mugagabez, euritara baino askoz gehiago darabilgu euritan, egon edo ibili aditzagaz; euria goitik behera dala, haren azpian egon edo ibili adierazoteko. Baina euritara adlatiboa mehatz erabilia da herri-berbetan be. Eta ezagunena dan esapidea euritara egon dogu, euria egiteko trazea daukala edo antza dagoala adierazoteko.
Euri-hastea aditzen emoteko ze beste baliabide ditugu? Hara batzuk:
– Euria abiau edo abiatu. F. Arrese-Beitia poetaren ahapaldi bategaz on eginda: “Euria ebalako / barriz abiatu, / zalditik han jatsirik / gordin zan geratu” (AmaE 341).
– Euriak emon. Euria hasi, esateko. Eskolara joiazala euriak emon eutsen eta busti-busti egin ziran. Gitxi entzuten da gaur, baina gomutan dogu dantza-kopla bat, kantearen akabu modura kantetan dana: «Hauxe da despedidea, / despedida honen tristea, / denpora txarrak emonda / etxera doa jentea». Eguraldi kontuan, denpora txarrak emon edo euriak emon, paraleloak dira.
– Euria mobidu. Idatziz ez beharbada, baina berbaz ugaria herri-berbetan. Esaldi bi: Etxerantza gatozala euria mobidu eban. Eta: Sartu zaitez etxera, euria mobidu dau eta.
Adolfo Arejita