San Martinen bueltan hainbat errefrau dagoz. Eguraldiari lotuak dira batzuk: “San Martin, negue atzetik edo aurretik, gehienean bietatik” dino nafar errefrau batek (Inza). “Egiazko negua San Martinez hasten”, dino beste batek (Zavala). “Jondoni Martinez iguzki, kasu gero otsailari” dino Iparraldeko beste batek (Zavala). Eta edurren aitamena egiten dau beste batek, bertso-puntua zainduz: “San Martin, elurra gertu din” (Zavala).
Ereintzari lotuak dira beste batzuk: “Zegaitik geratu haz horren ziztrin?, itandu eutsen berakatzari behin :»San Martin aurretik enenduelako erein» erantzun eban berakatzak”. (Azkue). “Jondoni Martinez eder, ogia bota lurrer”, dino Nafarroa behereko beste batek. (Zavala)
Txarri-hiltea aitatzen dabe beste batzuk. Gaztelaniaz hain ezaguna dan “a todo cerdo le llega su San Martin” dalakoaren kide-kidea dogu euskerazko beste hau: “Ailegatuko zaio bere San Martin”. (Zavala). Bertsoaren puntua gordeten dau beste honek: “San Martin, txarria beti fin”. Eta hirugarren bat, gaztelaniazkoa, Arabako nekazari gizartean esaten dana, eta Felix Muguruzak akordauazo deuskuna: “Por San Martin, sal del cortín”, txarriari egiten jakon eskaria. “Cortín” eta “txarrikortea” gauza bera da kontizu.
Eta bestelako errefrauak be badira. Halan: “San Martin, beharrak behar eragin”, Azkue handiak behinola batu ebana. Eta akabukoz, hiru santu-izen, hiru zelebrazino-izen alkartzen dituan bat: “San Martin zerekin, Sandroman (San Erroman) harekin eta Santa Katalina berarekin”.
Adolfo Arejita
Lau haizetara