Azaroa, sartaldeko euskeran, ez dogu erabilten zemendiko hilea izendatzeko, ezpada bere jatorrizko esanguran: azaroa ez da besterik hazi aroa baino; hazia ereiteko aroa esan gura dau azaro berbeak.
Azaroa dagoala esaten dogu, lurra bigun eta umel dagoanean ortu-beharrak edo solo-beharrak egiteko: atxurren eta holan. Azarotxua daukagu edo azarotxua egiten dau dinogunean, lugintzarako aro aproposa dagoala esaten gagoz. Mungialdean ezeze, Gernikaldean be esaten da azaroa. Gipuzkoa aldean esaten dan giroa hitzaren kidea da zelanbait.
Tradizinoz on edo txar adjektiboakaz erabili izan da azaro berbea: azaro ona, azaro txarra. J. Mateo Zabala XIX. mendeko idazle eta sermoelari bilbotarraren esaldi bi aitatuko ditut berba honegaz: “Urte guztian euririk ez iñontzik izan [ikusi] eztaben lurrak lenengo zaparradeagaz azaro ona?” (I 64), “etxakuz faltako labore urria, gosetea, eguraldi ta azaro txarrak” (I 95).
Adolfo Arejita
Lau haizetara