Bietara entzuten da eta biak ontzat emon leitekez, edo bat bera be ez txartzat behintzat. Beharbada, bat hobetzat jotekotan, bigarrena bultzatuko geunke: Egon apur batEN. Itxaron momentu batEN. Baina bestetara be esaten dogu gitxi-asko: Itxaron apur bat.
Zenbat denpora zeozertan egon, emon edo itxaron esan gura dogunean, hutsik erabili geinkez izena eta bat. Halan: momentu bat, egun bat, aste bat edo urte bat. Eta honetara be bai: astebete, hilabete edo urtebete itxaron. Iparraldean eta ekialdean gehiago: une batez, egun batez, aste batez, hilabetez edo urte batez.
Denporaren gaineko itauna noiz danean, zeozer noiz gertatu dan, eta denpora-izen bat lagun hartuta emon gura dogunean, baten edo batez dira normalenak, ez bat hutsa. Behin baten edo behin batez hau edo hori gertatu zan. Egun baten edo Egun batez nora edo hara joan nintzan. Gure berbetan, lehenengoa batez be: Goiz baten, arratsalde baten, gau baten…