1. Aditz jokatuaren elipsia: ordenearen auzia
Aditza perifrastikoa danean eta aditz laguntzailerik agirian egon ez, zein ordena ditugu euskaraz hizkera edo euskalkietan barrena? Ez markaren egonlekuan datza korapilo nagusia. Eta oinarrian, ordena bi nabarmendu leitekez: ez marka aditzaren aurrean, edota aditzaren ostean.
1.1. /Partiz + EZ/ egitura
Sartaldeko euskeran, tradizinoan maiztasun gitxikoa izan bada be, berbazko erabileran, gaur egungoan, indartu egin dala eta zabal dabilela ohartu geintekez.
1.1.1. Aditz partizipio soilaz eregia: -tu markadunaz
Sartaldeko hizkeretan esan daiteke [Partiz + EZ] ordena dagoala indartsuen. Ordena honek adierazkortasun apartekoa dauka, indar berezia, alderantzizko ordenearen ikusian: /ez + Partiz/ ordena neutroagotzat jo daiteke.
Hurrengo errefrau honegaz abiatuko gara: “Putza izan ez eta uzkerra izan nahi”. Esaera-errefrauetan, egitura finko eginak diran aldetik, gramatika-marken elipsia naturala eta zaharra da. Eta honetan, esaldi bietan aditz partizipio soilaz ordezkaturik dagoz aditz biak.
Herri-berbetatik baturiko beste adibide bi. Bata: “Hari etxean irakatsi deutsien eskolea da, hartu bai eta emon ez”. Bestea: “Kalearen besteko aldean bera itxaroten, eta nik ikusi ez, ostera!”.
Tradizino klasikoaren lekukotasun ziurrak dira Mogelen hurrengo biok: “ez dot len egin dodana egingo: agindu ta kunplidu ez!” eta: “damuz topetan badau, edo agurrik egin ez, edo agur otz ta motz bat eginda irago aurrera” (Konfesino). Enfatizazino puntua islatzen dau kunplidu ez esapide horrek.
Aditz multzoak nahi izan, gura izan, behar izan tipokoak diranean be ohikoa dogu ordena hau: “Baten batek tentau ezkero, berak be askorik behar ez!”. Edo: “Norbera opaka eta ofrezka, eta inork gura ez!”
Aditz perifrasi barruan nahi, gura, behar edo beste modu-aditzen bat lagun doanean be egitura bera jagoten da. Ondoko dantza-kopla ezagun hau lekuko: “‑Txikitxu politori, / zer dozu negarrez? / ‑Aitak agindu eta / amak emon nahi ez!”. Baiezka aditz partizipio soilak ordezten dau aditz multzo osoa: agindu deust. Eta bigarren ezezkako esaldian, emon nahi + ez egitura horren azpian datzana: ez deust emon nahi. Harridura edo exklamazino-airea datza sarri horretariko elipsidun esaldien azpian: “Neuk esan egiteko, eta berak egin gura ez!”
Itaun erretorikoak formulatzen ditugunean be sarri baliatzen garan baliabidea dogu aditzaren elipsira jotea. Ezezkako hau eredugarri: “Zergaitik emon ez?”
Mende-perpaus batzuetan be erraz loratzen dan esaldia, bestetik. Osagarri-konpletiboak dira hurrengo eredu biok, aditz beraren errepikaz josiak. Bata: “Agurtu baino agurtu ez gurago (izan dau)!”. Bigarrena: “Halako kasuetan, joan baino joan ez hoba!”
1.1.2. Aspektu bururabakoa -ten atzizkidun partizipioaz
Aditz partizipio bururabakoaz eginiko honen eredukoa ondokoa dogu: /Part + -tzen + ez/.
Berbeta askotan ez da entzun be egiten egitura hau, baina Gernikaldean sarri be sarri entzuna dot, hurrengo esaldiok on egiten daben erara. Bat: “Norberak esan isiltzeko, eta inondik inora isiltzen ez bera!”. Bi: “Neuk apropos preguntau eta berak ezer be esaten ez!”. Eta hiru: “Gu berari itxaron eta itxaron eta sekula etorten ez gizona!”.
Aditzaren aspektu bururabakoa, -ten marka, agirian ipinte horrek zehaztasuna eransten deutso aspektuari, gertatzen ari dan ekintza dalakoari. Horretarako berebiziko egiturea dala esan lei.
1.1.3. Etorkizun aspektua, –ko atzizkidun partizipioaz
Nekezago erabili eta entzuten da aditz partizipio etorkizunekoa, -ko atzizkiduna, aditzaren joko-markak eliditurik diranean. Noiz edo behin bai horraitino. Eredutzat balioko leuke ondoko honek: “Neuk agindu egiteko, eta zuk ez egingo? Zelan da hori, ba?”. Gehienetan -ko etorkizun-atzizkia be eliditzeko joerea da nagusi, edozelan be: … eta zuk egin ez egin?, edo: … zuk egin ez.
Baina bada egitura bat, zeinetan normaltasunez erabilia dan: emendiozko juntadurazko egiturak diranean, eta aditzetariko batari elipsia aplikatu, orduan bai gordeten dira partizipioen aspektu-marka guztiak, gertakizunekoa barru dala. Halan: “Ez da etorri, ez etorriko, nik dakidala”.
1.2. /EZ + Partiz/ ordena
Partizipio soilaz azaleratzen dan ezezkako perpausaren ordena ez marka ezkerrean dala jostea izan da tradizinoz egitura estandar nagusia. Klasikoetara bagoaz, berau dogula ordena neutro nagusia ohartu geintekez: /ez + (…) + Partiz/ egitura. Ezeztapenak, ez markak hartzen dau aurrerengo egonlekua, aditz partizipioa atzean edo atzerago dala.
Komunztaduraz edo juxtaposizinoz juntatuak diranean esaldi bi, maiztasun handiagoz gertatzen dala dirudi ordena hau. Juntadurazkoak dira Mogelen hurrengo esaldi biok. Bata: “Bakotxak gorde bear dau bere tokia, ta ez agertu eragin soinokoz edo aoz ez dana”. Bestea: “gura dot igaro zugana daukadan jaubetasuna, ta ez kendu zure oniritxi ta maitetasunarentzat erabagita egoana” (Peru Abarka). Eta juxtaposizinozkoa dogu hurrengo hau: “Urte guztian lo galanto ta bildur baga pekatu mortalakaz; ez ikaratu eriotzeaz, ez infernuaz” (Konfesino).
Badira ingurune-kontestu batzuk, zeintzuetan ezinbestekoa dirudian ordena honek: aginte perpausetan, hatan be. Halakoetan ez hitza indartzen da foko modura. Hiru adibide. Bat: “Ez egin hori!”. Bi: “Ez esan holakorik!”. Hiru: “Ez joan hara!”. Agindutik hurrekoa, optatibo kutsukoa dogu hurrengo hau be: “Eskatuko dabe, baina ez emon!”
Beste osagai batzuk, ez eta aditz partizipioaren erdian
Ondo gogoan izan beharrekoa da, /ez + Partiz/ ordena hau gertatzen danean, zilegi dala bien erdian esaldiko beste osagai batzuk txertatzea. Bitarte horretan diran osagaiok zelanbait markatuak izan ohi dira; euron esangurea goraturik edo hanpaturik gertatzen da esaldiko beste osagaien ondoan. Aginte-perpausetan gertatzen da sarri. Berbaz ohikoak dira honetariko aginduak: Ez holakorik egin! Ez inori errurik bota. Ez hurko lagunari kalterik egin e.a.
Eta taiu horretakoa da Mogelen idatzietatik hautu dogun hurrengo aginduzko perpaus hau be: “Etxe onetakorik gaixotuten bada, ez beste barberurik billatu!” (PeruAbarka).
1.2.1. /EZ + Partiz + -ko/ eredua
Geroko aspektuaz eregia dogu, gaur liturgian be entzuten dan, baina tradizino klasikoan ondo erroturik dagoan hurrengo esaldi eredu hau: “Biziko da ta ez ilgo” (Mogel Konfesino).
2. Aditzaren elipsi osoa ezeztapenean
Esaldi tipo batzuetan, berariaz berbazko estiloa darabilgunean, mezua arin, labur eta bizi emon gura dogunean, aditza osorik ezabatzeko estrategia garatzen dogu hiztunok. Adizki jokatua eliditzeak mezuaren murriztea neurri bateraino eragiten dau, baina aditz jokatubakoa eliditzen danean, aditzaren bidezko adierazkizuna murriztea oso-osoan gertatzen da. Aditzaren elipsi osoa jazoten danean, ingurunearen bidez, aurreko eta osteko osagaien bidez sumatzen dogu aditz elidituaren ostean zer egoan.
Jo daigun hurrengo esaldi hau: “Begiratu alde guztietara eta inor ez kalean!”. Ezkutatu dan aditza, agiri izan, azaldu, egon edo euren baliokideren bat izan daiteke.
Baina aditzaren osagai nagusiak eliditu arren, ez marka agirian gelditzen da ezinbestean; aditz egituraren parte dan ez adierazpen-marka, hain zuzen.
Esaten badogu, kasurako: “Begiratu eta inor ez kalean!”. Azpian datzan aditza ez dago edo ez da agiri izan daiteke. Aditza berbara ekarri barik be ondo azpiulertzen dan esangurea. Esaldi bi eta juntagailuaz alkarturik: lehenengoa partizipio soilaz adierazoa –begiratu dot izan daiteke‑ eta bigarrena ez ezeztapen-marka soilaz adierazoa. Kontestuak argitzen dau gainerako guztia: denpora, pertsona edo aspektua.
Bigarren adibide bat: “Badakizu ze jazoten dan krisi denporan: jenteak dirurik ez gastetako”. Azpian datzan aditza daukala izan daiteke, berbaratu barik be ingurunearen bidez ulertzen dana. Ez marka da agirian daukagun bakarra. Menderakuntza osagarria, -la markaduna izan daiteke eliditutako aditza.
Komunztaduraz alkarturiko esaldietan jazo ohi da sarri elipsi modu hau. Sarritxutan, lehenengoa baiezka eta bigarrena ezezka dala.
– Emendiozko juntadurea datzala pentsa daiteke Mogelen esaldi honetan, nahiz eta ez bigarren esaldi-hasiereak aurkaritza-zentzuna be beregan dauen: “Ez naz etorri ona trago bat ezartera baiño, ta ez zure desberguenza ta burlak entzutera” (Peru Abarka). Esaldi bietan aditz bera daukagu: ez naz etorri. Bigarrenean isildu egiten da, estiloa arinduz.
– Aurkaritzazko juntadurazkotzat jo daitekez bigarren esaldi honetako aditz-elipsi biak: “Ze poza nirea, entzuten badot bizkaitarrak alkarren leian dendatuten direala erostera liburu au, ez biotza iminirik daukadalako saldu-erosietako irabazteetan, ta bai dirua aurreratuten dabenak liburu onen agermenerako, kalterik izan ez dagien, oztu ta atzeratu ez ditezan urrengoetarako!” (Konfesino). Ez marka soila agiri dan horretan, ez dinot aditza sumatu geinke azpian, eta ta bai hasten dan hurrengo esaldi horren aditza eta bai dinot izan daiteke.
Aurkaritzazko komunztadura agiriago azaltzen da baina ez markez hasten diran esaldietan: “izango da pekatu arin edo beniala, baina ez dongea” (Mogel).
Itaun-erantzun inguruneetan be sarri jazoten da elipsia bigarrenean; itaunean bertan dagoalako aditza argiro formulaturik: “Katu nabar bat zelan zuritu? Ez, Jangoikoaren milagro andi baga” (Mogel).
3. Adierazkortasun semantikoaren gomendioa
Ahozkotasunaren estiloa jagon nahi danean hartzen dau berebiziko indarra elipsi baliabide honek: antzerkian, zinean… solas edo alkarrizketa kontestuetan. Ez hainbeste, argumentu-testuetan.
Eskura daukagun baliabidea, adierazpenari indarraz eta bizitasunaz ostean, arintasuna eta laburbidea eransten deutsana.
Iturriko
2020-06-20