Bigarrena da zuzena, duda barik: Jaiokeratik bertatik. Lehenengoa erren gelditzen da, nahiz eta sarri entzun edo irakurten ditugun jaiokera bertatik horren antzekoak.
Bertan, bertatik, bertara, bertako… adberbioak dira gramatikaren aldetik, baina ez dira ez adjektiboak, ez determinatzaileeak. Halanda ze, adberbioek ohi daben modura, bakarrik osotzen dabe gramatika-unidadea, eta ez izen bategaz batera edo gramatika-unidade berean.
Non ikusi dozu? itaunari erantzuna: Han bertan edo hantxe bertan. Edo izenagaz batera: etxean bertan, eskolan bertan, tabernan bertan erantzun geinke, baina nekez esan daiteke: etxe bertan, eskola bertan edo taberna bertan. Izen bategaz batera erabili daiteken bakarra, esangura antzekoagaz, berean dogu: etxe berean, eskola beretan, taberna berean.
Nora joan zara? itaunari erantzun leio: Etxera bertara, solora bertara edo mendira bertara. Baina ez legoke zuzen esanda: Etxe bertara, solo bertara edo mendi bertara. Bai, ostera, berera erabili ezkero: Etxe berera, solo berera edo mendi berera.
Denpora kontuan be gramatika-egitura beretsua darabilgu. Noiztik ezagutzen dozu? itaunari erantzun leio: Jaiokeratik bertatik, edo nahi bada: Jaio zanetik bertatik, baina ez genduke zuzentzat joko: jaiokera bertatik.
Denpora eremuko beste esapide batzuk litzatekez: oraintxe bertan eta oindixik bertatik. Edo iraganera eroanda: orduantxe bertan eta orduxetik bertatik. Edo genitiboan: orduxe bertakoa, orduko bertakoa.