“Baten baino gehiagotan” ala “behin baino gehiagotan”, zein hobetzat jo?
Bietara dago berez ondo: behin baino sarriago edo baten baino sarriago. Berba sinonimoak dira baten eta behin, denpora kontuan darabilguzanean.
Estilo onaren aldetik, behin denpora-adberbioaren alde egingo geunke, bereziagoa eta espezifikoagoa dalako testuinguru horreetarako. Baten erabili daiteke, baina orokorragoa da, beste zeregin askotarako eta esangura askogaz be darabilguna.
Behin horregaz eregiak dira: Edo: “Behin baino gehiagotan esan deust gauza bera”. Edo: “Gaberdian behin baino sarriago jagi dira maitinak kantetan”, orain santu dan Berrio-otxoak bere amari gutunez idatzi eutsan lez. Edo: “Behin be ez zaitut hasarre ikusi”.
Eta behin horregaz saretuak dira beste hainbat lokuzino be: Behin-behinekoa, momenturakoa esateko. Behin betiko, definitiboa dala esateko. Behin edo behin, noiz edo noiz. Behingoz. Behin eta barriro, gaztelaniazko ‘una y otra vez’ esateko. Edo: Behin zati baten ez gara barriz ikusiko; denpora luzean esateko. Eta baldintza-esaldiak eregiteko be badarabilgu. Halan: “Ez daukazu birritan ikusi beharrik; behin ikusi ezkero nahikoa da”.