Azkuek harako Vizcaytik Bizkaira bere euskerazko zarzuela bati izena ipini eutsanetik, bertoko euskaldunen artean zalantza gitxi izan da toki-izen honen erroa Bizkai dala, eta Bizkaia, artikulu eta guztiko oguzkera. Lurraldearen izena: Bizkaia. Non bizi: Bizkaian. Nondik nora ibili: Bizkaitik Bizkaira. Bizkaiko zein parte: Bizkai osoa.
Beste hainbeste esan daiteke herri dantza-kopletan Matxalen Busturiko aitatzen danean, *Busturiako esaterik betiko euskaldun dan bati sekula burura be ez jatorkola, belarrian min egin barik behintzat. Maariko ezizenaz izenpetzen zituan Errose Bustintza maariar emakume idazleak Euzkadi egunkarira eta beste agerkarietara bialtzen zituan idazlan polit txukunak. Dakigula, *Maariako legezko goitizenik ez eban erabili. Nahiz eta izen-akaberako -a hori agirian egon, esaterako, honako koplan: Durangon bazkalduta / Maarian gora / aldats handia dago / San Antoniora.
Alzola Muntxaraz abade olerkariak, XVII. mendean Ondarrabiko urian frantsesen eraso bortitzari eutsi eutsan Domingo Hegiko gudalburuari, Deustuko semea bera, eta beragaitik esan ebanean Jandone Peri Deustuko batizadua zala gaur errazago ulertuko geunduke Deustuko San Pedro eleizan? hak be ez eban *Deustuako ez antzekorik aitatu, Deustuko garbi-garbia baino, eta ordurik ziur dakigu Deustuan jaio zala. Zamarripa idazle sondikoztarrak be sarri idatzi ohi eban, txorierritar peto-petoa izanda, Asuan edo Asuen hau edo bestea jazo zala, baina urlia edo berendia Asukoak zirala.
Gaur egun, ostera, bestelako haize-erauntsiek joten dabe sarritxo, bai hedabideetatik, bai administrazinotik, bai itzultzaileen artetik gramatika eta irakasle onak aparte itxita be. Batean Getariako txakolina, Getariko eta inguruetako jente askok edaten dauena. Bestean, Zumaiko herriko etxea be aspalditxo Zumaiako Udala izenaz bateatu eben. Eta Bizkai aldean be ez dira ingurugiroaren aldeko iragarki-kanpainak falta, batean Bizkaia bizia, bestean Bizkaia iraunkorra, berez Bizkai bizia edo Bizkai iraunkorra gure belarriek gozoroago entzungo leukienen lekuan. Mallabitik Ermura Trabakutik igarota joan beharrean, badira *Mallabiatik *Ermuara *Trabakutik igaro barik joaten diranak. Danetarik entzun edo irakurten da gaur egun.
Nongoa dan itaundu izan baleutsoe gure aitaginarra zanari, herriz Arratzukoa eta auzoz Barrutikoa erantzungo eukean zuzen, ez *Barrutiakoa zanik edo *Barrutiara edo *Barrutiatik datorrenik, ezetara be. Belarria adi daukanak, erraz aitzeko moduan.
Baina badira bestetara jokatzen daben ia, -ua, -oa toki-izenak be; hau da, akabuko a hori euren errokoa dabenak eta berez sekula galdu behar ez dabenak. Halan gogorazoten deusku harako: Donostiako Gaztelupeko sagarduaren goxua kantu-koplak, nahiz eta gaur egun hainbat hiztunek Donostiko Acuariuma ikusten doazela esan. Edo esaten dabenak eurak Errenteriakoak dirala lehen eta orain, lehen Ajangiz barruan eta orain Gernikaren mendean.
Arazorik latzena, azken -a guztiz galdu daben izenekin jazoten da. Zein hautatu: -a duna ala a bakoa? Ibarrangelua ala Ibarrangelu? Aulestia ala Aulesti? Berriatua ala Berriatu? Ebatzi erabatekoa emoten ez da erraz, baina hiztunen artean era zaharra oraindino bizirik dagoan kasuetan, hari eustea da ziurrena. Asko dira Forun bizi dirala dinoenak, baina badira Foruen (Foruan) bizi diranak oindinokarren. Ba eutsi deiogun Forua izenari, nahiz eta gero Forutik Gernikara edo Gernikatik Forura paseoan ibili.
Halan izan bedi.
Iturriko
2013-10-02