0. Sarrera
Asko hitza zenbatzaile kategoriakoa dogu funtsean; zenbatzaile zehaztubakoen arlokoa; batzuetan zenbakarria, eta beste batzuetan zenbakaitza. Mendi asko zenbakarria; ur asko zenbakaitza.
Baditu beste kategoria batzuetako erabilerak be. Adjektibo paperean be azaltzen da inoiz, -ak mugatzaile pluralaz hatan be, askoak eregiten dala: “Askoak eta askoak urten eben igaz urietatik oporretara”.
Esangura aldetik be, nahikoa diferenteak diran balioak beregantzen ditu han-hor-hemen. Baina barruti semantiko nagusia anitz –bizk.zahar. anitx‑ hitzaren ingurukoa dau, gazt. ‘mucho, muchos’ dalakoaren kidea.
Oraingo idatzi honetan asko zenbatzaileak nahikoa, behar adina, behar dan beste esangureari dautsan esparruaz jardungo dogu.
1. Asko izan aditz lokuzinoa
Asko da aditz lokuzinoa “nahikoa da, aski da” balioaz euskerearen eremu osoan erabili izan dala esan daiteke. Gaur urri-mehazturik egonagaitik, lehenagoan indarrean egoan hizkerarik gehienetan.
Axularren esalditxo honek darakus Iparraldeko tradizinoaren oihartzuna: “hura bera behar lizatekeasko, bekhatutan pausatzetik begiratzeko” (Gero).
Hegoaldeko hizkeretan, bai bizkaieraz, bai gipuzkeraz, tradizino idatzian zein berbazko erabileran, indarrean dago oraindino, ahulduta badago be. Lekukotasun zaharrenetarikoa bizkaieraz, RS bildumako hau: “Etsean jopua ta oillaarra, urte betean asko da. / El súdito y el gallo / en casa en año lleno harto es.” (292 znb.). Oraintsuago, ohartu gakiozan frai Bartolomeren pasarte honi: “Esaten jakoe bada onei: itsututa bitzi direala; gorputza ta odola eukitea asko dala, Adanen semea edo alabea izatea asko dala, alako okasinoian bere guraz sartuta pekatu egin bagarik ez irauteko” (Olg 181).” (Olgeeta).
Aditza pluralean dala be, gitxiagotan izan arren, erabilten da aditz lokuzinoa: asko dira, ez dira asko eredupean. Axularren araura: “desirkunde on hek berak eztira asko” (Gero). Eta sartaldeko euskeran, Mogelen araura: “Baina asko dira esanak, igarteko askoz geiago dakizula” (Peru Abarka).
2. -ik partitiboaren maiztasuna
“Asko da berbarik” eredua dogu sartaldeko berbetearen, tradizinoko idatzikoaren zein berbazkoaren egiturarik seinalagarriena. Hau da: /asko da/ + /IS-rik/, zeinetan -ik atzizki partitiboa kantidade kontzeptuari dautsan, eta ez ezeztapen-itaun kontzeptuari. Berbaz, gaztelaniaz “basta de” + IS pluralaz osaturikoen kideak sortzen dira beronen bidez, eguneroko jardunean gai batzuen inguruan ohikoak diranak, halako exklamazino modura esanda: Asko da barriketarik! Gaurkoz asko da beharrik! Asko da jaterik!
Lazarragarenean baditugu honezkero egitura honen testigantza zaharrak: “Au zuegaiti egiterako, / asko da errazoarik”. Eta oraintsuagoan Mogel dogu lekukorik ziurren eta ugarienetarikoa. Ondoko honeek, esaterako: “Asko da soiñurik!”; “Asko da lorik!”; “Asko da, Peru, esakuntzarik!”; “Asko da gaurko erakusterik!” (Peru Abarka).
Baina asko=anitz esangurako testuetan be guztiz ugaria da -ik partitiboaren presentzia, bai idatzi zaharretan, baina baita oraintsukoetan. Gogoangarria baizen adierazkorra dogu ondoko dantza-kopla honetako egitura: “Bilbon barberurik asko, / endemas Barrenkallean, / neu bere haraxe noia / buruan min dodanean”.
3. Asko da + -tea aditzizen esaldia
Aditzizen-perpaus baten buru lez agiri da sarri asko da edo ez da asko aditz lokuzinoa. Ugari samarra da egitura hau, testuen zenbatekoari ohartuta.
Mogelen aldira etorri ezkero, honen idatzietan ugari erabilirik dakusku. Hautu ditugun hurrengoetan, kasurako: “Asko da zuk esatea” (Peru Abarka), “asko da zuk agindutea (Peru Abarka), “asko da ikustea” (Peru Abarka), “Asko da batiatua izatea zeruan sartuteko?” (Konfesino 1).
Ezezkako erabilera be ugaria izan da, eta da: Ez da asko…, asko ez da… ereduko egiturak. Frai Bartolomeren esaldi bi eta Mogelen bat:
“Ta ez da asko esatea: “geldi nengoan lekuti artuta, dantzara bigiran eroan ninduen” (Olgeeta). “Ez da asko ao betean esatea, plazako naasteko dantzak abemarietan geratuten direanak, tanbolina ixilduta, usetan direan moduan edo egiten direan moduan, pekatu mortaleko okasinoe urrekoak direala, errazoiagaz probetan ez bada” (Olgeeta).
“Ez da asko bedar txarrak kendutea soloetati” (Konfesino).
Eta aditza pluralean dala: Asko dira aditz lokuzinoaz:
Asko direala eurentzat errosarioak egun batzuetan esatia, edo beste debozino laburtxuak etxean egitea” (Mogel Konfesino).
4. Asko dozu aditz lokuzinoa
Asko da aditz intransitiboa asko dozu erako alokutiboa izatera bihurtzen da batzuetan, “asko” edo “nahikoa” izate hori pertsona jakin bategaz lotzen dogunean. Batzuetan norbere buruagaz: asko dot, eta geure buruagaz: asko dogu; beste batzuetan interlokutoreagaz: asko dozu, edo gehiagogaz: asko dozue; eta azkenez, solaskide ez dan norbaitegaz edo norbaitzuekaz: asko dau, asko dabe.
Hari-harira jatorku egitura honegazkoan errefrau zahar baten esana: “Jaube bat daude asko / baratzeak eta emazteak, / ze geiago leukee gaxo” (RS 54). Edo Mogelen hurrengo biok: “buruko zorabio bat dabe asko beea jo ta bizitzea galduteko” (Ipuinak). “Berba zoro batzuk erasotea asko dabe, burua agertuteko” (Peru Abarka).
Mateo Zabalaren hurrengo hau be aditz lokuzino honen erakusgarri bikaina dogu: “Amabi errealeko zapatea asko dozuela, ogei errealekoa gura dozuelako, eta au bere politena, laster urratuteko; ogeta amar errealeko mantilla asko dozuela, irurogei edo geiagokoa gura dozuelako; modu onetan ezin asko izan soldatea.” (Bermeo).
Eta ezezkako egituran, idazle beronen hurrengo hau: “Esan gura dot, […] ez dabela asko pekatu eginen damutasuna artu ta negarrakaz leengo oker-eginak desegitea” (Irun).
5. Asko beste aditz batzukaz agiri dala
Gitxiagotan izan arren, asko zenbatzaileak bakarrean “nahikoa” esangureari eusten deutso. Hara hemen, Frai Bartolomerenetik jasoriko eredu bi hautu ditugu, aditz banakaz eta ezezka emonak:
Asko ez jakin: “Guztiak dakusela ta dantzuela egiten dira urtenera zikin atan neskeen ta mutilen artean, nok nori asko ez dakiala naastean, tokamentu loiak, oratute loiak, mosuka loiak, eskuka loiak, pekaturako konbit erabagiak, ta beste luxuriaren asmoak topau dituan ta esan legizan berdekeria altuak, klarubak ta zatarrak” (Olgeeta).
Asko gomuta izan ez: “Guztiak […] onestidadia galduteko ondo prestatuta, eskuz esku alkarri oratuta, naaste mutil biren erdian neska bat dala, noren seme edo alaba direan asko gomuta ez dabeela” (Olgeeta).
6. “Asko da ba!” harridura esaldia
Bizkaiko herri-berbeta askotatik aldendu da asko izan lokuzinoaren balio zahar hori. Baina horren ondar gisa, indarrean dirau hondino harridura-perpaus barruan ohi darabilgun Asko da…! lokuzinoa, batzuetan hitanoz: Asko dok/dona ba!. Asko da… honek gaztelaniazko “qué extraño”, “qué raro” balioa gordeten dau hainbat lekutako herri-berbetan.
Gaur egungo berbazko erabileraren erakusbide gisa aitatu lei: “Asko da gure mutila hondino etxeratu barik egotea! Ordu honetarako hemen egoten da beti”.
Asko da honenbestegaz.
Iturriko
2020-04-10