Dakienak dakiHizkuntza

Coronavirusaren inguruko hiztegitxoa

Posted on

Covid19ak ustekabean harrapatu gaitu, nahiz coronavirus izurritearen durundi-hotsak, hasieran urrunetakoak, lehengo hiletik gero eta hurrago entzuten genduzan, izurrite edo pandemia zalakoak panizurrite aitormena iristeraino, eta igarri orduko etxe barrura sartuta geunkan.

Gure Lehendakaritzak Osasun larrialdi egoera aldarrikatu eta handik laster batera Estatuko gobernuak Arrisku egoera edo Alarma egoera izatera jaso dau errege-dekretu baten bidez.

Cobid19aren eraso oldarkor hori, Europan be Italian barrena hain bortitz sartu dana, hasieran uste zan, epe motzean halako baretze edo arindura fase batera etorriko zala, baina mitigazio epe baten esperantzak putzura joan dira, egunez egun eritasun egoera larriagotu ahala. Pozak pozura, esan ohi dan moduan.

Konfinamendu eta itxialdia bihurtu dira gauetik goizera guztion egoera barria. Lehen be baziran euren borondatez basamortuan, basoan edo ermitaren baten, bakartzen ziranak, behinolako padarrak, baina gu oraingoan geure desborondatean bakartu gaitue, eta geure etxeetan barrututa, itxita egotera behartu. Baina aldi berean geure etxeak bihurtu dira orain gure borondatezko hesia, murrua, harresia, eta horrezaz sinetsita egoteko motiboak badira; etxe barrua bihurtu da, ustebako bidelapur bihurtu dan izurrite barriaren aurrean jagon gaitekezan babes hesi segurua. Konfinamendua, gure kasuan, barruratze garbia da, halabeharrezko hesiratzea zeozelan.

Ebakuazioa be entzun da, baina gizartea leku-uzte edo kanporatze batera behartzeko edo horretara helduko diran arriskurik ez ei dago. Nora leku-aldatu, baina, bestetik? Horretaraino behartuko balitz gizartea, deserritze garratz gordina litzateke hori.

Kuarentena hitza hainbat bider entzun dogu. Kuarentenatzera behartu gaitue. Oraingoz hamabost egunerako agindu dabe, baina garizumak adina iraungo dauen bildurra badago. Hitzak bere zentzu hertsian adierazten dauen berrogeizarora ailegatuko ete garan. Baina nork bermea emongo deusku, barrualdi hau, baraualdi egoeran izango ez bada be, egiazko berrogeizaro bihurtuko ete dan. Kuarentenari, denpora-epeari jagokonez, esku-soinuaren gisa luzatu eta laburtzeko aukera emongo deutsagu badaezpada be.

Izurri gaizto honek oratu ez gaizan, kutsapena saihesteko, ez geuk besteri inkau, ez bestek guri inkau ez deiskun zorigaiztoko birusa, goitik hartu diran euste neurriak nahikoa izango ez diranez gero, gutariko bakotxak hartu beharko ditu bereak badaezpada be, batez be hirurogeiz gora gagozanok.

Gogoratu daigun, 1918an Bizkaiko Foru Aldundiak artezbide zehatzak argitaratu zituala elebitara, gizartea beldur-ikaraz eukan izurri nobedadetsu horri eusteko. Izenburua: Gripe izurri-gexoa galazoteko Bilboko Osalari-Bazkunak aginduten dauzan egin-bearrak.

Azken gerratea eta gerraostea ezagutu ez dogunok geure bizian edo berebizian ahaztuko ez dogun egoera larri honegaz batera, euskerazko berba batzuk be, errepikatu izanaren puruz, ez dogu ahaztuko ziurrik.

Hainbeste ekitaldi bertanbehera itxi edo geratu dirala, eta gitxi batzuei baino ez jakela eutsi bere hartan edo bere horretan.

-KADA atzizkiak neurri-atzizki moduan daukan indarra be gogora etorri jaku, ikusirik zenbat jente hurreratu dan larrialdi egoera honen lehen egunotan super- eta hipermerkatuetara, poltsak edo zaku txikiak hartuta,etxerako osteran poltsakadak eta zakukadak esku bietan dakarrezala, saltegietako apalategietan diranak eta ez diranak husturik ixten dabezala, dendatik urteterakoan gurditxokada generoa banan-banan ordaindu ondoren.

Infekzio edo kutsadura guneak zein diran noraezean itsumustuan ibili beharra.

Inguruko edonori metro eta erditik honuntz ondora ez etortzeko, ez arrimatzeko eskaria.

Eskuak sarri garbitzea eta ondo igurztea dira burura jatorkuzan agindu zorrotzak. Eta ahoa eta musuak estaltzeko, maskaratxoz urri gabilzanez, tapaukak erabili beharko ditugu ordez, edo besterik ezean, ganaduei eta txakurrei ipinten jakezan mozal, muturreko edo zurdapalez baliatu beharko gara.

Ospitaleek, kutsatuen etorrerarekin, gainezka egingo daben eta geldiaraziko ete diran bildurra, beste hitzez kolapsoa.

Eta amaitzeko. Etxean egonaren egonaz, lehen kanpozulo izan diranak be etxezulo egiteko joera erne daiteke, edo okerrago dana, ohezulo bihurtzeko nagikeriaren handiz. Eta guraso eta seme-alaba txikien artean be, gurasoak umezulo bihurtzeko, edota umeak be aitazulo eta amazulo egiteko gehiegikerian jausteko.

Adolfo Arejita

2020-03-16