Dakienak dakiHizkuntza

Aditz partizipioak izen kategoriako diranean

Posted on

“Edertua emango lioke txapelketa batek bertsolaritzari”

Aurkezpena

Aditz partizipiotzat izentauko ditugu oinarrian -TU eredukoak; hau da, aditz jokatubako burutuak, aspektu burutudunak edo perfektiboak, eta bazter itxiko ditugu -TEN eredukoak, aditz jokatubako bururagabeak, aspektu inperfektoa dabenak.

Aditz jokatua perifrasi bidez eregiten danean, /aditz jokatubakoa + adizki laguntzailea/ eredukoa, ereduetariko bat partizipio burutuagazkoa da: joan dira, ikusi ditu, nekatu gara.

Eta bada beste eredu bat be, partizipio burutuaren gainean eregiten dana, etorkizunekoa: ibiliko dira, esango dabe, galduko da.

Baina aditz partizipioak jokatu bako kontestuetan eta paper sintaktikoetan be sarri agiri dira.

– Mende-perpaus partizipiozkoak dira konplexuenak. Hau da, aditz partizipioa determinatzailez eta funtzino-markaz agiri danekoa, baina bere inguruan perpaus oso bat bilbatzen dala: “Damu dot Jauna, bihotz guztirik, zu nahigabetu izana” garizuma-kantu ezagunaren hasierako bertso-lerroa.

– Adjektibo kategoriaren ordeak betetzen dituala aditz partizipioak: “Seme galdua. Merkatu barritua”.

– Izen kategoriaren lekua beteten: Izana. Esana. Egona. Azkenengo puntu honi helduko deutsagu idatzi honetan.

1. Izen modura lexikalizaturiko aditz partizipioak

Asko dira, egituraz aditz partizipio gardenak izanik, eta gehienetan edo ia beti aditz modura be jokaturik, izen sustantibo nortasun finkoa jadetsi daben aditz burutuak, -tu tipokoak, izen lez egonkortu eta finkotu diranak. Honakoak hautu ditugu, azpian sailkaturik.

a) Badira batzuk, aditz joko barruan baino izen lez nortasun sendoagoa erakutsi dabenak. Halangoak dira:

Atsedena, aditz legez ia erabilerea galdu dauen hitza: atsedena hartu askoz erabiliagoa da atsedengo dot aditza baino. Klasikoetan bien bizikidetza egoan: «Bide luzeren baten sartu danak atseren bear dau zerbait, ta atseren au ez da bidea largatea, ta bai indar ta arnasa artutea aurrera ibilteko gogo barriagaz.» (Konfesino Ona).

Ekandua, ‘usadio, ohitura’ esanguraz: ekandu zaharrak e.a. Halanda be, aditz balioa gordeten dau ‘egokitu, bertakotu’ esanguraz: Gizona ondo ekandu zan emazte barriaren herrira.

Erauntsi (kolpe, haize-erauntsi).

Gatzatua, ‘mamia’ adierazoteko.

Ikuzi aditz zaharra, gaur egun hondino iguzi, igutzi itxurapean dirauena. Aditz lez askoren erabileratik aldendua da, baina izen lez ez beti: “Platerari kanpotik ikutzi bat emon” batu eban Azkuek Orozkon, “fregar ligeramente” itzuliaz.

b) Badira beste batzuk erdiz erdi jokatzen dabenak, behin izen modura, behin aditz modura. Honeexek dirala esan daiteke ugarienak. Hatarikoak dira:

Agindu. Aditz lez: Joateko agindu deutso. Izen modura: Zure aginduek niri bost ardura!Agindua bat, emona bi; aginduaz konformau hadi” (errefraua).

Etorri. Aditz lez: Badatoz. Edo: Medikua etorten jako egunero. Izen modura, batzuetan irudimen edo hitz-jario kontuan: Etorri handiko gizona. Edo: Harek dauka etorria. Ez da isiltzen!.Beste batzuetan ondasun edo irabazi kontuan: Etxe horretan etorri handiak sartzen dira.

Handitu. Aditz lez: Burua handitu eta gorputza txikitu jako aspaldion. Izen lez: Itzelezko handituak urten deutso bekokian.

Ikutu. Aditz modura: Ez niri ikutu! Eta izen modura: Ikuturik be ez deutso egin!

Igurtzi aditza dogu bietara maiztasunez jokatzen dauenetarikoa.

Jardun. Aditz modura, jardun dau, dihardu legezko adizkiak dituana, eta izen modura sarri erabilia: Etenbako jarduna.

c) Baina asko eta asko dira, aditz kategoriaz nagusiro jokatzen dabenak, eta batzu-batzuetan izen kategoriara moldatzen diranak, bigarren mailako kategoria lez. Halakotzat jo daitekez:

Agertu: bisita, ikustaldia. “agertu bat egiozu sikeran ama zaharrari, poz apur bat hartu daian».

Begiratu, begitu aditz lez ohikoa dan moduan, izen modura be agiri da batzuetan: «Begiratu bat egitea nahikoa, jente guztiak lotsea eta errespetua gorde daian».

Ekarri, izan leitekela diru-ekarri kontuan, edo erreken ur-ekarri kontuan, edo bestelakoetan. Uraren jario edo emoia da gai hurrengo honetan: «Erreka horrek ekarri handia dauka urte guztian».

Ekin. Aditz lez ugaria: Gogotik ekin deutso kantetan. Eta izen lez, batez be berbaz: Ekina gogorra da” esan ohi da. “Haren ekinak ez dauka akaburik”. Eta Mogelen idatzian: “Soldautegia nagi, burugin ta lepozalea bada, irauntsi, jardun ta ekin guztiakaz leena geratuko da, ta igituko ez da ezertara” (Peru Abarka).

Eskaini. Saleroste kontestuan Kardaberazek darabilen ondokoa: «Zer eskeini degu au, edo nork egin digu?».

Heldu. Dantza-kopla batek dinoan lez: “Musu ematen nion / heldu bakoitzean”.

Ikasi, izen lez gitxitan erabilia: Ikasi gitxiko gizona.

Itzuli: Euskal Herriko Itzulia.

Osatu: “Honelako zauriek osatua daukie” (Arantzazun entzuna).

d) Azkenez badira aditz batzuk, izen modura darabilguzanean itxura berezia hartzen dabenak. Ebagi (edo ebai) aditza izen modura darabilgunean epai bat esan ohi da.

2. Partizipio konposatuak izen kategorian

Partizipioen papera izen kategorian hainbat indartsuagoa da, egitura alkartuaz agiri diranean. Izan be, alkarketa sisteman sartueran, aditz partizipioek osoro galtzen dabe aditz kategoria lez esaldian bete ohi daben papera.

Alkarketa hori gauzatzeko orduan eredu bat baino gehiago dira. Hara nagusiak:

– Joan-etorri eredua

Hauxe dogu eredurik gardenena, emendiozko juntaduraren eginkizuna beteten dauen aditz partizipioen artekoa: hartu-emon hitz alkartuaren azpian dagoan juntadurea hartu eta emon da. Baina behin juntadurea gauzatu ezkero eta juntagailuaren elipsi bidez, ondorio lez dakarren kategoria bakarra izenarena da, ez aditzarena. Hartu-emon handia daukagu esan daiteke, baina ez ezelan be: Asko *hartu-emoten deutsagu alkarri.

Maiztasun handiko partizipio juntatuen artean aitatu leiz: jan-edanak, joan-etorriak, kendu-ipini(ko erropak), saldu-erosia, sartu-urtena… Badira bitxiagoak edo bakanagoak gertatzen diran batzuk be. Edo leku batzuetan ohikoak izanik, beste hizkera batzuetan edo eremu horretatik kanpora ohiko ez diranak: batu-banatuak esaten da sartaldean, “nonzebarri” dabilen jenteak bolo-bolo, batera eta betera darabilzan autuakaitik. Ibarrangeluko lekukotasun bi: «Honek dakiz herriko batu-matu danak». «Batu-matuak batzen dago» (Domingo Zuluaga). Bildu-banatu esan ohi da gipuzkeraz.

Tipo honetako partizipio alkartuok mugatzaile singularraz, -a mugatzaileaz, erabili izan dira askoz gehiago pluralean baino. Halan: Hartuemona daukagu hareekaz. Ateetan geratu barik, sartu-urten bat egizu sikeran, kafetxu bat hartzeko. Urteen joan-etorriak ez dauka akaburik. Baina horrek ez dau esan gura -ak pluralaz erabili ezin diranik. Konposatu batzuk, gainera, plural joera handiagoa dabe, esangureak berak eraginda. Halan: Galdu-irabazien kontu zehatza. Saldu-erosietako irabaziak. Apostoluen esan-eginak.

Adibideotatik erraz igarten da aditz partizipio alkartuok esanguraz antonimoak ohi dirala gehienetan. Gorago aitatu dan hartu eta emon, edota galdu eta irabazi. Mogelen pasarte bat: “Merkatari batek ateraten ditu bere artu-emon ta galdu-irabazien kontuak, biotza beti daukala itxasirik ezagututean, zelan urtengo daben” (Konfesino ona). Idazle beraren bigarren pasarte bat, izen alkarketa hirukotxaren jabe dana, zeinen osaera begi batetik eta itxi-edegi bestetik daukana: “Begi itxi-edegi bateko ikustea geiago da ikasteko, berba luzeen jarduna ta ekina baino” (Peru Abarka).

Izen alkartu honeetariko batzuk adizlagun funtzinoz erabilirik agiri dira sarritan, berariaz -an inesiboaz: galdu-gordean, gorde-agirian, jan-edanean, hartu-emonean edo eroan-ekarria dira adibide gardenak.

– Artxo-jana eredua. /Izen + Partizipio/ egituraz eratua.

Eredu honen araberakoak dira jo aditzaz eregiak diran batzuk:

Jo aditzaz, ar-joa, sator-joa, edo untze-joa.

Jan aditzaz be, artxo-jana ohi dogun moduan esan daiteke: arkume-jana, bildots-jana, ahume- edo antxume-jana, zikiro-jana eta bide beretik beste hainbat generotako jakiak erabilirik.

Ekarri eta etorri aditzak erabilirik, berariaz -an inesiboan, ditugu: berba ekarrian eta berba-etorrian berba ekarri, berba etorri alkarketak bide dirala‑, aditzen emoteko berbaz-berbaz, berbetan egon ahala, bide batez, gai bat edo bestea aitatzen daneko ingurunea adierazoteko.

Hitz-aspertua dogu eredu honetako beste adibide on bat: “Hitz-aspertu bat egin ondoren, guztiok etxeratu ginan”.

Eredu honetakoa dogu herri-osagintzan hain ezaguna dogun zan-tiratua osotzeko andra osagileen erremedioa be, honako errezitaduagaz: “Zantiratu, zan-urratu, zana bere lekuan sartu”.

Garbikuzia, /garbi(tu) + ikuzi/ eredua berezia da; geminatu semantikoen ereduko alkarketa dogu esangura aldetik. Aditz partizipio birena egituraren aldetik. Ikuzi aditza bere esangura zabalean zaharkitu den bitartean, izen-konposatu modura indarrean dago. Bizkaieraren sartaldean hondino be zabal dabil “limpieza general” esangureaz: “Etxeari garbikuzi on bat emon behar jako, bisitak hasi baino lehen”. Azkuek esangura-eremu bereziagoaz batu eban: “Limpieza y lavado. Se dice de la limpieza y aseo que ofrecían los amos además del sueldo y manutención”.

Oker-aditua ereduko alkarketan bestelako funtzino-alkartzea dogu: oker adberbioa eta aditu aditza, ondorioz izen bat sortzen dala. Halan: “Oker-aiturik edo txarto-ulerturik egon ez dadin, zuzen eta gordin azalduko dot esan beharrekoa”.

3. Partizipio-izenen ingurukoak

– Determinatzaileak

Izen kategoria oso-osoan hartzen dabenean, partizipioak gai dira edozein determinatzaile hartzeko; izen kategorien modu-moduan.

Oinarrizko determinatzaileak -a eta -ak dira. Gelditu aditzaren gainean eregia da, futbolean hain sarri entzuten dan eta atezainak egiten dauen gelditua. Singularrez: “Ha zelako gelditua egin dauen!”, esatari baten esanean. Pluralez: “Igurtziak egidazuz sorbaldan, gogortuta daukat eta” (Gernikaldean entzuna).

Bat edo batzuk det. zenbatzailea dogu horreetariko beste bat. Irakin aditzaz irakin bat edo batzuk darakarguz: Emoiozu irakin bat lapikoari, mahaira atera baino lehen. Estutu aditzaz: “izugarrizko antxitxiketan erten zion bidera Juan Andresi, eta estutu batzuk eman ondoren, oihuka eta losinka, eutsika eta bultzaka, lagundu zion mutilari etxeraino” (Dom.Agirre Garoa).

– Adjektiboa lagun dauela dogu bigarren aukera bat. Usigi (ausiki) aditz-izenaz eregia da: “Txakur handiak usigi handia” errefraua (Orozkon jasoa). Bertso-kanta baten izena da estutu ondoko atalean: “Estutu onak eman zizkion zahatoari” (Kupela).

– Kasu-marka askotarikoak gerta leitekez testuinguruan. Halan, ablatiboan dogu egosi hurrengoan: “Emok arloteari egositi, eska dakidik errekiti” (Oihenart Atsotitzak 514).

4. Ekintzaren aspektu burutua

Ekintzaren beraren adierazle danean partizipioa, gaztelaniazko “el hecho de haber” + “participio” egituraren baliokidea izan ohi da. Kasu horretan, etorria dalakoaren ordez etorri izana ipini leiteke; edo emona dalakoaren lekuan emon izana, edo egona dalakoaren lekuan egon izana.

Aditz partizipioak emoten dauan ekintza-ikuspegia aspektu burutuarena izan ohi da, jazotako edo gertaturiko ekintza batena. “Bertso-txapelketa batek edertu ederra emango lioke bertsolaritzari”, entzun neutsan behinola giputz eskolatu bati, artean bertso-txapelketarik egiten ez zan aldi baten.

“Pintada” zelan euskeraz esan aurkeztu jakun oraintsuan hedabideetan. Pintaketa, pintaldi edo pintatze hitzek ez eben adierazoten bere osoan, antza, gaztelaniazko izen horren esangurea, eta pintatu akordau jakun. Egoki begitantzen jaku esatea, pintatuak agertu dirala kaleetako hormetan.

Mogelek itaun erretoriko hau egiten dau bere dotrina liburutxo baten: “Etorkizunak noiz egingo dira etorriak?” (Konfesino). Etorri aditzaren lehen eratorriak aspektu futuroa markatzen dau; bigarrenak, partizipio-izenak, aspektu perfektoa, burutua.

5. Adjektibo edo erlatiboko egituraren lekuan aditz partizipioa

Aditz partizipioa, saldu edo galdu berbarako, erlatiboko perpaus baten ordezko danean, hau da, -riko edo -tako atzizkidun partizipioen baliokide danean, egiteko eta esangura berezia hartzen dau, izen sustantibo diranetatik diferentea.

Saldua, saldutakoa danean, erlatiboko egiturea daukagu azpian, gaztelaniaz “lo que se ha vendido”. Saldua, saltzea danean, edo zehatzago esanda, saldu izana danean, egitura konpletibo bat daukagu azpian, gazt. “el hecho de haber vendido”.

Aditz partizipioak kategoria nominal gisa darabilguzanean, askoz errendimentu handiagoa ohi dabe saldua=saldutakoa tipokoek, saldua=saltzea tipokoek baino.

Errefrau bidez argiratu dogu aditz partizipioaren balio hau. Lehenengoa: “Saldua, galdua”, hau da, saldu dana, saldutakoa dogu batetik eta galdu dana, galdutakoa bestetik.Bigarrena: “Agindua bat eta emona bi. Aginduaz konformau hadi”. Honetan be, agindu dana, agindutakoa daukagu batetik eta emon dana, emondakoa bestetik.

Maiztasun handiko aditz izenduak dira esan eta egin be.“Zure esanak ez dau txakurtxiki bat be balio. Eginak dira hemen benetan balio dabenak”. Mogelen esaldi bat ekarrita: “Jainkoari bere egin guztien kontu zeatza emotera” (Krist. Erakuspena).

Gai honek hari luzea daukan ezkero, hurrengorako itxiko dogu luzatzea, honenbestegaz askotzat emonaz.

Iturriko

2020-03-12