Jokera handiegia daukagu nire, zure, bere eta horretarikoak erabilteko, behar ez dala, eta horretarako jokerarik ez dala euskal hiztunon artean. Erderaren eragina dala esan daiteke, gero eta gehiago entzutea: nire ama, nire ahiztea, zure lehengusinea, beraren/bere gurasoak… Soka horretakoa dala uste dot Nire bikoteak eta biok badaukagu apartamentu txiki bat Asturiasen esaldiko Nire bikoteak hori, hau da, “mi pareja” esateko.
Kontestuak argitzen dauenean nogazko hartuemona adierazo gura dogun, ez dago horren beharrizanik. Amak dino etxera joateko, nahiko esaterik da, zure amak esaten ibili barik. Ahiztea, ahizta zaharrena, neba gazteena esatea nahiko da, nire ahiztea, nire nebea edo nire anaia esateko premina barik.
Goiko esaldira joanda. Mutila bada hiztuna: Neska-lagunak eta biok apartamentu txiki bat daukagu Asturiasen. Eta neskatilea bada hiztuna: Mutil-lagunak eta biok…
Nire bikoteak esaten badot, lagun bi ditudala gitxienez esaten nago. Bikotea, oker ez banago, bikoa da, laukotea, laukoa dan moduan. “Mi pareja” esateko, bikotekidea be entzuten da batzuetan. Hobeto dago aurrekoa baino. Baina zegaitik ez: laguna, huts-hutsik, edo mutil- edo neska-laguna?
Dantza-kopla ezagun bat bada, dinoana: “Amorebietako bizi-alargunak, bakarrik egon barik barik, hartuizu laguna”.
Neskatila bati be auzoko atso batek holantxe itandu eutsan, luzaroetan mutil-lagunagaz paseoan ikusi eta ostean, halango baten neska-lagunakaz ikusi ebanean: “Zu, Katalin, laguna non dozu ba?”.