Dakienak dakiHizkuntza

ASKOZ gehiAGO, EZIN HOBETO, HAINBAT HOBEA, ZENBAT ederrAGOA ereduko -AGO graduatzeak

Posted on

1. -AGO graduatzailea zein kategoriaz darabilgun

Beste atzizki graduatzaileak, -en eta -egi, erabilten diran kategoria beretsuakaz buztartu ohi da -ago konparatze-atzizkia be. Halanda ze, beste atzizki graduatzaileez esandakoak balio dau, zertzeladak gorabehera, -ago atzizkiarentzat be.

Baina hiru atzizki graduatzaileen artean -ago dogu gailen, bai erabileraz, bai esanguraz eta bai kontestuz. Izan be, konparantza egiten dogunik gehienetan unidade biren edo multzo biren artean egin ohi dogu, zein baino zein gehiago dan adierazoteko.

– Adjektiboa ohi da kategoriarik ugariena: handiagoa, zabalagoa, lodiagoa. Izan be, adjektiboa dogu hizkuntzak daukan hitz kategoriarik berezkoena, ajutuena, kualidadea eta kualidade-neurria adierazoteko.

Aditz partizipioak be sail honetan barrutuko gendukez, edota adberbioenean. Halan: Edanago eta galduago.

– Adberbioa dogu bigarren kategoria nagusia -ago graduatzaileaz.

a) Denpora-eremukoetatik abiatuko gara: Gero > geroago. Lehen > lehenago. Berandu > beranduago. Goiz > goizago. Orain adberbioak be ezaguna dau orainago era graduatua, orainengo adnominala dauen legetxe. Baina baita orainago adberbioa be. (OEH. Mogel). Eta oraintsu edo hontsu aproximatiboen kasuan gardenago azaltzen dana: oraintsuago, hontsuago.

b) Leku-adberbioen artean: adlatibo soilak: honago, harago, horrago; ad. indartuak: honatxoago, horratxoago, haratxoago; eta adlatibo noranzkoak:  honantzago, horrantzago, harantzago.

c) Modalidadearen eremua da ugariena. Askotariko hitzak batzen dira multzo honetan, eta asko adjektibo kategoriatik datozanak. Halan: Artez > artezago. Oker > okerrago. Geldiro > geldiroago. Ederto > edertoago. Suabe > suabeago e.a. Txarto adberbioak txartoago edo txarrago erak, biak onartzen ditu.

Hobeto irregularrak onartzen dau hobetoago erea be.

Zenbatzaile gitxi batzuk be badira graduatze-sisteman eraz sartzen diranak: Asko > gehiago eta gitxi > gitxiago dira ohikoak.

Nahi izan, gura izan, behar izan aditz multzoak be, aditz modalez eregitakoak, -ago graduatzailea erraz onartzen dabe: nahiago, gurago, beharrago, -en graduatzailea be onartzen daben legetxe. Idatzizko lekukotasunak: «Naiago dot, ‘To’ bat, ze amabi ‘emon deiat'» (errefraua. RS 112). «Nik gurago dot edan bidriozko kopa onetati, ze beste taza guztietati» (Mikoleta).

2. Adjektibo graduatua daben sintagmen sintaxi berezitasunak

– Mugatzailearen ezabatzea dogu -ago atzizkidun adjektibo-sintagmen maiztasunezko ezaugarrietariko bat. Aditz multzo jakin batzuek erakusten dabe garbiro mugatzailearen galeraren joerea -ago graduatzaileaz agiri diranean.

Ona da (ona izan) aditz multzoaren era graduatua sarri hobe izan (edo hoba izan) dogu: «Hobe da norbera bila joan, eurak etorteari itxaroten egon baino».

Gatxa izan aditz multzoaren era graduatua gatxago izan da hainbat hizkeratan. Halan: «Gatxago da partidua guk aurkarien etxean irabaztea, geure zelaian baino».

Txarra izan aditz multzoaren era graduatutzat txarrago izan daukagu sarritan: «Askoz txarrago da eurek guri kalte egin deiguen, geuk eurei egitea baino».

3.  Aurre-marka indargarriak

Adjektibo, zenbatzaile edo adberbio bat –ago markaz konparatze-egitura bihurtzen danean, -en markeagaz jazoten zan antzera, aurre-marka batez lagundurik eta indarturik egon daiteke. Aurre-marka hori ez da ezinbestekoa, derrigorrez agertu beharrekoa, hautazkoa baino. Adierazpen-preminen arabera kendu-ipinikoa.

Salbuespen nagusiak, osterago ikusiko ditugun baino lotura-hitzaz eregitako egitura konplexuak eta egitura banakatzaileak dira. Eta kasu biotan arrazoi bereziak dagoz, aurre-markak beharrezko gerta daitezan.

Ezagunenak aitatu eta zehaztera mugatuko dogu azalpena.

3.1. Askoz, askozaz + -ago eta zenbatekoaz loturiko beste egiturak

Aldaera nagusiak askoz eta askozaz dira, baina askotaz be entzuten da. Askoz dogu orokorrena. Askozaz sartaldean dago indarrean, lehen zein gaur. Askotaz erabilgunez murritzagoa da. Batzuetan be lokailua ohi daroa atzetik lagun: asko be, askoz be, askozaz be, askotaz be. Lokailu horrek aurre-markea eta -agodun sintagma graduatua lotzeko, hobeto alkartzeko, zeregina ohi dauka.

Sakonean eduki biren arteko konparaketa datza. Askoz politagoa da dinogun bakotxean, zer baino (politagoa) datza azpian, agirian azaldu zein ez. Jake horren kolorea askoz biziagoa da [hor dagozan besteena baino]. Gure autoa asko be hobe da [beste edozein baino].

Konparaketari zer eransten deutso aurre-marka honek? Askoz, askozaz ‑edo euren lekuan agiri diran beste aurre-markak orohar‑ adizlagun egiturako graduatzaileak dira oinarrian, politAGO kualitate-izaeraren konparatze-maila handiagotzen dabenak.

Berau onartzen daben kategoria nagusiak:

– Adjektiboak ohi dira sarri. Gehienetan mugatzaileaz: Askoz hobea. Askozaz ugariagoa. “Askotaz gozoagoak izango jatzuz etxean daukadazan kume biak(F.Bilbao Ipuin-barreka).

Baina adjektibo predikatiboak, izan aditzaz sintagma eginik eta -ago atzizkiaz graduaturik, mugatzaile barik azaltzen dira sarritan, bai tradizino idatzian, baita gaurko erabileran be. Halan:

– Adberbioen graduatzaile gisa azaltzen da sarri. Batzuetan denpora eremuan: Askoz lehenago. Asko be arinago. Askozaz geroago. Askoz beranduago. Askoz aurreragoko kontuak. Sarritan moduaren eremukoak. Askoz hobeto. Asko be txarrago. Leku-eremukoak lirateke: Askoz hurrago. Askozaz urrunago. Asko be honantzago. Asko be harantzago.

– Zenbatzaile graduatuen aurre-lagun gisa be agiri da batzuetan: Askoz gehiago. Asko be gitxiago.

Eta ez gitxitan nahiago, gurago, beharrago tipoko modalekin: askoz nahiago, asko be gurago, askoz beharrago.

3.2. Ezin + -ago egitura

Konparaketaren gorengo gradura ohi daroa hitz konparagaiaren aurrean ezin ipinteak. Aurrekoa baino bakanago erabilia da. Izan be ha baino markatuagoa dogu ezin.

Hitz kategoria diferenteakaz erabilia da:

Adjektiboakaz. Batzuetan sintagman bakarrik agiri dala: Ezin handiagoa. Ezin hobea. Ezin ederragoa. Ezin gogorragoa. Beste batzuetan izen-adjektibo sintagma baten barruan: Poz ezin handiagoa. Ume ezin formalagoa. Gizon ezin aberatsagoa. Klasikoen ildoan, Mogelek: “Erakeria ta arrotasun ezin andiagoa da” (Konfesio ta komunioko). Eta Agirre Asteasukok: “Gure ongille ezin andiagoa” (Erakusaldiak III).

Izenlagun bihurturik be erabilia da, -ko atzizkiaren bidez, erdialdeko eta ekialdeko hizkeretan berariaz. Iztuetaren hitzez: “Beste ditxa bat ezin andiagokoa” (Kondaira). Bilintx donostiarrarenez: “ezin handiagoko oinaze ta penak”. Edo Damaso Inzarenez: “Jaun ezin haundiagoko batekin hitz egitera” (Azalpena).

Adberbioakaz: Ezin hobeto (gagoz). Ezin okerrago (bizi ziran). Edo klasiko baten hitzak harturik: “Beren zaldiei esproinak sartu ta bazijoazen alde batekoak besteetara ezin biziroago” (S. Mendiburu IArg).

Zenbatzaileetan, batez be: Ezin gehiago. Ezin gehiagoko eredukoak.

3.3. Hainbat + -ago ereduko egiturak

Bai hainbat eta bai zenbat egitura banatzaile edo distributiboen osagai alkarregazkoak izan ohi dira sarri edo gehienetan. Baina oraingo idatzi honetan banan agiri diraneko egiturak ditugu aztergai, banatzaile-eredukoak hurrengo baterako lagata.

Hainbat soilik erabilita edo hainbat eta, juntagailuaz indartuta, bietara agiri ohi da -ago atzizkidun sintagma graduatuen aurretik. Beronen gradu-indarra ez da aurreko biak baizen markatua. Graduatzearen barruan leunagoa da hainbat, aurreko askoz eta ezin diran baino.

Adjektiboakaz: Hainbat hobea.

Adberbioakaz:  Hainbat hobeto. Hainbat txarrago.

Zenbatzaileakaz: Hainbat gitxiago.

Gura, nahi eredukoakaz. Hainbat gurago. Hainbat nahiago.

3.4. Zenbat + -ago ereduko egiturak

Mende-perpaus egiturea izaten dabe zenbat galdetzaileaz eregitako esaldiok, aditz jokatuari -n atzizkia dautsala. Harridurazko edo itaun erretoriko zentzuko esaldiak garatu ohi dira. Ingurune horretan sortzen diran perpaus moduak izan ohi dira.

Mogelen hurrengo pasarte biotan dira ezagun dinoguzanak: “O azeri zorionekoa! Eta zeinbat dontsuagoa azan ni baiño! Orra zetara jo dabeen nire jan, lo ta bizitza onak!” (Peru Abarka). “mundukoen pagu gaiztotik gogoratu eragiten deutsanean, zeinbat maitatzaille obea dan Jaungoikoa, zenbat obeak direan bere serbitzarientzat daukazan sariak, zenbat bake geiago arkituten dabeen garbiro bizi direanak” (Konfesino ona).

3.5. Egitura banatzaile barruan

Egitura progresiboak dira banakaritza egiturako honeek.

* Aurre-markarik agiri ez dala: -ago + -ago egitura.

Sintagma graduatuak egitura banatzaileaz eregiten diran kasuan, aurre-marka barik buztartzeko eredua dogu euskeraz zaharrena. Eta egitura honen lekukotasunik garbienak sartaldeko euskal errefrau zaharretan ditugu.

Baina egitura zahar hori gaur egun be indarrean eta bizirik dago hondino, berariaz herri-berbetan. Guztiz ezaguna dogu gaurko hiztunok ondoko atsotitz moduko hau: «Zaharrago eta txarrago«.

Eta XVI-XVII. mendeetako errefrauetara jo ezkero, hara eredu hautatu batzuk.

Garibairen errefrauetatik: «Por los que están temerosos de cumplirseles los plazos de las cosas que no pueden cumplir, dicen: <Sareak urrago, arraika estuago>. Cuanto más cerca las redes, tanto más apretados los peces»» (A 17).

Isastik bere errefrau-bildumatxoan beste hau dakar: «Zura beraago, arra barrenago. / La madera cuanto más blanda, el gusano más adentro» (22).

Eta hirugarrengoz, RS bildumako bat: «Beien erroa, jatxiago, luzeago. / La teta de la vaca, ordeñada, más larga.» /8).

* Zenbat … ago, hainbat …ago eredua.

Testu zaharrenetan zenbat / hainbat aurre-markez eregitako egitura banatzaileetan ez da txertatu izan eta juntagailua marka-indargarritzat.

Lazarragaren honetan da ezagun joera hori: «Amore dulzearen ardurea, / zeinbat dodan probadu gutxiago, / ainbat iruditzen jat dulzeago.».

Eta askoz oraintsuago be, eta barik eregitako egiturak, edota esaldi batean bai eta bestean ez daukien egitura banatzaileak guztiz ohikoak izan dira. Halan, Mateo Zabalaren azpiko ereduotan, lehen osagaiak zeinbat soila dogu eta bigarrenean ainbat eta indartua: “zeinbat garbituago, ainbat eta zikin geiago” (Irun), “zeinbat aziago [andiago], ainbat eta gurasoaganik aldeago ta urrunago” (Irun).

– Zenbat eta -ago, orduan eta -ago.

Egitura hauxe da banatzaileen artean gaur egun nagusi dana, aurre-marka biak, zenbathainbat juntagailuaz indarturik dagoanekoa. Baina ahozkotasunean dauen indarra ez da gauetik goizera sortu. Klasikoetatik jatorku honen errastua. Orduxetik doa garatzen eta hedatzen egitura hau: zenbat eta … -ago, hainbat eta … -ago.

Horren lekuko agiria dogu Mogel idazlea: “zeinbat eta zu zarrago, ainbat eta ederrago” (Ipuinak). Edo Pedro Astarloa osteratxoago: “zenbat eta astunagoak zirean esaten eutsezan errazoiak, ainbat eta erreagoa  zan eurakganako erakusten eban amodioa; zenbat eta zitalagoak zirean egiten eutsezan txatxarkeriak, ainbat eta alegin geiago egiten eban, zeruko bidetik eurak arteztuteko” (Urteko domeka I).

Graduatzaileon matasako haria luzea bada be, oraingoz zehaztutako puntuotara mugatuko dogu jarduna, hurrrengo ekinaldi baten jarraitzeko usteaz.

Iturriko

2020-02-13