0. Aurkezpena
Erabilera oker bat ointzat harturik abiatu naz artikulu hau idaztera. Ez dakit irakurri edo entzun izan dodan esaldi honen antzeko edo moduko bat zio dala: “*Ahalik eta gehiago euskaraz berba egiten saiatu behar gara, belaunaldien arteko transmisinoa bultzatzeko”.
Ahalik eta aurre-markaz indarturiko konparatze-egitura bat, baina konparagarria gehiEN izan beharrekoan, gehiAGO dala. Konparaketa-graduen eta konparaketa-egituren nahaste gurutzatua genkusan esaldi horretan. Batetik ahalik eta gehien eredua eta bestetik, hainbat eta gehiago edo hurrekoa izan leitekena.
Hiztun ohitu batentzat arraro eta bitxia (eta ez normala) dan egitura bat garatu da, segurutik, hizkuntzaren ikaste-prozesuan gertaturiko oker-ulertu edo oker-gurutzatze baten erruz.
Idatzi honen helburua -EN atzizki konparatzailea daroan sintagma edo adizlaguna indartzeko erabili ohi diran egitura-baliabide behinenen argibidea emotea da, -ago konparagarridunen arloa hurrengo baterako lagata.
1. –EN graduatzailea zein kategoriaz darabilgun
Hitz kategoria jakin batzuei eransten jake -en atzizki konparagarria esaldi barruan.
– Adjektibo kategoriei sarrien: txikiena, ederrena, politena. Eta izen batzuei be bai, adjektiboen kualitatea hartzeko gaitasuna daben neurrian: umeena, astoena, agureena.
– Adberbio kategoriako hainbat berbari, beti be kualitate-gradua neurtzeko gaitasuna dabenean. Moduaren eremuan: Geldiro > geldiroen, ederto > edertoen, berez > berezen.
Denpora eremuan: oraintsu > oraintsuren > oraintsurengo.[1] Aspaldi > aspaldiren > aspaldirengo. Mogelen esaldi txatal batez on eginez: “Esan genduan ontsuengo dotrinan” (Konfesino).
Leku-adberbio jakin batzukaz be bai. Honeen artean, erakusle-adberbio deklinatuakaz daukan erabilera da aitagarria.
Ablatibo kasua graduatzen: hemendik > hemendiren > hemendirengo; hortik > hortirengo; handik > handiren > handirengo. Adibide batez argituz: “Hobea da hemendiren dagoan generoa, handiren dagoana baino.” Edota nominalizaturik: “Hemendirengoa dozu onena. Ez eizuz besteok hartu: hortirengoa eta handirengoa”.
Adlatibo norazko kasua graduatzen: honantz > honantzen > honantzengo; harantz > harantzen > harantzengo. Bermeo gaineko Mañuko emakume baten lekukotasunak dakardaz: “Harantzen dagoana, harantzengoa”. “Hartuizuz sagarrak, honantzen dagoan kaxatik, baina gura badozu, harantzen dagoanetik be bardin” (Abeliñe Erauskin).
Baina adberbioen artean badira, horraitino, –en atzizkirik nekez hartzen dabenak. Horreetarikoak dira lexikalizazino-maila handiko batzuk, zutunik, hutsik, indarka eta horretarikoak.
– Zenbatzaile kategoriako hitz jakin batzukaz be ondo egokitzen da atzizki hau, batzuetan oin-hitza aldaturik azaldu arren be. Berariaz: asko > gehien, gitxi > gitxien.
2. Adjektibo graduatua daben sintagmen sintaxi berezitasunak
Gramatiketan sarri aitatzen dan gehikuntza da /Izen + Adjektibo/ ereduko sintagmetan, adjektiboari -en erantsi ezkero, izena be -ik partitiboaz indartzea. Sekuentzia honetan: egun argia > egunIK argiENa bihurtzen da.
Baina gauza jakina da, bestetik, izen-adjektibo segida guztietan ez dala gertatzen -ik atzizki partitiboaren gehikuntza. Zenbat eta finkatuagoa eta eginagoa dan izen-adjektibo alkartze hori, hainbat gitxiago. Maiztasun handiko bikuntza horreen artean aitatu geinkez: seme zaharrena edo alaba gazteena esaterako.
Baina bai hiztunon artean, bai tradizinoko testuetan, ugariak dira /Izen + Adjektibo + -en/ egitura ereduak, tartean atzizki partitiborik ez osterantzekorik agiri ez dala: bide laburrena, etxe txikiena, mendi altuena. Euskerak ez dau eskatzen, horrelako sekuentzietan atzizki partitiboa derrigorrez txertatzea. Mutil altuena esatetik mutilik altuena esatera bada diferentzia semantiko bat, konparatze-graduan egitura leunago batetik egitura markatuago batera egon ohi dan aldea.
Baina -ik partitiboarena ez eze, beste erdi marka batzuen txertakuntza be gertatzen da euskeran, hizkera batzuetan beste batzuetan baino gehiago. Izan be, partitiboaz aparte badira bestelako egitura indargarriak, konparaketa-sintagman erabiliak diranak. Erlatibo perpausa, den aditza lokarri dala izan ohi da ekialdeko hizkeretan horreetariko bat. Zuberoako tradizino-kantu batzuen hitzetan ditugu egitura honen lekukotasunak: “Mundüan den ederrena / zelüan ekhia”. “Xorietan den eijerrena oihanean usoa”. Baina sartalde eta erdialdeko hizkeretan be badira batzuk-batzuk.
3. Aurre-marka indargarriak
Graduatzea -en atzizkiduna danean, enfatizatzeko aurre-indargarrietariko batzuk hurrengo honeek dira:
Ahalik (eta) / Albait / Ahal danik (eta) eredukoak dira ezagunenak:
Albait soilik erabilia da ekialdeko hizkeretan, sartaldeko “ahal dala” edo ekialdeko “ahalaz” egituren balioaz; gipuzkera ekialdetik nafarrera eremura hedatzen da batez be. Iturriagaren alegietako esaldi hau lekuko: “Ez du nekazariak lur landu gaberik iduki bear, albait”.
Baina albait aurre-marka indartzaile gisa bizibarritu da euskeran, berariaz edo ia beti -en atzizki graduatzailedun adberbioen aurrean ipinita. Halan: Albait ondoen. Albait arinen.
Ahalik hitz partitiboa dogu bigarren aukera bat. Batzuetan holan soil-soilik: ahalik; beste batzuetan juntagailuaz indarturik, ahalik eta; eta hirugarren, aditza barru dala, ahal danik edo ahal danik eta. Aurre-marka indargarrietariko bat -en atzizki graduatzailedun adjektibo, adberbio edo zenbatzaile bati ipinita, goren gradua hanpatuago bihurtzen da. Halan eregi leitekez, berbarako: ahalik ondoen, ahalik eta onena edo ahalik eta gehien.
Ahalik hitzak berak hartzen dauenez partitibo-atzizkia, aurreko izenak ez dau zertan hartu, eta ez dau hartu behar. Mogelen testigantza bi. Bata: “emoeutseezan luma alik onenak ta ederrenak” (Peru Abarka). Bestea: “debozinoe ta ardura alik andiena beragan erakustea” (Erakuspena).
Ahalik marka eta juntagailuaz laguntzea beranduko kontua da. Klasikoetan orohar ez da juntagailu horren beharrik agiri.
Modernoagoak dira baita danik aditz erlatiboaz indarturiko egiturak be. Horrelan eregiak dira: ahal danik gitxien, ahal danik eta luzaroen, ahal danik eta indartsuena eta beste asko.
Desbide edo okerbide agirietako bat, zabal dabilena, ondo adberbioaren era graduatuan jazoten da: ondoen ordez hobetoen erabiltea. Konparazino-atzizkia (-en) ondo buztartzen da ondo adberbioaz, baina nekez hobeto adberbio konparatiboaren gainean beste konparazino-marka bat eransteagaz. Okerrekotzat joko ditugu, bada: “Saiatu behar gara ahalik eta *hobetoen jokatzen eta ahalik eta *hobetoen entrenatzen” moduko esaldiak (futbol-jokalari bati jasoa), eta ahalaz beste honetarikoak hobetsi: ahalik eta ondoen.
Hainbat berez zenbatzaile zehaztubakoen kategoriako hitza dogu: hainbat lagun, hainbat lekutan, hainbat bider… legezko sintagmen barruan. Baina konparatze-egituretan be paper garrantzitsua betetera etorri da, berariaz zenbat … -ago, hainbat … -ago goranzko graduatze-egitura banatzaileen barruan.
Baina bestetik, -en gorengo graduatze-atzizkien indargarri gisa be erabilia da, maila askoz mugatuagoan izan arren. Hizkera batzuetan, sartalde-hizkeretan berariaz, /hainbat …-en/ bere errendimentua dauka; beste askotan, ostera, harean be ez.
Adberbio-kategorietara mugatzen dala esan leiteke hainbat -en egitura hau, salbuespenak salbuespen, eta areago, esapide jakin batzuetara maiztasunez.
Denpora eremuan ezagunak dira: hainbat arinen edo hainbat lasterren, hainbat sarrien, eta ezagunak dira baita: hainbat beranduen legezkoak.
Moduaren esparruan: hainbat ondoen.
Kantitatearen eremuan: hainbat gehien edo hainbart gitxien.
Autore zahar eta klasikoen lekuko bat edo beste. Kapanaga mañariarrak XVII. mendean darabilzan bi. Denpora esparrukoa bata: «Egin bear leukeana ainbat sarrien«; modu esparrukoa bestea: «orduan apartadu ainbat ondoen«. Pedro Astarloak XIX. mendearen lehen herenean darabilzan batzuk. “naien gurako geunkean gauzea izango litzateke, ainbat lasterren geure senean gagozan artean emon deiguela”. “eta oitu edo akostunbradu deitezan, ainbat sarrien seinatutera”. “ardurarik andiena ifini bear dabe, Jaungoikoak emoten deutsezan umeak ainbat ondoen aziteko” (Urteko domeka I). Modalidadearen barrukoa da Mogelenean idoro dogun garbiroen graduatua be: “konfesio jeneralak anbat garbiroen egin dituztenak” (Konfesio ta Komunioko).
Adjektibo kategoriako hitzakaz bakan edo nekez agiri da, baina badira horraitino kasuak. Mogelen hurrengo hau, adibidez: “billatzen dute askok meza anbat arinena ta itoka esana” (Kristau Erakasle Euskalduna).
Dan, izan aditzaren 3. pertsonako adizki erlatiboa IS partitiboa darraiola, edo danik, partitibo-atzizkia zuzen erantsita, bakarrean, sarri agiri dira hitz graduatuaren indartze-zereginetan.
Batzuetan, izen-adjektibo osagaidun sintagma partitiboaz: “Hori, dan gizonik ezjakinenak be badaki” (Jabier Kaltzakorta. Markina). Aurreko egituraren aldaeratzat jo daiteke, dan erlatiboa izen-adjektiboen erdian kokatzea. Halan: “[ez] emon naibagerik, dan txikienik etxekoai, auzokoai ta lagunai” (J.A.Uriarte Marija).
Danik … -en egiturea aspaldikoa dogu euskeran, autore klasikoetan ondo zimendatua. Añibarroren adibide bi betoz lekuko gisa: “Danik onena izan arren soloan ereiten dan azia, ardura andiaz ateretan ezpadira loillo ta bedar txarrak, frutu gitxi, urri ta meatzak emongo ditu” (Lora Sorta). “Erraz ifinten gara, gogoz baiño ezpada, danik txikienen oiñetan” (Lora Sorta).
Dan edo danik indar-adizkion ordez dagoan edo dagoanik be agertzen da batzuetan. Edota beste daukan edo daukanik be bai iragankorretan, esangura-premineak aginduta.
Danik eta aurrekoaren aldaera indartua da, eta juntagailua lagun dauela, hizkera modernoan hizkera askotan aurrekoa ordezkatu dauena. Beste adizki batzukaz be bideratzen da esangurearen arabera: dagoanik eta, daukanik eta... Halan eregia da honako esaldia: “Hori, danik eta gizonik ezjakinenak be badaki.” (Jabier Kaltzakorta. Markina). Tradizino modernoaren eredu egokia izan daitekean Krispin Beobide gipuzkoarraren pasarte bi betoz egitura hau on egitera: “Ikus-nai onek asko aldiz dakartzi danik eta biotzik gogorrenak Jaungoikoaren adiskidetasunera” (Asisko Loria). “Denak uste zuten ditxa aundian arkitzen zirala, beragatik etzeukaten bata bestearen danik eta inbidiren arrazaren izpi txikienik” (Asisko Loria).
Inoiz adberbioaren gainean garatutako inoizko adnominalaren eta batez be honen partitiboaren, inoizkorik, markaren bidez, denpora arlora bideratzen dogu gradu-konparatzea. Sartalde hizkeretako indargarriak dira graduatze-zeregin honetan, eta aldi modernoetakoak berariaz.
Inoizko adnominal gisa erabilia da -en atzizkiaz graduaturiko gramatika-unidadearen aurretxoan. Lekukotasun gitxi batzuk. R. M. Azkue: «Berba honeek entzueran erbikumea inoizko bizkorren joian» (Euskalzale). K. Enbeita: «Aurten etorri jaku inoizko goizen«. F. Bilbao: «Inoizko bultzadarik haundienak emonaz.» (Ipuin barreka).
Inoizkorik itxurapean, partitibo eta guzti, izenik agiri ez danean jazoten da gehienbat; hau da, izena agirian balego, honek hartuko leukelako -ik marka partitiboa. Halan erabili ohi dira inoizkorik ondoen, inoizkorik gehien, inoizkorik arinen eta beste asko. Berbazko lekukotasuna: “Aurten batu dogu inoizkorik indaba gehien”. Idazle modernoen lekukotasunak: Domingo Agirre: «hodei moltso lodiak, baltzak gehienak eta itxura itzalekoak, inoizkorik azkarren joiazan Frantzia alderontz» (Kresala). F. Bilbao: «Inoizkorik beroen ekarren sakela» (Ipuin barreka).
Sekulako, sekulakorik markak be denpora eremukoak dira berez, baina beste esparru batzuetara be hedatzen diranak. Denpora eremukoa genduke: “–Zelan bizi? –Sekulakorik ondoen.”. Eta osterantzeko adjektibo kualitate bati jagokona, ostera: “Hauxe behiau da sekulakorik onena; sekula euki dogunik eta ederrena”.
Egundoko eta kideko beste adnominal batzuk be badira, -en gradu-markaren indargile gertatzen diranak edo subertau leitekezanak. Egundoko lasterren izan daiteke bat.
Adnominalaren funtzino horretan, –etariko genitibo-marka pluralak hartzen dauen papera be aitatzekoa da, batez be kategoria pronominalakaz, baina baita batzuetan izen arruntakaz be. Halan eregia da: “Zuetariko onenentzat bakarrik izango da saria”. Edota: “Gutariko zuhurrenak be ez leuke asmatuko”.
Bego gaurkoz honenbestean.
Iturriko
2019-12-20
[1] Orain adberbioaren gaineko era graduatuak dira orainen adb. eta orainengo izenlaguna be, nahiz bakan erabiliak izan gure tradizino idatzian.