Non bizi zara itaundu eta: Ni, bertan erantzuten deuskuenean holan gehiagoko barik, Bizkaiko euskaldun askok ez dakigu garbi zer esan gura dauen: han nonon ala hemen inguruan. Kontestuz ateraten dogu gehienetan, hemen esan gura dauela erantzuleak. Baina, ostera, hemen bertan edo hor bertan egitura bikotxa entzuten dogunean, dudatzaka dakigu, bertan gorabehera, hemen eta hor esan gura dala. Badira, horraitino, hiztun eredugarriak, egitura bikotx horretan be hemen berton, hor berton eta han bertan garbi bereizten dituenak.
Euskerearen sartaldean bertan adizlagunaz, han esan gura da, eta hemen adierazoteko, berton erabilten da. Aurkaritza garbia egiten dabe sartaldeko hiztunek, bizkaierarik gehienean, hurkotasun-urruntasunaren aldetik bata eta besteagaz.
Bertoko janari-edari eta hainbako produkto batzuk labelaz babesteko joera indartu dan aldi honetan, behin baino sarriago irakurri edo entzun dogu publizitate bidez, batean bertako esnea, bestean bertako piperrak… Baina berton-bertan ondo bereizten ditugunoi gogor egiten jaku produktuok hemengotzat sakatu gura deuskuezala eta zabu-zabuka hasten gara, zorioneko esne hori ea Frantziakoa ekarria dan edo piperrak Galiziako bazterretik.
Oraintsuago merkatu-sare ezagun batek honako iragarkia bialdu deusku etxeetara: Bertakoak gara eta bertako jendearekin gaude. Hemen bizi garean askorentzat, Lidl edo Carrefour diran susmoa hartu geinke holan bat-batean hori irakurrita, iragarkian datorren denda-sarearen logotipoari erreparatzen ez badeutsagu.
Egia esateko, ondotxo dakit, nungue zara? eta bertakue erantzuten dauenak hemengoa dala aitzen emon gura deuskula, baina euskaldun askoren mihinean era bien aurkaritza formala bizirik egonik, berton markatu hurbila eta bertan generiko markatubakoa, ez ete da hoba eredu jasoan aurkaritza horri eustea, anaia eta neba, atzamar eta behatz eta beste hainbaten artean egiten dogun antzera? Neuk pentsau ba!
Iturriko
2013-06-22