0. Aurkezpena
Aditzaren bidez ekintza edo prozesu bat amaitua, burutua dala adierazoteko egitura bat baino gehiago ditugu euskeraz, beste hizkuntza batzuetan be diran antzean. Egitura batzuk neutroak dira eta beste batzuk markatuak.
Esan nei: “Ni joan naz inoiz goizean goizetik Gorbeiara eta eguerdirako atzera etorri (naz)”. Baina burututa dagoan joate-etorte hori beste era honetara be esan lei: “Ni eginda nago, goizean joan Gorbeiara eta eguerdirako atzera etorri”. Edota esan lei: “Nik eginda daukat, goizean joan Gorbeiara eta eguerdirako etxera etorri”. Eta baita: “Ni joan izan naz goizean Gorbeiara eta eguerdirako atzera etorri”.
Gaurko idatzi honetan aditz perifrasi eredu batez jardungo dogu: aditz partizipioa -ta (edo -ik) atzizkiaz markatuta eta laguntzailetzat (edo lagun-adiztzat) dago edo dauka dituana.
Euskerearen sartaldean dagoz sustraituen honetariko aditz perifrasi egiturok, ekialdean -a/-ak mugatzaileaz partizipioa eta da/du laguntzaileaz lagundurik perifrasia egituratzen danaren ordez edo antzera.
1. Esanda nago, eginda daukat ereduak eta esana nago, egina daukat ereduak aurrez aur
Egon eta euki aditzen adizkiek ez daukie perifrasi eredu honetan euren esangura propiorik; lehenengoak ez dau adierazoten han edo hor “egoterik”, ez bigarrenak zer edo ha “eukiterik”. Batak eta besteak aditz nagusiaren (joan, esan…) prozesua bete osteko “egoerea” seinalatzen dabe berariaz.
Ez dira, egia esan, guztiz edo dan-danean bat sartaldeko joanda nago eta ekialdeko joana naiz, edota esanda daukat eta esana|errana dut, baina aspektu burutu antzeko edo hur-hurrekoa iragarten dabe bitzuk. Hizkera batzuetan batera esaten dana, beste bazuetan bestera egiten da, orohar. Ekialdean, izan eta edun aditzak erabilten dira laguntzaile gisa nagusiro, eta egon eta euki, barriz, sartaldean.
Baina egina dago edo esana dauka erako perifrasiak be –dago eta dauka laguntzaile dirala batez be sartaldeko euskeran, eta egina da eta esana du laguntzailedunak gehiago erdialdean– etxe-etxekoak dira berez; leku batzuetan beste batzuetan baino gehiago behar bada, baina gitxi asko ezagunak, edonon dala be.
Mogelen adibide bi egon aditzaz eregiak: “Begia badago garbia, […] zure gorputz guztia bere argitua egongo da” (Konf.), “ta zelan egozan tantai ta arbola adar asko larrez katigatuak” (Ipuin.).
2. Egitura bien balioak: IkusiTA # ikusiRIK dago | daukat. Noiz eta zertarako
Tradizino klasikorik gehiago aditz partizipioa -ta atzizkiaz –edo -nda, -lda amaieraz– erabilten da aditz perifrasi hau, eta askoz gitxiagotan –ik edo –rik atzizkiaz. Gaur egun lehenengoa da erabilten dan bakarra edo ia bakarra.
Baina bigarren hau be ondo lekukotua dago gure tradizinoan. “Ez daukat aazturik egin zeunstan mesedea” idatzi eban Mogelek berak alegietariko baten.
Pedro Astarloak ugari darabilen egitura modua, da bestetik: “zeru, lur, gizon, aingeru, eta izatea daukagun guztiok gagoz Jaungoikoagan, arrainak itxasoan urez alde guztietatik ingiraturik dagozan moduan” (UD I).
J. Mateo Zabalarenean be sarri agiri da. Egon aditzagaz: “Auzotegi guztia dago arriturik eta bildurrez ikara gogorrean, euren semeak eta umegiñokoak edonon dira ezagun” (Bermeo). Eta euki aditzagaz: “Nik orreek guztiok esanik daukadaz”. “Ikasirik daukazue birao egiteko ekandu deungea”.
Aspektuaren aldetik balio bat baino gehiago gordeten, eta gorde izan dabe perifrasi egitura biok. Gorago aitatu dan aspektu burutu edo perfektiboaz batera, bestelako balio lagungarriak be erantsi ohi jakez:
– Aspektu burutu horren azpian maiztasuna edo behin baino gehiagoko gertaera be estalpetu daiteke. Herri-berbetan normal esaten dan esaldia: “Esanda deukotsut, barrian niri holako beharrik ez egiteko!”. Kontestuan argi ulertzen da behin baino gehiagotan esanda eukitea.
– Futuroko aspektua be markatzen dau perifrasi honek, denpora adberbio batez –laster, ostera…– lagundurik doanean, eta aditz partizipioa -ik atzizkiaz markaturik, eta laguntzailetzat izan edo euki aditzen jokoak dirala. Mogelen esaldi honetan, kasurako: “Alperrik ilgo da nigaiti! Ez nauka ostera atrapaurik!” (Peru Abarka). J. Mateo Zabalaren hurrengo esaldiok be egitura horren lekuko dira. Bata: “Pekatuak mundurako kalteak dakazanean, laster da gorrotaurik”. Bestea: “eztauko ain laster nire artorik arturik”.
3. Laguntzaile gisa egon eta euki aditz-jokoak
Eusebio M. Azkueren olerki ahapaldi bateko berbakaz erakutsiko dogu: “Andrak galduta dauke mundua, / eta gizonak andren burua; / halan galduta dagoz gizonak, / mundu ta gonak” (Parnaso).
Aditz partizipioa nor erakoa danean, dago tipoko aditza darraio atzetik, ia laguntzaile zereginaz.
Orainean: “New Yorken birritan egonda nago”. “Hegazkinez sarri ibilita gagoz”.
Iraganean: “Etorrita egozan batzarkide guztiak, bat izan ezik”.
Alegiazko baldintzan: “Lehenagoko batzuen amesa: Ai ezkonduta banengo!” “Urrunera joanda balego gurago neuke! Emoten dau burukomin bakotxik!”.
Alegiazko ondorioan: “Epeak aurretiaz ondo zehaztu balira, egitasmoa oraingo amaituta legoke”. Aditz partizipio mugatuaz be maiztasunez eregitako egitura da: “Borondatea balego, hori egina legoke”.
Aditz partizipioa nork erakoa izanagaitik, dago tipoko lagun-aditzak be guztiz ohikoak dira. Halan: “Afrikara joan barik be, berton sarri ikusita gagoz jentea eskean”. “Ura kantin handietan iturritik ekarrita nago gaztetxotan”. “Gu ailegau orduko sariak emonda egozan”. “Gurago neuke guztien soldatak ordainduta balegoz behingoz, ze beharginak luzeretxita dagoz”.
Baina dauka tipoko laguntzaileak nork erako aditz partizipioakaz baino ez dira bideragarri. Hiru adizki, oraina, iragana, alegiazkoa:
Orainean: “–Ekarri dozuz txakolinak afaritako? –Aspaldi ekarrita daukadaz eta hozkailuan be lehentxoagora arte sartuta euki dodaz”.
Iraganean: “Telebistan bota daben filmea lehendik ikusita neukan”.
Alegiazko baldintzan: “Autoa biharko konponduta bazeunka asko eskertuko neuskizu”.
4. EgonAK dira eta egonDA dagoz aurrez aur
Lehenengo ereduko perifrasietan aditz partizipioa mugatzaileaz markaturik dagoanez, singular-pluralak bereizten dira: ibiliA da / ibiliAK dira edota esanA dago / esanAK dagoz perifrasi moduak ditugu mugatzaileaz markatuak.
Bigarren ereduko perifrasietan, -ta atzizkiaz –edota -ik atzizkiaz– adberbio kategoriako bihurtzen dogu aditz partizipioa. Halanda ze, hor ez da singular-pluralik bereizten, ez da bereizkuntza markatzen. IkusiTA dago / EsanIK daukat perifrasi ereduetan atzizki biak (-ta eta -ik) adberbio-kategoriaren markatzaile dira, halanda ze egitura aldakaitzak: egonDA dago edo dagoz, ikusiTA dauka edo daukaz ereduetan, aditz laguntzailea pluralez egonda be, aditz partizipioan ez da eta ezin da numero-markarik islatu; aldakaitz irauten dau.
Euskaldunbarrien, berariaz sartaldekoen, behin baino sarriago dakuskuzan akatsak ohi dira honetarikoak: *irakurrriTAK ditut edo dauzkat, *ikusiTAK ditu edo dauzka.
5. Aditz multzo finkoak
Asko eta asko dira /Partiz + -ta + egon|euki/ egituraz finko bihurtu diran aditzak be, euren esangura berezia hartu dabenak aditz soil lez gordeten dabenaren ondoan.
Halan, amorratu edo haserretu aditzen ondoan amorratua egon eta haserretuta egon aditz multzoak daukaguz, pertsona baten egoerari buruz sarri erabili daroaguzanak: “Mundu guztiagaz amorratuta dago”, “Gugaz haserretuta dago” izan leitekez horren adibide argiak.
Zerrenda honetan sartu leitekez hainbat aditz. Bat edo beste aitatzeko: arduratuta egon, jota egon (burutik), damututa egon, edanda egon, ederreretxita egon, leher eginda egon, mihizkatuta egon, ok eginda egon eta beste hamaikatxu.
Baina hari horri ez deutsagu gehiago tiratuko, kontuak luzeegi joko leuke eta.
Iturriko
2019-04-05