Norbait/nonor eta inor, zerbait/zeozer eta ezer, nonbait/nonon eta inon, noizbait/nozonoz eta inoiz hitz bikoteak ‑edo hirukoteak, bi batetik eta bat bestetik‑ alkarren osagarri diran izenordain eta adberbioak dira, zehaztugabeak, eta jatorriz nor, zer, non, noiz itaun-hitzetatik datozenak.
Gaur egungo erabileran, norbait-nonor, zerbait-zeozer, nonbait-nonon eta noizbait-nozonoz sinonimo garbiak eta oso-osokoak dira, salbuespentzat hartzen bada nonbait adberbioak perpaus markatzaile modura dauen erabilera berezia; hau da, perpaus prozesu bat ziurtasun oso bakoa dala adierazoteko darabilgunekoa: Etorri da nonbait dinogunean, antza, dirudienez marken balioko esanguraz darabilgu.
Idatzi honen helburua, sail bi honeen arteko bigarrenaren erabilera deskribatzea da, inor ereduko zehaztugabeena, hain zuzen.
Osoko baieztapen modura, esan daiteke inor, ezer saileko hitzok baieztapenik eza adierazoten daben perpausetan azaltzen dirala: ezeztapena, itauna (bai-ez eredukoa), menderakuntza batzuk (baldintza, erlatiboko, denporazko mende-perpausa batzuk)
Morfofonetika alderdiko zehaztasun aitagarri bat: inor, ezer izenordainek –eta amaiera bereko sail horretako beste guztiek‑ atzeko –r galtzen dabe berbaz sartalde euskeraren ia eremu osoan, beste kontsonante bat darionean. Idatziz inork, ezerk, baina berbaz inok, zek; soziatiboan inogaz, ezegaz. Leku-denpora kasuetan: inogan, inogana, inogandik, inoganako ditugu inor izenordainaren gainean; baina ezer izenordainagaz, idatziz ezertan, ezertara, ezertatik, ezertako diranak, berbaz ezetan, ezetara, ezetatik, ezetako dira orohar.
Ezezkako, itaunezko eta baieztapenik ezaren inguruneak
Perpausa ezezka emona datorrenean, orokorrean toketan diran markak inor, ezer eredukoak dira. Eta bai-ez erako itauna dogunean, itauna era zabalean, edegian egiten danean be, beste hainbeste.
Inor horren azpian nor guzti-guztiak sartzen dira; hau da, “edonor, nornahi”.
Ezezkako perpausan erabilten da gehienetan, ezeztapen hau beti-beti agirian egon ez arren. Batzuetan estarian egon ohi da. Kontestu ezagun batzuk ipiniko ditugu: Inor ez dator. Inork ez daki ezer. Inorentzat ez dauka ezer. Inogaz ez dau egiten berbarik. Inorenera ez goaz aurretik deitu barik. Inogaitik ez lei horrek ezer egin. Frai Bartolomeren esaldi bat: “Ezin inok euki legi sua kolkoan, soinekoa erre bagarik”.
Ezezkako esaldiotan sarri erantsi ohi jako inor izenordainari –eta bardin ezer, inon eta inoiz kideei‑ bere/be lokailua. Halan eregiak dira: Inor be ez edota banandurik ez (…) inor be sekuentziak: Inor be ez da agiri # Ez da agiri inor be.
Ezeztapena estaldurik edo mozorroturik egon daiteke ingurune batzuetan. Aditz nagusia eragotzi, debekatu, galarazo, ukatu edo horretarikoren bat danean sarri jazoten dana. Halan:
“Egun baten egoala Democles eritxon beste bere labangillen artekoa, errege onen (…) gauza guztien jaubetasuna ta errege-jauregi edo etxeen edertasuna gogoraerazoten, ukatuten ebala, izan zala inor ta inos dontsuagorik (…)” (JAMog PAb).
Inor izenordainaz eregiriko ezezkako egitura ohikoak dira, goikoez gainera, inor barik, inor bako erakoak be. Halan: Tristea da inor bako etxea. Inor barik bizi izan da beti; laguntasunik arean be ez.
Itaun edo galde perpausak be, bai-ez tipokoak, baieztapenik ezaren eremuan sartzen diranez, honelakoetan be inor eredua da nagusi. Itaun horretan nor posible guztiak sartzen dira, direnak eta ez direnak. Adib.: Inor badator gaurko batzarrera? Inork ikusi dau gurekorik? Inori kalterik egin deutsazu? Inorentzat badauka berba onik? Euki dozu inogaz haserrerik? Itaun-perpausok, ete modu-hizkia tartean dala be sarritakoak dira: Ete daki inork hemen gela barruan gaua ala eguna dan? Gura ete dau inork pattarrik?Beste horrenbeste al hizkiaz: Al daki inork / Ba al daki inork zenbat balio dauen auto horrek? Itaun-esaldiotariko batzuk “erretorikoak” izan ohi dira, baina inor, ezer…erabilteko joerea bardin-bardina da.
Baldintza perpausetan be berezko erabilerea dau: Gurekorik inor ikusten badozu, emoiozuz goraintziak.
Erlatiboko egitura batzuetan be bai. Mogelen hau, kasurako: “Inori kalte egin gura deutsanak, erakarriko dabela kaltea bere burura“ (Ipuinak).
Inor izenordainak, baten bat izenordain lehiakidearen gerizea jasaten dau batzuetan; hizkera batzuetan beste batzuetan baino gehiago. Halan, tradizinoz inor erabili izan dan inguruneetan, honen ordainez, baten bat izenordaina entzuten da; hari lekua kendu deutso. Itaun perpausean eta baldintzazko mendekoan erabilitako esaldi bi, Durangoaldean entzunak, lekuko: “Ikusi dozu baten bat kalean, ala?”, “Egon zaitez adi, ea baten bat (inor) badator”.
Ezer izenordaina da sail honetakoen artean ugariena eta emonkorrena. Oro har, aurrekoaren ingurune beretsuetan agiri da. Paradigma nagusiko formez gainera –ezer, ezerk, ezeri, ezegaz, ezegaitik…‑ leku-denpora kasukoetan da oparoa: ezertan, ezertara, ezertako… eta berariaz bere/be lokailua ondoren dabela.
Ezezkako perpausean dituan adibide batzukaz on egingo dogu: Ezer ez da behar. Ezerk ez deutso eragiten horri. Ezeri ez deutso bildurrik. Ezegaz ez da konformetan. Ezertan ez sartzea hoba dozu. Hori ez dozu ezertarako. Ezergaitik be ez dau gura.
Itaun edo harridurazko esaldietan: Ezeren ardurarik hartu dau inoiz horrek? Ezertako balio dau? Ezegaz konformetan ete da!
Baldintza-perpausak dira, behar bada, ugarienak, ezetapenaren ondoren, eredu honetako izenordainen erabileran: Ezer behar badozu, eskatu. Larrazagak XVI. mendean: “Onegati zuk ezer gura badozu erri aetarutz, esan egidazu”. “Ezertan nik bazaitut enojadu, nagotzu sekulako penaetan”
Denporazko mendekoan: Ezer gura dauenean, txilioka hasten da. Erlatibozkoan: Ezer behar dauenak, deitu daiala.
Ezer izenordearen ildo edo segida berekoak dira: ezer be ez > ezebez eta ez (…) ezer be > ezebe. Adibidez: Ezer be ez eutsien emon # Ez eutsien emon ezer be (ezebe). Bigarren hau da ugariena eta hedatuena.
Adizlagun edo adberbio funtzinoko marka ugari sortzen da ezer horren oinaz: ezertan (ezetan),
Inon (inun) leku adberbioa be ezezkako inguruneetan da nagusi: Inon ez dago holakorik. Inondik ez da ikusten troka hori. Ez joan orain inora, bazkalordua da eta. Inondik ez da agiri. Inon ete dago horrentzako moduko mutilik? Esapidetzat hartu daiteke inondik inora, leku erreferentziaz baino gehiago balio modalaz erabilia: Harek ez lei inondik inora guzurrik esan!
Be juntagailuaz indarturik sarritan: Inondik be ezin lei igarri. Inora be ez goaz. Inongoa be ez da.
Inoiz adberbioaren ezezkako ereduak: Inoiz ez dira inora joaten. Inoiz be ez da horrelakorik ezagutu hemen.Itaun perpausan: Inoiz jan dozu hemengo piperrik? Joan ete da inoiz lobak ikustera? Baldintza perpausan: Inoiz joaten bazara Eskandinabiara, eroaizuz erropa lodiak.
«Inoiz» adberbioa
Itaun perpausan: “Ikusi ete dau bera inoiz inork belaunikatuta holantxe, belauniko, egon behar izan dauen lekuan?“ (Zamarripa Firi-firi), „Eskatu al deutsat inoiz ogirik berorreri, ugazaba?“ (Firi 155)
Ezelan sartaldean eta inola erdialde eta ekialdeko hizkeretan dira modalidade zentzuneko adberbioak. Sarriroen bere/ere lokailuen laguntasunaz erabili ohi dira: ezelan be / inola ere. Mañarikoren lekukoa: “Barriro be joan ziran, eta barriro be hori jazo jaken; ezelan be urik ezin ekarri”.
Baiezkako eremuko erabilerak
Inor izenordainaren berezitasunetariko bat da, baiezkako perpausetan be erabilia izatea, era murriztuan bada be. Mende-perpausetan berariaz. Halan:“Modu askotara jazo leiteke, inor iltea; pekaturik egin bagarik” (Frai Bartolome).
Baina sartaldeko euskeran, inor izenordainak, tradizino zaharrean eta ekialdeko hizkeretan besteizenordainak bete dauen eremua beretzera heldu da. Eta baiezkako perpausetan erabilera honek indartsuagoa dirudi berbaz, idatzizkoan baino; baina honetan be bai.
Baiezkako erabilera garbiak dira, inor izenordaina beste tradizinokoaren erabilgune berean agiri daneko hurrengook: “Norberak txarto egin eta inori errua bota”. “Norberarentzat hartu onentxoena eta inorentzathondakinak!”. “Norberak gura ez duena inori emon”. Domingo Agirreren ondoko pasarte honek islatzen dau garbiro erabilera hau: “Soinean dauzkazun prakak inorenak dituzu, eta Uribarriko gazterik ondasuntsuena nahi zenduke?” (Garoa).
Genitiboko inoren dogu sarri-sarri darabilgunetarikoa: “Inoren lepotik bizitzen polito daki horrek”. “Inoren kontura edatea gustetan jako”. Juan Bautista Eguzkitzaren Gizarte Auzia saioko esalditxo hau eraz datorren esaldia da argigarri gisa: “baltsazaleak inorena artzeko beti dagoz prest”.
Inoiz (inoz) dogu baiezkako perpausetan erabilgune naturala garatu dauen beste sail honetakoa, adberbioa kasu honetan. Zer diferentzia egon ohi da kasu horretan noizbat-nozonoz eta inoiz denpora-adberbioen artean? Ez dago erabateko diferentziarik; zertzelada kontuak dirala esan daiteke: inoiz horrek nozonoz horrek baino “gitxiagotan”, “aukera urriagoetan” aditzen emoten dauela esan lei. Horregaitik, behar bada, errepikaturik darabilgu batzuetan: inoiz-inoiz bai….
Berbeta arrunteko esaldiak dira ondokoak: “Inoiz ikusi zaitu kalean, baina urruntxotik eta ez zaitut agurtu”. “‑Izan zara inoiz Oizen? ‑Inoiz bai, baina orain dala denbora asko”. “Inoiz egon gara orain baino barregarriago”. Literaturako pasartetxu bat, aurrekoaren indargarri: “Badakit ondo, Eladitxo, zu aberatsa ta ni nekezalea gareana, […] baina nekezaleak inoz aberastuten dira” (J.M. Etxeita).
Zamarriparen ondoko esaldi honetan, inoiz eta zeozer biak batera erabilirik agiri dira, kontestu berean, baiezka: —Entzun egingo henduan hik inoiz zeozer han, Sondikan eta inguruetan, Portugaleteko atsoakaitik.” (Zamar Firi 180).
Inoiz edo behin adb. konposatua be, esapide gisa ugari erabilia da aldi modernoan: “Inoiz edo behin, problema gatx nahi gramatikako ikertzeren bat, zitala bera, egiten eben” (E. Erkiaga).
Genitiboaz eregitako egitura barruan maiztasun berezia erakutsi dau: inoizko denporan, inoizko alditan, inoizkoren baten ereduko formuletan. Halan: “Inoizko denporan halakorik jazo baledi, kontuan izan orain dinotsudana”. Edo tradizino klasikoan eta modernoan: “Inosko alditan ikusi eneutsan almendra garau bat” (Añibarro). “Iñozko alditan deitu / egin baiño len erderaz, / jausi zaiteze txuntxurrok danok / arroetara tuterras” (Arrese-Beitia).
Inoizko + -en graduatzailea be graduatze egitura ezaguna da gorengo konparazinorako, inoizkorik ondoen, inoizko txartoen eta halakoetan. Zamarriparen adibide hau lekuko ona: “Eta haraxe joan gara biok, bakotxa hiru hankaren ganean, inoizko edertoen.” (Firi-firi 160)
Inon (inun) leku-adberbioak, ostera, ez dauka inor eta inoiz bere sailekoak daukien moduan, eremu propiorik baiezkako perpausetan. Inon agertzekotan baiezka, mende perpausetan –baldintzazkoetan eta erlatibokoetan berariaz, eta aditzizenaz eregitako batzuetan izaten dau girorik egokiena. Adibide gitxi batzukaz, berbaz ohiko-ohikoak diran batzukaz, on egingo dogu dinoguna: “Inun egotekotan, hementxe topauko dozuz horrelako liburuak”. “Inun ikustekoak, hementxe ikusten dira“. “Inun diranak bota deutsaz arpegira”.