Batzuk zenbatzaile eratorria da, bat unidade-hitzaren gainean -zu atzizki multzokaria beregandu dauela, eta atzean –ek mugatzaile pronominala, laburduraz –k soilean gelditzen dana gaur egungo absolutiboko kasuan.
Erromantze-hizkuntzetan, unidade-izenaren inguruan gertatu dan pluraltze prozesu bera jazo da, ia paraleloan esan geinke, euskeran be. Gazt.: un, uno/-a > unos/-as. Euskeraz: bat > batzuk.
Bat singularrak mugatzaile-markak be beregandu leikez: bat-a, bat-ori.Eta batzuk pluralak be, era askoz murriztuagoan, berebat: batzu-ek orokorra dogu batetik, baina batzu-ak eta batzu-ok erak be, -ak eta –okmugatzaile benetakoakaz markatuak, ezagunak dira tradizinoan, gaur aldenduak (erdi aldenduak, hobeto esanda) egon arren. Batzu-ek horren atzizkia mugatzaile zaharra da, baina mugatze-baliorik gordeten ez dauena. Gaztelaniaz “unos, -as” esangurakoa, ez lit. “los unos”, gaur egun gaztelanian be aldendu samartua.
Baina euskera zahar eta klasikoan, batzu-ak eta batzu-ok hitzetan esangura beteko mugatzaileak ziran –ak eta –ok atzizkiak, beste-ak eta beste-ok zenbatzailean diran balio beretsukoak. Harrezkero neutralizatze prozesu baten bidez galdu izan dira.
Mikoleta bilbotarrak XVII. mendeko bere dialogoetan (gramatikatxoaren ostean dakarzanetan) garbi bereizten ditu batzuk eta batzuak: bata balio mugagabeaz, neutroaz, eta bestea balio mugatuaz darabilzala:
(a) “Ekarguzu pastel batzuk, ta auma lauren bat errerik.” “ekarzu azeituna batzuk irugarrenerako.”
(b) “zerren daukanean gizonak kriadu asko, batzuak besteakaiti eztaude gauzarik egiten artez”
Hurragora etorrita, Frai Bartolome Etxebarriko idazleak, batzuk darabil ia beti nor, nork kasuetan, ia beti balio mugagabeaz, esango geunke. Eta gitxi batzuetan batzuak (batzubak) darabil. Orotariko corpusean esaten da, batzuok (batzubok) be badarabilela, baina geuk behintzat ez deutsagu inon irakurri. Batzuaketa batzuok, gaztelaniaz adierazota, “unos de aquellos, unos de estos” lirateke. Datiborako, idazle beronek, batzuei orokorraren ondoan, batzuai darabil behin edo behin, mugatze kontuan balio banangoakaz: lehenengoa mugatua, bigarrena mugagabea.
Hara adibide argigarri batzuk:
(a) batzuk absolutibo edo ergatiboa: “Auzo batzuk beti. Beste batzuk inoz bere ez. Batzuk esaten badabe ez dala egin bear pekatuzko dantza edo piesta nasairik, beste batzuk dinoe leen bere egiten zireala ta orain bere egin bear direala.” (Olgeeta).
(b) batzuak: “Marte gerragina ondretako, gizonak pelietan zirean alkar il artian ezpataka alkarregaz; edo otsoakin ta artzakin, batzuak il artian.” (Olgeeta); “Kondenauta dagozanak, edo dira diabruak, edo dira gizon eta emakumen arima kondenauak. Batzuak bere ez dabee gura pekatu loia inpernuban eureentzat. Ez diabruak, euren izateari ez jaokolako. Ez kondenauak, euren erregarria dalako.” (Ikas II).
batzuai datiboa: “Orregaiti lege batzuai esaten jakoe direala naturalezearenak; beste batzuai, errazoiarenak, (naturalezeagaz ta errazoiagaz bat eginda dagozalako). Ta beste batzuei, Jaungoikoarenak.” (Ikasik I)
Edozelan be, batzuak hori batzuek orokorragoaz neutralizatua gertatu da autore eta testurik gehienetan. Mogelen kasua, adibide garbia. Alegietan darabilen esaldi hau: “Ez batzuek, ez besteak atzeratu ta txil egin gura eben”, gaztelaniaz literalki “ni los unos, ni los otros”, erakusgarri garbia da. Markinaldean, aldi haretan, batzuak ezaguna izango eban berbaz kontizu, baina idatzirako batzuk orokorra, eta gitxi batzuetan batzuek, bultzatu zituan, esangura mugatua eskatzen eben kasuetarako be.
Iparraldeko tradizio klasikoan ezaguna da batzu era soila be, kasu absolutiborako. Izenordain mugagabeen eran deklinatzen zan erabilia zan gitxietan: paradigma oinarrizkoan, batzu, batzuk, batzuri, batzuren, batzurekin… eta leku-denporazkoetan, batzutan, batzutako, batzutatik, batzutara.
Baina harrigarriro, oraintsu ezagutu dan Lazarraga arabarrarekin testuetan be batzu hori agiri da barriren barri, eta ez batzuk, bizkaiera zahar eta klasikoan ia orokorra dan formea. Izan be, Lazarragaren erabileran, batzu horrek deklinatze mugagabea daukala esan daiteke, agiri dan apurretan. Bai behintzat batzu absolutiboan eta batzugaz soziatiboan.
(a) batzu: “Nik esango ditudan berbaok / [izan]go dira gutxi batzu” (4v), “enzun eben aen alderutz kantaetaz etozela gizon batzu” (14v).
(b) batzugaz: “Retulo bat ekusi neben / kanpuaen alde bateti; / urregorrizko letra batzugaz / egoan eskrebidurik” (15r).
(c) batzuen: “joan zidin musiko batzuen etsera eta erregutu eusten legioela lagun musika bat emaitera joaten” (7r).
Gaur egungo bizkaiera landuan absolutiboko eratzat batzuk hobesten da, eta ergatibora, nork kasurako batzuk zein batzuek. Berez sartaldeko eta hegoaldeko tradizinoan ez dira bereizi izan formaz bata eta bestea, baina gaur joerea dago batzuk/batzuek era bikotxaz kasu biok bereizteko.
Kasu oinarrizkoa batzuk izana, eta ez batzuek, horrek eragin dau, analogia, beste kasuetan be -e- bokala ezabatzeko joerea. Halan, sartaldeko berbetan normaltzat hartzen dira: batzukaz, batzutan, batzutakoereduko formak, nahiz arauz jagokuzanak -e-dunak izan: batzuekaz, batzuetan, batzuetako.
Labur garatuko ditugu kasu batzuen berezitasunak:
Datiboan batzuei darabilgu, nahiz klasiko batzuetan batzui era laburtua be ezaguna dan, eta gaur egungo berbetan batzuri be bai. Baina berbazko batzuri honek ez dauka mugagabe zaharragaz zerikusirik, ezpada -ei klasikoa berbeta modernoan -eri/-ri bihurtu izanaz baino.
Genitiboan batzuen. Benefaktiboan batzuentzat, batzuendako. Soziatiboan batzuekaz, batzuekin. Instrumentalean batzuez.
Leku-denpora kasuetarako ditugun erak: inesiboan batzuetan, adlatiboan batzuetara, ablatiboan batzuetatik, genitiboan batzuetako eta destinatiboan batzuetarako.
Batzuk horren sintaxi eta semantika alderdiak hurrengo baten jorratzeko itxiko ditugu. Oraingoz bego honenbestegaz.