Eratorkuntzazko atzizkia dogu tar edo ar atzizkia. Era zaharra ar dogu, kontsonante gorraz indarturik tar bihurtu dana. Eratorkuntza-atzizki asko dira euskeraz itxura-bikoiztasuna dabenak: -asun/-tasun, -eria/-keria, -oi/-koi, -era/-kera, -eta/-keta, -ada/-kada, -izun/-kizun, -ari/-tari eta beste gehiago. Atzizki hori indartzeko kontsonante gorra (-t- / k-) erantsi ondoren, era hori da gehienetan nagusitu dana. Herri-berbetan eratorri asko dira hainbarik erantsiak be: okerreria, osasuna, lapurreta, nahiz eratorriotariko batzuk eredu finkatutik baztertuak izan, gitxituak edo gitxienduak diralako.
Izen bereziakaz, leku-izenakaz, sarri darabilgun atzizkia dogu -ar/-tar. Eta hor sortzen da era edo itxura bikoiztasuna. Hiztuna zein dan edo nongoa dan, lezamar edo lezamatar, bermeotar edo bermear, elorrioar edo elorriotar, ibarrangeluar edo ibarrangelutar esango dau.
Baina leku-izenik gehienak, edo batera edo bestera egiten dira. ar atzizkiaz ebagiten: nafar/napar (baina baxenafartar), donostiar, errenteriar, durangar, getariar, zumaiar, motrikuar, azkoitiar, bergarar, lekeitiar, gernikar, arratiar eta orozkoar (badira orozkomar esaten dabenak be).
tar atzizkiaz ebaten dira, ostera: lapurtar, zuberoatar (xiberutar), bilbotar, ondarrutar (ondarroatar), eibartar, elantxobetar, garaztar (Garazi) eta beste askotza luze bat.
Atzizki hau ahoskeraz leundurik agiri jaku leku-izen batzukaz, honeek n edo l amaieradunak diranean, eta dar bihurtzen da. Halangoak dira, kasu baterako: irundar, iruindar, baztandar, lekuindar, ataundar, beasaindar, errezildar edo usurbildar.
Beste atzizki-itxura bat be lehian sartzen da Uribeko merindade zaharreko ipar edo hegoko eskualdeetan: -ztar aldaera, batzuetan oztar bihurtzen dana. Herri edo paraje batzuetan bertakoei honetara deritxe. Butroialdean, kostaldean berariaz: sopeloztar, berangoztar, getxoztar, barrikoztar, bakioztar; Txorrierri aldean, leioztar, erandioztar, sondikoztar, loiuztar, zamudioztar edo derioztar; eta Arratia aldean: dimoztar, zeaniztar (zeanuriztar), i(g)orreztar, lemoaztar, zeberioztar, billaroztar, arteaztar edo arantzazuztar.
Pentsa lei ze, -iz atzizkidun leku-izenak ugariak izanik Bizkai lurraldean, eta horretarikoen eratorkuntza iztar izanik, horren analogiaz garatuak diralako goiko zerrenda horretakoak. Eta egia da, nongoak diran esateko, horretara darabilguzala: fruiztar, gamiztar, urduliztar, laukariztar (laukriztar), laukiztar (laukiniztar) eta urruntxoago joanda, berriztar edo zarauztar.
Azkenez bada beste atzizki ezagun bat, -ko, leku askotan tar horren lekua beteten dauena, bigarren hau erabili be egiten ez dalako. Mungia ondoan dagoan Jatabe herrikoei (izen ofizialez Maruri-Jatabe) itaunka ibili ginen behinola horren gainean, eta bardin zan itauntzea, nondarra edo nongoa zan, Jatabekoa (hobeto esanda, Jatabeko) erantzuten eben ia danak. Jatabarrak edo jatabearrak ezaguna eben, baina ozta-ozta, nekez erabilten eben. Eta herriko euskerea galdua dan Arabako lurraldean bizi dan bategaitik arabarra dala esatea toketan bada be, hiztun bati errazago urtengo deutso Arabakoa dala esatea. Eta Amurrion bizi dana nondarra da, amurriorra ala Amurriokoa? Tradizinoko berbeta galdua dan lekuetan seguruago ibilten gara Amurriokoa dala esanda.
Laudion galdua dan arren, ez haren etxekonean dagoan Orozkon, eta hemen laudioztarrak deritxe hondino be hangoei.
Baina gramatika alderditik begiratuta, zein kategoriatakoak dira bizkaitar, gipuzkoar, europar, amerikar edo errusiar legezko hitzak? Izenak dira? Adjektiboak dira? Adnominalak dira? Bitarikoak dira? Osterantzeko zeozer dira?
Hiztunen ezpanetan daben erabilera maiztasunaren aldetik, kasurik gehienetan izen kategoria da nagusi. Kualitate-izenak, zelanbait esateko, adjektiboaren kualitate ezaugarri hori erantsirik daben izenak. Gizakien eremuan darabilguz gehien. Asturiarrak Asturietako jenteari deritxo gehiago, hango behi edo ganaduei baino, nahiz behi asturiarrak be gure artean guztiz ezagunak izan diran.
Horregaitik, bizkaitar, arabar, herritar, kanpotar dinogun bakotxean, lurralde horretako jenteaz ari gara ia beti. Bizibakoakaitik beste jokabide bat hartzen dogu hiztunok. Araba-zozoa deritzo zozo (txori) mota bati. Bermeo-bedarra, Lekeitio-bedarra edo Txomin-bedarra esaten jako Bizkaiko nekazarien artean, soloetan ernetan dan bedar mota ernegugarri bati. Toletikoak deritxe herri batzuetan iko mota bati, Toledo-ikoak osorik.
Erromar, greziar, herritar taiuko hitz eratorriak izen garbiak dira erabilera batzuetan. Baserritarrak, baserriko jenteari deritxe, eta kaletarrak, kaleko jenteari. Izenondoz lagundurik agiri dira batzuetan, gainera, euren izen-izatea sendotuz. Halan, Mogelen alegietan basotar gaixoa esanez aitatzen da basoko sagua. Arsenio eritxon eremutar santua aitatzen dau beste behin, ermitao esanguraz. Bere eleiztar nekazariak aitatzen ditu beste baten, feligrs adieraz.
Gaur egungo terminologiak finkatu ditu euskeraz Europar Batasuna, Sobietar Batasuna, Amerikar Estatu Batuak eta horretariko hainbat. Eta nire eretxiz, horreetan hiru kasuotan europar, sobietar eta amerikar izen kategoriaz bakarrik onartu leiz aurre posizino horretan, eta azpian ezkutatzen dan kontzeptua honakoa da, sintaxi hori onargarri izatekotan: Europarren batasuna, sobietarren batasuna eta amerikarren estatu batuak. Baina aurre posizino horretan agiri dala, ezin da arrazoitzat emon, adjektiboa edo izenlaguna dala. Hor oker sintaktiko bat dagoala esango neuke.
Adjektiboaren kategoria jagoke berez eta jatorriztar atzizkidun eratorriei. Halan da hori, nahiz eta maiztasun gitxikoak diran euskeraz /Izen + Adj(-tar)/ egiturak. Adjektibo-izate hori argiroen salatzen dauen argudioa, berorren balio semantikoa da. Sarritan norbaiten jatorria adierazoteko badarabilgu be, beste askotan zein pentsamolde edo eretxiren aldekoa dan adierazoten dau tar horrek. Hau da, gizaki baten kualitatea, zelakotasuna, zeren edo zeinen aldekoa.
Eremu semantiko nagusi bi estaltzen ditu, edo estaldu leikez, -tar atzizkiak, kontestuaren arabera. Lehenengo eta nagusi, nongoa dan, edo zehatzago esanda, zein dauen jatorria urlia batek. Eta bigarren, aldekotasuna; zeinen edo zeren zalea edo aldekoa dan.
Bizkaitarra, lehen adieran, Bizkaikoa dana da, izatez edo jatorriz. Eta bigarren adieran, bizkaitarren aldekoa; gudu aurrean, abertzale edo nazionalistei esaten eutsen bizkaitarrak, esaterako.
Adjektiboaren kategoria ohi dauka tar atzizkidun eratorriak, aurretik izen bat daukanean. Mogelen adibide batzuekin on egingo dogu dinoguna: lagun baserritar bat darabil behin. Ondo esan dau gizon bizkaitarrak darabil beste behin. Berba-aurrekoa irakurle bizkaitarrari prologatzen dau Mogelek bere Konfesino ona liburutxoa. Eta kristau dotrinan sartuta, gaztelaniaz pecados capitales aitatzen diranak, pekatu burutarrak ordainaz euskeratzen ditu gure idazleak.
Bego gaurkoz honenbestegaz. Ez genduzan segurutik asetuko ez bizkaitar jentearen, ez gipuzkoar idazleen, ez herritar irakurleen, ez kanpotar jakingurakoen nahigura guztiak, baina hurrengoan gehiago eta hobeto.
Iturriko
2017-06-22