Gramatikan esan ohi da, -dun atzizki posesiboa, edutezkoa dala, eta -ko atzizkiak be, kontestu gramatikal eta semantiko jakin batzuetan, esangura posesiboa hartzen dauela.
Baina ez en/-ren genitiboagaitik esan ohi dan balio posesibo bardina, guztiz bestelakoa baino: AitaREN etxea dinogunean, genitiboa hartzen dauena izena (aita) da, edukitzailea, jabeduna, eta harek determinaturiko edo aginduriko izena (etxea), edukia edo jabetasuna. AitaK dauka etxeA, funtsean.
Baina ko atzizkia balio posesiboaz darabilgula dinogunean, guztiz alderantzizkoa da edukitzaile-edukien arteko erlazinoa. Goiko errefrauko izen sintagma adigarritzat hartzen bada: bi ugazabaKO etxea, bi ugazaba dira edukia edo jabetasuna eta etxea da jabeduna, edukitzailea, nahiz bizibakoa izan etxea eta bizidunak, bi ugazaba.
Beste hainbeste jazoten da dun atzizkiaz be. AbarketaDUN dantzaria sintagman, abarketak dira edukia, jabetasuna, eta dantzaria da edukitzailea, jabeduna.
Eremu semantiko berean mogitzen dira, bada, -dun eta ko posesiboa, eta guztiz banangoan en/-ren atzizkia.
Idatzi honetan argitu nahi doguna da, eremu berean diharduen -dun eta -ko atzizkien artean ze oreka dagoan hiztunen erabileran, batzuetan bata eta beste batzuetan bestea erabilteko. Semantika esparru berean mogitzeak ez dau esan nahi sintaxi esparru berean erabilten diranik. Bestetara esanda, atzizki bion bereizkuntza, erabilera mailan, hiztunen artean, sintaxi mailako baldintzen arabera finkatzen da batez be, eta gitxitan gertatzen da alkar trukatzea bata bestearen lekuan, sintaxi egitura bat eta bera danean behintzat.
Atzizki bion artean, jabedun edo posesibo esanguran, –dun dogu oinarrizkoa, eta –ko, osagarria edo albotikoa. -Dun atzizkiaren sustraian *edun (eun) aditz partizipioa dagoke, eta –din (bardin, neurdin, urdin) atzizkia *edin aditz baten erroaz eregi izan dan modura, halantxe sortua dirudi halaber –dun atzizki horrek. Esanguraz be hari-harian datorrela esan daiteke: kapela-duna, kapelea duena (dauena).
Eta -ko atzizki genitiboari buruz, balio posesiboa gordeten daueneko kasuaz, ze berezitasun dauela gaineratu daiteke? Bat, hauxe: eremu semantiko zabalagoa hartzen dauela izen kategoria barruan, –ko hori leku-denpora saileko eta esparrukoa danean onartzen ez dauena: izen bizidunekin eta giza-izenekin be erabili ahal izateko gaitasuna. Goiburu gisa ipini dogun errefraua adibiderik garbiena: Ugazaba biko etxea, kaltea. Edo eleiz liturgian behin baino sarriago entzun dan honako hau: Hiru abadeko mezea.
Baina sintaxi mailako beste berezitasun bat be gordeten dau -ko posesibo horrek. Sartalde eta erdialdeko hizkeretan behintzat, -ko da onartua dan forma bakarra. Esparru semantiko horretakoa danean, gramatikak ez ditu bideratzen ez -tako mugagabea, ez -etako plurala. Ugazaba bi eta hiru abade sintagmak semantikaz pluralak dira, mendi bi eta hiru etxe izan leitekezan moduan. Baina lehenengo kasuan ugazaba biko eta hiru abadeko izenlagunak eregiten ditugu, -ko atzizki soilaz, eta bigarrena, mendi bietako eta hiru etxeetako, plurala eta determinatua (zelanbait mugatua) danean, -etako atzizkiaz beraz; eta mendi bitako eta hiru etxetako, mugagabea danean, -tako atzizkiaz.
Baina hau esan eta batera zehaztu beharra dago, Iparraldeko ?eta orohar ekialdeko hizkeretan? atzizki mugagabeaz, -tako dalakoaz markatzen dirala (ez -ko markaz, gurean legez) balio posesiboa dabenean. Axularren esaldi hau betor lekukotzat: Piramidea edo piramideak ziren sepultura suerte batzuk, pilare, harroin, edo thonba laur kantoinetako gora ailtxatu batzuk.
Laburbilduta, beraz, genitiboaren marka bi ditugu lehian eremu berean: -ko erdi eta sartaldean, -tako ipar eta ekialdean: hiru kolore-KO zapia # hiru kolore-TAKO zapia.
Funtsezko baldintza bat jagoten dau beti sintaxi mailan –dun atzizkiak: ez dau mugatzailerik, ez osterantzeko determinatzailerik onartzen izen bategaz edo izen + adjektibo multzo bategaz alkartzeko: gramatikaren aurkakoak lirateke, bada, /-a, -ak, hiru, asko/ edo bestelako markadun izenei gainean –dun eransten jaken sintagmak. Izen edo adjektibo mugagabearen, soilaren gainean, txertatzen da beti, eta bakarrik, -dun atzizkia. Soineko edo jantzi bategaitik, halako kolorea edo koloreak dituala adierazoteko, esan daiteke kolorezkoa dala edota koloreduna dala. Baina itaun egiteko orduan, zer edo zein determinatzailea aurretik ipini ezkero, ezinbestean esan beharko dogu: Ze kolorekoa da? Edo Iparraldeko erara, Ze koloretakoa da? Baina oker eregiak lirateke ondoko itaun-esaldiok: *Ze koloreduna da?, *Zein koloreduna da?, eta *Zelango koloreduna da?
Gramatika ildo horren bidetik, sintaxi egituraren aldetik izen sintagmarik oinarrizkoenak dun atzizkiagaz markatzen dira. Izenak, bakarrik agiri danean sintagman, -dun hartzen dau: gonaz jantzirik doana gonaduna da, txapela daroana txalpelduna, kortxoaz zarraturiko ardao botilea kortxoduna e.a.
Izen soilaren gainean nekez erabilten da -ko posesiboa. Arkondara erraiduna (erraiaduna) esaten da, baina ez *erraiakoa. Marrazki bizidunak esaten da, baina ez *bizikoak.
Izen jakin batzuk, -ak mugatzaile plurala jagokenean, bai onartzen dabe -etako atzizkia esangura posesiboa espresatzeko. Koloreduna esaten dan moduan, koloreetakoa be esaten da: koloreetako pinturak, koloredun pinturak aitzen emoteko. Kasu horretan marka-bitasuna agiri da. Baina edozelan be guztiz mugatua da -etako genitibo pluralaren erabilera esangura posesiboaren eremuan.
Izen-adjektiboak batera agiri diranean eta izen multzo konplexua sortzen danean, orduan be –dun atzizkia darabilgu testuinguru batzuetan, baina -ko beste batzuetan. Bien arteko bereizkuntza, maila semantikoan jokatzen dala esan leiteke.
Txapelduna dinogun moduan esan daiteke txapel gorriduna, edo bizarduna dinogun legez, bizar zuriduna. Hau da, -dun atzizkiak gaitasun sintaktikoa dauka izen multzo konplexuak be izenlagun funtzinora erakarteko. Etxe bat zein dan identifikatzeko, teila gorridun teilatua daukana esan geinke. Edo takoi luzeduna legez izentau geinke, aurrean dakuskun neskatila bat.
Eremu semantiko mailan, -dun horren bidez, izaki baten osagai, hornigarri edo apaingarri dan zerbait aitzen emoten dogu sarritan: soinekoena edo gorputzeko apaingarriena dira kasu agiriak.
Sintaxiaren aldetik, beste ezaugarri bat be eukiten dabe -dun atzizkidun sintagmek: mugatzailea edo determinatzaile bat zuzen hartuta erabiltea ohikoagoa da, hau da, nominalizaturik, izenlagun modura baino, ondoren izen bat dauela baino. Gona gorriduna egitura ohikoagoa da gona gorridun neskatoa baino.
Sareko gramatika batetik jasoriko adibideak dira ondokoak: Kolore gorriKO kuadernoa, kolore beltzeKO axuria eta kolore zuriKO zaldia. Izaki baten koloreak dirala eta, senak beste era honetako agintzen deust niri: kuaderno hori kolore gorriDUNa dala, azuria kolore baltzDUNa dala eta zaldia kolore zuriDUNa.
Baina /Izen + Adjektibo/ multzoak, sarritan, beste kontestu askotan, -ko atzizkiaren bidez atxikitzen deutsaguz osteko izenari: Balio handiko harria esaten dogu, baina nekez *balio handidun harria. Bihotz oneko pertsonea esaten dogu, baina nekez *Bihotz ondun pertsonea. Ikuspegi zabaleko pentsalaria esango genduke, baina nekez *Ikuspegi zabaldun pentsalaria.
Soinekoen koloreak dirala-ta, bietara onartuko genduke: kolore bizidun soinekoa edota kolore biziko edo bizietako soinekoa.
Edozelan be, –ko atzizkiak balio posesiboa hartzeak maila semantikoan be eragin apartekoa dauka normalean: jabetza edo edukitze hori, berak determinatzen dauen izenaren esentziari lotuago dago, barruko izateagaz batuago dago, -dun atzizkiaren kasuan baino.
Baina /Izen + Adjektibo/ ereduko izen multzoak dira, batez be, -dun eta -ko alkarren lehian dakuskuzanak, eta kontestu askotan marka bata edo bestea zalantza handi barik badarabilguz be, kontestu batzuetan lausoa bien arteko muga. J. A. Mogelen zenbait adibide ekarriko ditut hona, -dun atzizkidunak, baina beste aukerea be onartzen dabenak, itxura baten. Oinetako zoru sendoduna darabil, gure ustez -ko atzizkiagaz be egokitu daitekena. Kape kerizgarriak ta egal biribil ta luzedunak darabil, baina luzekoak be ondo ekanduko litzateke hor. Gorde zaite berba labandunetati aholkatzen gaitu behin, baina berba labanekoetatik be zuzentzat joko genduke.
Eta autore berak, paragrafo berean, IS batean -dun eta bestean -ko darabilz, zelanbait marka bion kidetasunaren agergarri diranak: semea zan gorputzez [] ederto ebagi ta azal zurikoa; barriz alabea, [] balzerana ta arpegi matxarduna (Ip 58).
Izena edo izen multzoa asko, gitxi edo euron hurreko zenbatzaile zehaztugabeez lagundurik doanean, -ko posesiboa da onartzen dan atzizki bakarra. Euri gitxiko hilea esango dogu, baina ezinezkoa da gramatikaz *euri gitxidun hilea esatea. Atzizki hau, -dun, ez da bateragarria ezein determinatzailegaz, bardin da zehaztua dan edo zehaztugabea dan. Ertz askoko arazoa dala esan geinke, konplexua dala adierazoteko, baina ezinezkoa genduke gramatikaz: *ertz askodun arazoa. Gazte bategaitik esan geinke eskolatua dala edo eskoladuna dala, horren antonimoa eskolabakoa dala. Zenbatzaile zehaztugabeotariko bat sartuta, esan leiteke: Eskola gitxiko laguna, edota: eskola handiko edo askoko laguna.
Gehien zenbatzaile konparagarriaz bardin: Ikuslerik gehieneko ordua esango genduke telebistaren audientzia dala-eta, eta ez *Ikuslerik gehiendun ordua. Gehiago zenbatzaile konparagarriaz be beste horrenbeste. Pertsona bategaitik diruduna dala esan ohi da. Baina konparatzen hasten bagara, zeinek diru gehiago kasu baterako, esango genduke: Hau baino diru gehiagoko gizonik ez dot ezagutu. Ezin esango genduke: *diru gehiagodun gizonik.
Zenbatzaile zehaztuak, numeralak, sartzen ditugunean izen sintagman, izenak adierazoten dauen izakia zeren jabe dan espresatzeko era bakarra -ko atzizkiaz baliatzea da, baina ezertara be ez -dun atzizkiaz. Hotel batek bost izar baditu, bost izarreko hotela dala esango dogu, baina gramatikaz ezinezkoa da: *bost izardun hotela. Lehenago bereizten ziran mezak, zenbat abadek emonak ziran ohartuta: Hiru abadeko mezea ospe handiko mezea ohi zan, eta abade bakarreko mezea, zehea.
Eskuak atzamarrak daukazala adierazoteko, esan geinke eskua atzamarduna dala, baina eskuak bost atzamar dituala adierazoteko, ezinbestean esan beharko dogu: bost atzamarreko eskua dala, eta baten bat falta badau, lau atzamarreko eskua.
Golde eta areak, zenbat hortz, halangoak izan ohi dira. Guztiak dira hortzdunak, baina hortz kopuruaren arabera, hiru hortzekoak edo hiruortzak, bost hortzekoak edo bostortzak, zazpi hortzekoak edo zazpiortzak. Sardak be bardin; badira bi hortzekoak edo biortzak, lau hortzekoak edo lauortzak eta abar. Eta zenbatzailerik ez badabe lagun, beti be hortzdunak izango dira. Atzizki hau eta guzti lexikalizaturiko izena dogu lauoinekoa, urde edo txarria izentetako. Mogelen berbaz: Nik erakutsiko deutsudaz abere lauoieko zantar onen zati andi ta txikar guztiak. Ankabiko konposatua be sarri erabili ohi dogu gizakia izendatzeko, eta ironiadun formula bat erabilirik: Ankabiko txakurrak izango ziran lapurren egin dabenak.
Gai honek berez emoi askoz ugariagoa daukan arren, bego gaurkoz askotzat honenbestegaz.
Iturriko
2018-07-20