Aratoste, aratuste, aratiste, holantxe mugagabez esaten da eguna izentetako; orokorrean aratoste domekea. Baina ziklo osoa izentetako, pluralaz markatzen da: aratosteak / aratusteak / aratisteak, maileguzko karnabalak edo ekialdeko inauteak edo inauteriak egiten diran moduan.
Larramendik bere hiztegian (1745) aratuzteak agiri dau, ioteriak, inauteriak eta zanpantzartak izenakaz batera, gaztelaniazko carnestolendas-en euskal ordain lez. Baina lekukotasunik zaharrena dauen berbea aratizte dogu, Arabako lautadan lekututa, Landuchioren Dictionarium Linguae Cantabricae hiztegiak dakarrenaren arabera.
Hataraxe gorde da hondino be bizkai euskerearen bazter bietan: sartaldean Txorierri eta Uribe Kostako herri batzuetan, eta batez be ekialdean, Oatiko eremu baztertuetan. Araotzen aatistiak erabili izan da: atiste danak, todos los carnavales eta aatistietn, en los carnavales dakar Cándido Izagirrek.
Aibarrok, 1820 inguruko Voces bascongadas hiztegian, aratosteak dakar bizkaieratzat, Larramendigandik urrunduaz. Aldaera hauxe da, beharbada, bizkaieran zabalen dabilena: aratoste, edo era laburtuaz atoste (Zeanuri). Halan batu da Antzuolan, Eibarren, Urdaibai, Durangalde eta Arratia aldean, besteak beste.
Aratuste aldaereak kostakoa dirudi gehiago. Larramendik, etimologia-interpretazinoa eginez, aratuzteak ezarri ebanaren haritik aragi uzte, Azkuek aratuste era horri lehentasuna emon eutsanetik, horri jarraitu jakoz osteko idazle eta lexikografo asko.
Argi dagoana da, euskerearen ekialdean eta sartaldean, bide banatatik garatu dirala Karnabal edo Carnestolendas horreen ordainak: Inaute, Inote, Iote edota Zanpantzart-ak pertsonai-izen batzuetatik erakarriak dirudie. Sartaldeko izenean, gaztelaniazko carnestolendas hitzaren kide zuzena dogu: aragi istea > aratiste.