Euskerazko testuetan baino baino sarriago ikusi dot gerrate berbea, toketan ez dan moduan eta lekuan erabilirik; itxura baten, gerra edo gerrea berbea baztertzeko, euskaldunagoa dalakotzat edo gerraoste idatzita.
Kontua da, bata eta bestea diferenteak dirala eta ezin dirala bata bestearen lekuan edo trukean idatzi.
Gerrate erabilten da, gerra denpora esaten dan edo gerra aldi esan leiteken antzera, baina beti be gerra horrek dirauen aldia edo tartea adierazoteko, baina egundo ez dogu hiztunok erabilten, gerra aurrea edo gerra ostea aitzen emon gura diranean. Euskeraz ez da esaten, eta ez dago zuzen esanda: gerrate ostean edo gerrate aurrean. Hor gerra aurrean, gerra ostean esango genduke, bape zalantza barik. Gerra berbea huts-hutsean erabilten da hor, -te barik.
Atzizki hori, -te, ez da bitxi soil eta polit bat, denpora-tarte jakin bat adierazoten dauen atzizki esanguratsu bat baino; zeozer jazoten dan denpora tartea adierazoten deusku, ekintza, prozesu edo gertaera baten inguruan: edur sasoia izan bada, edurte, euriak aldikada baten izan badira, eurite, lehor edo siku aldia izan bada, lehorte edo sikate, eta bide beretik gosete, izurrite, ujolte eta beste hainbat.
Gerra eta gerrate gauza bi dira, eta ezin dabe beste barik batak bestearen lekua hartu. Bere kontestuan baino ez da erabili behar -te atzizkidun eratorria. Zuzen esanda dago, esaterako: Gerrak euskaltzaleengan eragin zuzena izan zuen, baina gure hiztun senak ez leuke ontzat emongo: *Gerrateak euskaltzaleengan eragin zuzena izan zuen esaldia.