LiteraturaZahar-barriak

Jardunaldia Eusebio Erkiagaren mendeurrenean

Posted on

Ehun urte bete dira aurten Eusebio Erkiaga Lekeition jaio zanetik, hori dala-ta, haren idazle ibilbidea gai hartuta jardunaldia eratu dabe Euskaltzaindiak eta Deustuko Unibersidadeak.

Ekitaldi akademikoa azaroaren 30ean izango da, goizeko 10:00etan hasita, eta Erkiagaren idazle-adar guztiak aztertuko dabez hainbat hizlarik. Izan be, Eusebio Erkiagak genero guztiak landu zituan, nobela, poesia, antzerkia, itzulpena, eta ostantzeko idatziak egitea be suertau jakon (administratiboak eta). Idazle oparo eta emonkorra izan zan.

Eusebio Erkiaga lekeitiarra zan jaiotzez, baina bizitza gehiena Bilbon emon eban. Herri biakaz lotu-lotuta egon da, eta bere lanetan biak dagoz agirian. Merkataritza ikasi ostean Banco de Vizcayan behar egin eban, 1936an hasi zanetik 1977an erretiroa hartu arteko denpora guztian.

Gazte-gazterik hasi zan idazten, bere garaiko aldizkari-egunkarietan parte hartuz: Bizkaitarra, Eguna, Yakintza, Euzkerea, Euzkadi aldizkarietan hainbat lan argitaratu zituan. Ganerako lan luze gehien-gehienak Labayru Ikastegiak argitaratuta daukaz.