Errose Bustintza Mañariko ez da oso ezaguna gure literaturan, idatzi ebazan idazlanak aldizkarietan sakabanatuta argitaratu ziralako beharbada. Baina haren testuak leidu ezkero, XX. mendeko idazleen artean klasikotzat hartzeko modukoa dala ikusiko dogu.
Ebaristo Bustintza Kirikiño zanaren lobea izanda, segurutik etxean eukiko eban giroa ikasteko eta irakurteko. Horrezaz ganera, dana dala, bera be aparteko gaitasunagaz agertzen jaku Anboto eta inguruetako tradizinoakaz jabetzeko.
Emakume Abertzale Batzako kidea izan zan eta Euzkadi egunkarian kolaborazinoak argitaratzen ebazan. Ipuinetan da ugariena. Hona bat, Labayru Ikastegiak argitaratutako Ipuinik ipuin Mañarian gora izeneko liburutik hartuta.
Mañariko kereizak
Mañaria nire herritxua, Bizkaian, kereiza-herririk ospetsuena izan da. Bertako kereizak izan be, beste herrietakoak baino ederragoak eta gozoagoak izaten ziran. Hau irakurtean neuk dakidan batek, azkenengo hitzak dirala eta ez dirala, ahopean baino ez bada be zeozertxu baino gehiago esango dau… Baina, adiskide maite horrek jakin bei, gaur honetzaz neure burutik bakarrik ez dodala hitz egiten, antxinako euskaldunakaz batean baino. Ikusi bestela:
Ur ona edaten Iturbegira,
eta kereiza gozoa jaten Mañarira.
Bizkaian kereizak lehenengoz Mañarian ezagutu ei ziran. Bertara lehenengo kereiza-zugatza nondik ekarri zan, edo bertan zelan sortu zan, gauza garbirik ez dakigu, baina. Batzuk esaten dabe, ba, zeruko aingeruak urrezko ontzi baten kereiza-landara eder bat Mugarra txuntxurrera ekarri ebela. Beste batzuk, ostera, behinola Beiti basetxeko atsoak sorgina ei zan bera non edo non kereiza-garaun bat hazur eta guzti jan ebala, eta gero, hazur hori hiru egunean urdailean eukita, Munuguruko sasitzan itxi ebala; eta hortik sortu zan landaratik Mañariko kereiza guztiak etorri zirala esaten dabe, eta hori dala-ta, bertako kereizak sundarik gozoena izaten dabela.
Esanok egiak ete diran dinostazu? Egia dala, guzurra dala, gaur horretzaz ezer jokatzekotan ez nago, sarritan esanak, esanak baino ez dira izaten eta. Ikusi dogunez, baina, gure herriko kereizak bere kolkoan gauza miragarriren bat badabe Kereiza-aldietan, Mañaria, Mañaria izaten zan, gero! Ez dakienak baleki! Dana dala, bata nahiz bestea dala, esanak eta entzunak alde batera itxita, uste dogunaz hitz egin daigun, Mañariko kereizak lako ederrik, gozorik eta sunda onekorik ludi zabalean be ez dala egiten esaten dogu. Hor dago, ba!
Mañariko kereizak, barriz, antxina, nire aititaren aitaren aldian-edo, ospetsu-ospetsuak ziranez, urre-truke bakarrik saltzen ei ziran. Hori zala-ta, Euskadiko herrietan jentea kereiza-saltzaileak noiz agertuko eskuetan urrea ebela egoten ei zan.
Urre- eta kereiza-tratu horretzaz, gure herritxuan ipuin bat edo beste edesten ziran, eta horreen artean gehien edesten zana Arriduko etxaguna eta txakur gorriarena izaten zan. Ipuin hori, hona hemen laburkiro.
Antxinako urte baten, Mañarian inoiz ez lako kereiza-aldirik handiena izan zan. Urte haretan bertako zugatz guztiak, garaun gorrien zama astuna zutik jasan ezinda, euren adarrakaz lurrari munka aurkitzen ziran. Hori zala-ta, herriko jentea igali gozoari begira ezti-bitsetan egoan. Aurten, sekulako urre-piloak batu behar joaguz, guztiak aho batez esaten eben; eta hori esanaz, baso eta mendietara joanda herriko kereizen edertasuna goratzen egoten ziran.
Etxe guztietan guraina eta gehiago kereiza baegoan be, baina, Arridu basetxeko etxaguna Jaungoikoak esku zabalez emon eutsanaz arean be ez zan nahikotu. Eta hori zala-ta, egunak joan eta egunak etorri, herriko kereiza guztiak bide okerrez eskuratzeko asmo gaiztoa hartu eban. Eta gure gizona hurrengo gauean, gauaren iluntasuna lagun ebala, auzoetako kereizak ostuten hasi zan; eta geroko gau guztietan bere eginen gaiztoari eten barik ekinda, hilebeteren buruan herriko kereiza guztiak Bizkai, Araba eta Gipuzkoako herrietan urre-truke saldu ebazan.
Holan, Arriduko etxagunak idi-narru handi bat bete urre-diru etxeratu eban; eta hainbeste urreren artean bere burua ezin gehiagoan aberastuta ikustean, pozez zoratu beharrean aurkitu zan. Bitartean, mañaritarrak lapurra zein ete zan jakin gurarik estu eta larri ibili ziran; eta euren artean askok euren zoritxarra ikusita, negar gogotsu egiten eben. Honetan, kereiza-margodun txakur gorri bat agertu zan herrian. Eta txakur gorri harek basetxe bakotxaren aurrean ahausi egiten eban artean, ahots miragarri batek hitz honeek esaten ebazan:
Arriduko etxagunak
kereizakaz batean,
urrea eta zoritxarra
bizkarra betean.
Hori entzunik, mañaritarrak kereiza-lapurra Arriduko etxaguna zala behingoan igarri eben; eta bere eginen txarrari jagokon zigorra berehala emotea ondoen izango zala-ta, gizon-mutil piloak adaki sendoak eskuetan ebezala, Arridu basetxera arin baten joan ziran. Ordurako, baina, gure gizona bere urre-diru eta guzti nonbaitera joana izan zan eta, bere bila batera eta bestera begi eta belarri ibili ziran arren, bere azterrenik be ezin izan eben aurkitu.
Hurrengo urteko kereiza-aldian, baina, txakurraren ahausi eta garrasiakaz batean etxagunaren ulu eta aieneak entzun ebezan. Arriduko gizona, urrez beteriko idi-narru handia bizkarrean eta txakur gorriaren hagin zorrotzak orpoetan sartuta ebazala, Mugarra hatxean gora eta behera ebilela ikusi eben. Eta geroagoko kereiza-aldi askotan be, gaixoak holan ibili beharra izan ei eban. Ikusi ebenez, kereiza-lapurra bere eginen txarragaitik gogor zigortua izan zan.