Lehengo gizartean, erditzea eta gero, eleizan-sartzea izeneko erritoa egin arte, ama ezin zan etxetik atera. Eleizara domeka eta jai-egunetan joan beharra be parkatu egiten jakon. Ohitura hau aspaldikoa da; Moisesen legearen arabera, umea izaten eban emakumea lohi geratzen zan, eta berrogeigarren egunean bedeinkazinoa hartu arte, ezin zan eleizara sartu.
Ordurarte, ama barria, gaixotzat hartzen zan, horregaitik bisitan joaten ziranak, batez be emakumeak, indarberrituteko ardau gozoa, txokolatea, gailetak, eta oiloa eroaten eutsien. Oilo-salda, indarbarritzeko oso ona ei da. Baina askoren esanez, andrak kaldue eta gizonak ollue.
Denboraldi horretan emakumeak ezin eban etxeko lanik egin, ezin zan uragaz ibili, ez bururik garbitu… Horregaitik beti izaten eban familiako beste emakume batzuen laguntza. Herri batzuetan ezin eban etxetik urten, eta agindu hau zorrotz beteten zan, leihora be ez ziran urteten. Beste herri batzuetan etxetik kanpora bai baina eleizara ez.
Teila buruan. Aspaldi galdutako ohitura. Emakumeak derrigor etxetik kanpora urten behar ebanean, laguntzarik ez ebalako… erropa eskegiten, egur bila… etxeko teilatuko teila bat eroaten eban buru gainean, eta ez eben kentzen etxera barriro sartu arte. Teila hori etxearen sinboloa zen, eta era horretara ez eben agindua apurtzen.
Eleizan sartzea. Hirurogeiko hamarkadara arte, ama barriak eleizan sartu aurretik bedeinkazino berezia hartu behar eban, post-partum bendizinoa. Ama eleizara joaten zan emaginak edo auzokoren batek lagunduta, eta horrek eroaten eban umea besoetan. Abadeak eleizako atera urteten eutsan ama barriari, berak kandelea piztuta eskuetan daukala.Abadeak ama bedeinkatuten eban eta estolea ipinten eutsan eskuaren gainean. Gero eleizara umeagaz sartu eta mezea entzuten eben. Kandelea ofrenda legez eleizan ixten eben.
Lehengo gizartean, jaiotza barriaren ospakizuna amaren erditze osteko aldia amaitzean egiten zan. Esan dogunez, egonaldi hori eleizan sartzea izeneko ohikuneagaz amaitzen zan eta gero jai giroko otordu batez ospatzen zan, ermakariak, martopilak, atsolorra edo andraikustea. Horixe izaten zan erditzen laguntzen ebenei, eta erditu ostean opariekin ikustera joandakoei eskerrak emoteko modua.
Argazkiaren iturria: Labayru Fundazioko argazki funtsa. Atlas Etnográfico. Ritos del nacimiento al matrimonio en Vasconia liburua.