Gaur egun ezkontzak zelangoak diran badakigu, baina zelakoak ziran gure aitita-amamenak?
Bizitza ohikuneetatik, jaiotzeagaz batera ezkontza izango da seguruenik ospatuenetarikoa. Gaur egun prestakuntza asko egin behar izaten dira ezkontzarako, baina antzina be beragaz lotuta hainbat errito eta jaialdi egiten ziran, gaur egun gehienak galduta badagoz be.
Euretako batzuk ezkontza aurreko egunetan hasten ziran, adibidez, deiuneak (herrikoei ezkontzaren barri emoteko pulpitutik egiten ziran oharrak); senargaia neskalagunaren etxera lehenengoz joaten zanean egiten zen botagaba; ezkongaien familia bien arteko lotura estutzeko egiten zen aurpegi-ikustea (hau batez be ezkontzarako hitzarmena zehazteko eta opariak trukatzeko egiten zan); antzina mutilak baino ez eben egiten ezkontza aurreko despedidea; andregaiaren arreoa gurdian eroatea, etab.
Ezkontzak bi atal izaten zituan: ezkontza bera (eleizako ospakizuna) eta ezteguak, haren ondorengo jaia. Lehenengoak ez eukan gaur egun daukan besteko garrantzirik. Eleizkizuna astegunean izaten zan, konbidadu gitxigaz, etxeko beharrak ia eten be egin barik. Ezkontza egunean bertan bazkaria egiten zan, ezkontide barriari ondoetorria egiteko.
Ezkontza gehienbat neska eta mutil gazteen arteko kontua zan. Gazteria zan ezkongaiakaz batera eleizarantza oinez abiatzen zana, musika eta bolanderak botaten, alaitasun giroan. Lekukoak be ezkonlagunen artean aukeratzen ziran askotan.
Denporeak aurrera egin ahala, gaztez osaturiko ezkonlagunen taldea beste gizatalde batzukaz osatuz joan da. Etxeko senideez gainera, urrinagoko senitartekoak eta lagunak be konbidatzen dira.
Argazkiaren iturria: Ana Larrarte, Etniker Euskalerria Taldeak. Atlas etnográfico. Ritos del nacimiento al matrimonio en Vasconia libururako itxitakoa.