Cecil Day Lewisek poema luze bat idatzi eban Matxitxakoko borrokan hain sutsu borrokatu ziran Nabarra ontziko marinelei eskainita. Borroka horren 75. urteurrena dala-ta, poema horren bitartez gogoratuko dogu orduan gertatutakoa.
Idazleak ingelesez idatzi eban poema, euskerazko itzulpena ondoan dauela argitaratu zan 2003an Idatz & Mintz aldizkariaren 37. zenbakiko gehigarri moduan.
Jatorrizko testuagaz batera, Luigi Anselmik euskeraz egindako itzulpena dator, eta Jesus Antonio Etxezarragaren sarrerea.
Cecil Day Lewis (1904-1972) Irlandan jaioa da. Umetan ama hil eta aitagaz, eleizgizon protestantea, Londresera joan zan. Ume-umetan hasi ei zan poesia idazten. Oxforden ikasi eban eta, ezkerraren eta marxismoaren giroan, han egin ebazan lagun poetika politiko barri bat bultzatzen ahalegindu ziran hainbat intelektual gazte, tartean Louis MacNeice, Stephen Spender eta W.H. Auden. Poeta, literatur kritiko, klasikoen itzultzaile eta irakaslea izan zan. Informazino Ministerioan editore izan zan, Oxfordeko poesia irakasle eta Harvardeko irakasle gonbidatua, eta 1968an Britainia Handiko erregetzak Poeta Laudatua izendatu eban. Ha ta guzti be, poesiatik bizi ezin eta Nicholas Blake ezizenagaz argitaratu ebazan nobela poliziakoek ekarri eutsien osperik gehien.
The Nabarra poema G.L. Steeren The Tree of Gernica liburuan kontatzen dan gertakariak irakurrita idatzi ei eban. Gertakariok 1936ko gerra hasieran Matxitxakoko borrokakoak dira. Orduan, Euzkadiko Gobernuak itsas-armada apala eratzeko, bakailao-ontzi edo bou batzuk gerrarako moldatu ebazan eta Gipuzkoa, Bizkaya, Nabarra eta Donostia izena ipini eutsien. Galdames merkatalontziaren eskolta joiazala, Canarias gurutzontziagaz topo egin eta itsas bataila hasi zan. Gipuzkoa, sutan, Portugaleten babestu zan; Donostia, ihesean, Arcachonera erretiratu; Bizkaya azkenean Bermeon sartu zan. Nabarra ontzikoek, ostera, gurago izan eben azkeneraino borrokatu etsi baino. Gudarion adore eta kemenak txundituta idatzi eban C. Day Lewisek The Nabarra poema.
Nabarra
Lehenengo fasea
Askatasuna hitz bat baino gehiago dugu,
agintarien diru xehe merkea bainoago,
tiranoaren ohorerik gabeko txekea edota zoroaren moneta,
inflakzioak puzturikoa, bainoago. Hilkorra da, hori badakigu,
eta sarraskizale ez diren gizon arrunten irudira egina;
irudi hori, ordea, saldurik ikusi baino lehenago
hil eginen dute eta hilak izanen. Hilkorra da, bai,
eta hala ere bere errautsetarik goititzen da beti indarberrituta:
lurrari datxekio eta haatik gizonaren bihotza
etxera bidean den txoria baino gorago hegaldatzen da
sasoiko beroak asaldatzen duenetan:
Inoren kalte gabea da haren ukitua, egunsentiaren pare,
baina bekaizkeriaren itzal erogarriak askatu egiten ditu.
Askatasuna hitz bat baino gehiago dugu.
Bihotz zailduak izanik, heriotza nahiago izan zuten, errenditu baino.