Ebaristo Bustintza Kirikiño mañariarrak (1866-1929) asko be asko idatzi eban euskeraz, baina gehien-gehiena artikuluetan Euzkadi egunkarian. Milaka orriren egile da, baina Abarrak baino ez eban ezagutu liburu modura argitaratuta.
Alderdi bi nabarmenduko doguz Kirikiñoren lanean, euskereari emon eutsan prestigioa eta kazetaritzan egindako ekarria.
Euskerazale amorratua ikusten dogu Kirikiño bere idatzietan, beti euskeraz egiten, euskeraz egiteko esaten eta euskera danerako defenditzen. Horrezaz ganera, bera Sabino Aranaren jarraitzaile itsua izanda be, euskerearen kontuan haren garbizaletasunetik apur bat aske jokatu eban, hizkuntza jatorrari eta berezko euskaldunen esamoldeei lehentasuna emonda. Euskaldunentzat idazten eban euskaldunek berba egiten eben moduan.
Euzkadi egunkarian, herrian herriko barriak emoteko, bertako jentea ipinten eban arduradun eta barri-emoile, gaurko korresponsalen antzera. Horren bitartez, herriko zapatagin, dendari, baserritar zein okinei barriak euren berbakaz emonarazoten eutsezan, eurena euskera ona zala-ta.
Kazetaritza aldetik, korresponsalak ezeze irakurleak egiten ebazan, kultura, politika, gizarte zein munduko barri emoten ebala. Euskal kazetaritzaren barruan zutaberik handienetakoa dogu Kirikiño, hainbeste eta hainbeste idatzi dauelako eta estiloa sortu dauelako.
Abarrak liburu moduan 1918an argitaratu zan lehenengoz, eta harrezkero hainbat bider berrargitaratu da. Ipuin, pasadizo, kontaera barregarriakaz osotuta dago, egileak dinoanez, batzuk halan gertatutakoak. Testu arin-atseginak eta biziak dira, edozeinek erraz eta arin leidu eta gozatutekoak. Harrera ezin hobea euki izan dabe euskaldunen artean beti, eta oin be egoki-egokiak dira, oingo irakurleentzat be.
Javier Pereak behar ikaragarria egin eban Kirikiñoren artikulu guzti-guztiak batzen. Gaiaren arabera gitxi gorabehera antolatu eta hainbat bilduma argitaratu izan ditu Labayru Ikastegiak: Egunekoa (1985), Edo geuk edo inok ez. Euskerearen alde (1984), Abarrak (2005), Aberriaren alde. Artikulu politikoak (2005), Bizkaia begietan (1913-1928) (2007).