Dakienak dakiEtnografia

Basaratoste

Posted on

Hainbat izen erabilten dira gauza bera adierazteko: basokoipetsu, kanporamartxo, basomartxo, sasikoipetsu.

Halan esaten jako aratoste aurreko domekan egiten dan jaiari. Aratoste edo karnabal, Garizuma aurreko egunetan ospatzen da, eta horreen aurretik, basaratoste.

Izen horregaz adierazten da basora joan eta txitxi-burruntzi egitea. Ohikoa izan da basora edo landa batera joan, han sua egin eta txorizoa erreta jatea. Gazteak nahiz familiak egiten izan dabe eta egiten dabe orain be.

Jai hori karnabalak datozela aurreratzeko da. Izan be, gure artean oraintxe ditugu aratosteak.

Eguen zurian hasi eta martitzenera arte, aratosteak edo inauteriak ospatuko dira gure inguruko herri gehienetan. Bizkaikoen artean badira berezitasun batzuk han eta hemen.

Berrizen ohitura izan da umeak etxerik etxe eskean ibiltea. Horretarako kantua hauxe da:

Eguen Zuriko eguna,
Jainkoak berak egina,
eskola-mutilak ibiltzerako
limosna on baten bila.
San Tarsizio Obispua,
eskola maisu jakituna,
Jesukristoren fedeagaitik
odola emon ebana.

Gaur egun ohitura hori eskola umeek betetzen dabe.

Mundakan Atorrak urteten dabe domekan, goizean hasi eta iluntzera arte. Urteokaz, gainera, laminak gehitu jakez.

Eta Markinan hartza ibilten da kaleetan zehar, dantzariak zahagi-dantza egiten daben bitartean. Arrastian antzar jokoa, parte-hartzaileak zaldi ganean doaz eta antzarrak harrapau behar dabez.