San Anton negu-neguan ospatzen da, urtarrilaren 17an, eta animalien babesle moduan ezagutzen da gehien. Abeltzaintzak indarra euki dauen lekuetan, etxeko ekonomian eragin handia euki dauen herrietan, santu nagusia izan da eta gora handiz ospatu izan da.
Ohiturea zan egun horretan ganaduari beharrik ez eragitea. Idiak ez ziran ateraten solora, eta errotetan ez zan urunik eihoten astoei beharrik ez eginazoteko.
Ganadu-ermandadeek San Anton ermandadea izena eukien askotan, eta ohitura izan da egun horretan jaia ospatzea edo bazkaria egitea.
Leku askotan ospatzen da eguna, baina bi ekarriko ditugu hona.
Urkiolan hondino be ohikoa da ogia bedeinkatutea mezan egun horretan. Lehenago ura eta orioa be bedeinkatzen ziran, eta baita be ganaduari ipini beharreko arranak. Horrezaz ganera, etxeko abereak jagoteko kandelak eta mezak eskaintzen izan dira.
Lehen ganadu-feria egiten zan
Feria handia egiten izan da eta egiten da Mungian be, baina San Anton eguna baino handiagoa da bertan hurrengo eguna, San Antontxu. Ganadu-feria ezeze ortuariak, makinak eta inguru horregaz zerikusia daukien produktu mota guztiak be egoten dira erakusgai eta salgai. Ospakizun handia egiten da herrian, egunean berean eta asteburuan.