Dakienak dakiHizkuntza

Damu dot… ohostua

Posted on

0. Sarrera

Misino santuetako lehenagoko kantetan –eta aldi bateko kristinau irakaspide liburuetan– behin eta barriro agiri dan kantu edo esaldi hasiera da Damu dot, Jauna… dalakoa, berorren mendeko perpaus konpletiboa aditz partizipio mugatuaz osotua dauela. Guztietan ezagunena, beharbada: “Damut dot, jauna, bihotz guztirik zu nahigabetu izana. Ez, ez gehiago pekaturikan, neure Jangoiko laztana”. Eta beste bertsino batzuetan, zaharragoa dan beste hau: “Damu dot, jauna, (…) zu ofendidua” edo “zu ofenditua”. Hara Olaetxearen dotrinako esaldia: “damu dot, jauna, neure biotz guztirik zeure majestadea ofendidua” (Olaetxea).

Beste misino kanta baten ahapaldi txatala dogu hurrengo hau: “Jesu gure jaun maite amodiotsua, damu degu guziok zu ofenditua”.

Aditz partizipio mugatua, -a mugatzaileduna, batean aditz partizipio soila dogu, eta bestean izan aditz lagungarriaz hornidua: ofenditua batean, nahigabetu izana bestean. Bi-bietan damu dot / damu degu aditz nagusia, eta mendeko egituraren funtzinoa perpaus osagarri edo konpletibo batena. Aspektuaren aldetik ekintza burutua, amaitua, perfektoa adierazoten da partizipio mugatu horren bidez.

1. Aditz nagusiaren izaera

Aditz nagusi gitxi batzukaz bideratzen da partizipio mugatzailedun mendeko egitura hau. Gogoeta edo adierazote eremuko aditzak izan ohi dira berariaz honetariko mende-perpaus egitura onartzen dabenak. Euretariko batzuk aitatuko ditugu.

Zerrenda posible horretako guztien artean damutu, damu izan edo damututa egon aditz edo aditz multzoa da partizipio mugatudun mende-perpaus konpletiboa ugarien antzean agintzen edo onartzen dauena.

Baina beste aditz batzuk be badira, edo eremu semantiko hurrekoak, eta bestelako batzuk be, baina, esan dogunez, aditz edo aditz egitura jakinak izan ohi dira, ez edozeintzuk. Aitatu daiguzan batzuk, lehenengo horretatik hasita.

Damu izan aditz lokuzinoak erabilera trinkoa dauka gure tradizinoan, gaurko berbetan atzeraka badoa be damutu aditzaren mesedetan. Aditz lokuzino honek nork-zer argumentu egitura hartu ohi dau, eta zer argumentuaren lekua bete ohi dau partizipio-perpausak: “Damu dau alan orditua” (Mogel Konf). Damutu aditza nori-zer argumentu egituraduna izan ohi da, eta honetan be zer funtzino horren gunea bete daroa partizipiodun perpaus konpletiboak: “Bildurturik guztiori sentenzia onegaz, damututen jatzu lapurretan egina” (P. Astarloa UD-I). Damututa egon aditz multzoak be beteten dau batzuetan aditz nagusiaren lekua, tradizino modernoan eta berbaz gehiago, tradizino klasikoan baino. Kasu honetan nor-zertaz argumentua leukake aditz multzo horrek, eta zertaz adizlagun instrumentalaren ordezkoak beteko leukez partizipio perpaus konpletiboak.

Garbatu aditza, damutu aditzaren sinonimo garbia da, argumentu-erregimen eta guzti; damutu aditzaren argumentu-egitura berbera ohi dauka: nori-zer, bigarren honen lekua hartzen dauela mendeko konpletiboak. Frai Bartolomeren ondoko adibidea jatorku era-erara bateratasun hau argitzeko: “Damututa dago, garbatuta dago berbea emona” (Ikasik. III). Bide bere-berekoak ditugu J. Mateo Zabalaren hurrengo esaldi biok be: “Garbatuten jako lapurrari, ostua”. “Damututen jakanak zerbait egina, eztau gura alangorik barriro egin”.

Autortu aditza edo autor izan aditz lokuzinoa be behin baino sarriago agiri dira partizipiodun mendeko konpletibo baten buru lez. Halan: “iñok bere konfesiñoan ez autortutea, besteri kleitua galarazoa” (J. Mateo Zabala).

Ezagutu aditzak be, autortu edo “reconocer” adierakoa danean, erraz onartzen ditu: “Seme onek dazau bere dongaro egina” (J.A. Mogel). Mende perpauseko aditz lokuzinoa, dongaro egin, bere posesiboaz lagundurik egonagaitik, perpaus konpletiboaren egitekoa beteten dau.

Gogoan izan aditz multzoak, gure klasiko batzuetan gogoango futuro-aspektuaz agiri danean, eredu bereko konpletiboa onartzen dau: “Itxok bada! Gogoango dok niri bazkaria ukatua!” (Mogel Ipuinak).

Lotsatu aditzaz: “lotsatuten dira azita, ainbeste gauza loi ain txikarretati egina” (Mogel Konf.).

Ukatu aditzak be, “ezetz esan” esanguraduna danean, bardin: “Ukatu gura badau dongaro egina, artuten dabee mila kontu aterata” (Mogel Konf.).

Izan aditz kopulatiboaren inguruan josirik agertzen dira batzuetan, batetik adjektibo sintagma edo izen sintagma bat eta bestetik partizipiodun konpletiboa. Halan:

zetarako izango dozue zerurako bidea artua, bide erditik atzera egiten badozue?” (J. Mateo Zabala)

Gaur egungo adibideak erabilita:

Harrigarria da hain denpora laburrean hainbeste kilometro korridu izana.

Penagarria da, hain erraz euki irabazten eta partidua ganora barik galdu izana.

Bestela aditz nagusiak erabilita:

Eskertzen deutsut, beharrizana euki dodanean hainbeste lagundu izana.

Sentitzen dot batzarrera hain berandu ailegau izana.

“Leen negar egin alango gauzaak egina” (J. Mateo Zabala).

Aditz nagusia ezezka

Aditz nagusia, edo aditz-lokuzino nagusia, ezezka adierazotea gertatzen da batzuetan. Baina ezezka egonak ez dau aldatzen mendeko partizipioaren itxura: -a mugatzaile eta guzti irauten dau. Hor ez da bideragarri –ik partitiboa sartzea, -a mugatzailearen ordez.

Markinako berbetatik jasoriko esaldi bat, norbait poz-pozik bizi dala aditzen emoteko: “Ez jako damutu jaioa!” (J. Kaltzakortaren adierazpena).

Tradizinoko testuetako lekukotasunez baliatuta, hara hurrengo biok, aditz nagusia ezezka emona dabenak:

eztozue konfesetan mezea uts egina, baraua galdua, amarrenari bear dana ez emona?” (J. Mateo Zabala).

Zegaitik konfesadu bear ez, […] alkarregaz egoteko lekura joaten itxia?” (J. Mateo Zabala).

2. Mende perpausaren izaera

Aditz partizipioak aspektu burutua agertzeak –egon-a edo egon izan-a izan dadila–  erakusten dauen aditz-prozesuen jarraipena era honetara burutzen da: aditz nagusiarena gertatzen danerako mendekoaren ekintza-prozesua amaitua da; nagusia gertatu baino lehenago burutua izan da. Aspektu perfektiboa adierazoteko darabilgu partizipio mugatua.

Halan: “Zu gure artean egon izana ohore handia da guztiontzat” esaldian, ohore handia izatearen sentimentua gerokoa da, ostekoa; lehenago gertatu da urlia horren presentzia.

Horretan datza egon izana eta egotea aditz konpletiboen diferentzia: lehenengoak aspektu burutua markatzen dau; bigarrenak ez. Aditzizenaz adierazotako mendeko konpletiboan, aspektua, edo neutroa da, markatubakoa, edota aditz nagusiaren denpora berean gertatzen da mendekoaren prozesua: “Ohore handia da guretzat zu gure artean egotea”.

J. Mateo Zabalaren hurrengo esaldian bereizten dira garbi aditz-izen mugatuaren eta partizipio mugatuaren arteko aspektu diferentziak:

“inok bere konfesinoan ez autortutea, besteri keitua galarazoa”.

Aditz partizipioaren /egon-A/ eredua

Aditz-partizipio soila, -a mugatzaile singularraz atzizkituta. Eredu hauxe da egitura nagusia eta ia orokorra, ez klasikoetan bakarrik, oraintsuagokoetan be bai. Hara esaldi bigazko lekukotasuna, ordena diferenteko ordenaz eratuak:

  1. Mende-perpausa atzean ipintea da ordena modu nagusia:

“Artuten dau justiziak lapurretan dabilen gizon bat; ifinten dau karzela baten; erri guztitik zabalduten da lapurreta au, eta damututen jaka lapurretan ibilia.” (P. Astarloa UD-I 183)

  • Baina batzuetan, izan leiteke mendekoa aurrean kokaturik agertzea:

“Leihoa irigi barik / ikus neinken ta, / hemen nago ni, irigia / ai, damututa” (Zamarripa Gora begira).

Aditz partizipioaren /egon IZANA/ eredua

Aditz partizipioari izan atzean eransteaz aspektu burua, perfektiboa, indartzen da: ibilia > ibili izana, egona > egon izana. Aditz partizipio bikotxdun era indartu hori geroagokoa da, partizipio bakarrekoa baino, baina arrazoi sendoak izan ditu hizkuntzak egitura indartu hori garatzeko: berariaz, anbiguitatea aldentzea, adiera bakarra bermatzea. Izan be, esana, egina, ibilia, ikusia… tipoko partizipio mugatuak gehien-gehienetan erlatiboko mende-perpausen adierazle izan ohi dira: zuk esana gogoan daukat, harek egina ez daukat ahaztuta, bidean ikusia ikaragarria izan da. Eta nominalizaturik dagozanean be, edo izen edo adjektibo kategoriako bihurtzen dira: Ezinak egina dirudi; eginak urregorri.

Idatzi honen buruan ezarri dogun kanta-ahapaldiko mende-perpaus egitura, zu nahigabetu izana, ez da salbuespenezko egitura bat. Beste testigantza askogaz on egin leiteke partizipio bikotxa dauen egiturearen sendotasuna.

Bat edo beste aitatuko ditugu:

“Damu dot biotz guztirik, zure ontasuna neure bekatuakaz ofenditu izana” (Añibarro EscuLibru).

Damu dot, jauna, biotz guztitik zu ofenditu izana.” (Añibarro Esculibru).

Damu dot, andrea, neure bekatuakaz zu onetan ifini izana!” (Añib Esc.Libru 1802, 208)

“eta alan damu onetan ezta begiratuten, ez zerua galdu izana, ez infernua merezi izana, ezpada Jaungoikuaren ontasun, anditasun eta ain maitegarri izatea.” (P. Astarloa UD I).

Mendeko aditza ezezka

Egitura bi dira lehian aspaldi-aspalditik: ez egona ta egon eza ereduak.

Lehenengoa: /Partiz + eza/. Oinarrian eza marka postposizino lez aditz partizipioari gehituta. Egitura honek barriagoa dirudi bestea baino, lekukotasunei jaramoten badeutsegu behintzat, baina sartaldeko klasikoen artean ondo lekukotua dirudi, halanda be. Edozelan be, eza marka sartaldeko berbakeran nagusi bihurtu dala esan daiteke. Halan agiri da inguru honetako testu eta testigantza batzuetan:

“Berandu asi naz, jauna, zeu ameetan (…); ta ondo damututa gagoz, leenago asi eza zeu ameetan.” (Frai Bartolome Ikasikizunak I).

“damu dot bekatu egina; damu dot biotz guztirik zure ontasuna neure bekatuakaz ofendidu izana; damu dot zure lege santua gorde eza” (Añibarro Eskuliburu 1821).

Damu zuan mutilak aitonari min ematea, agurrik egin eza” (Dom.Agirre Garoa).

“Makina bat aldiz garbatu jata gaztetan neskatan gehiago egin eza” (Elexpuru Bergara).

Bigarrena: /Ez+ Partiz + -a/. Tradizinoan sustraituagoa, zabalago dabilena, eta zaharragoa itxura guztien arabera. Betoz klasikoen hurrengo esaldi biok dinoguna on egitera:

– Mogel:

“ta gogoango dozu nozbait nire esanak ez egina” (Ipuinak). “Barriz soinoko onik ez eukia, ez da atxakia ona ez etorteko sarri jaun onegana” (Sermoiak).

– Bide beretik, J. Mateo Zabalaren besteok:

“Bada zegaitik gurasoak ta ugazabaak konfesadu bearko eztabee, ez begiratua, […], dotrinea ez erakutsia, konfesetara ez biraldua [botea], egun-antzagaz ez etseratua, […] gau-bigirara agindua?”

– Añibarroren Escu librua-n gertatzen dira behin edo behin ezezkako egitura diferenteak:

Damu dot, jauna, zu ez amatua! Damu dot zu ofenditua!” (EsciLibru 235).

Damutu bajatzu, erea izanda, ez egina” (Añibarro Eskuliburu 1821).

“eta damu dot orain artean bear dan legez ez maitatu izana; damu dot zu ainbeste bider ofendidua.” (Añibarro Eskuliburu 1821)

Ezin ahalera marka aditz nagusian dala be bardin:

Damu dabee geiago ezin ostua” (Mogel Konf.).

3. Mende perpaus konpletiboa beste kasu batzuetan

Mende-perpaus konpletiboaren funtzino nagusi eta naturala absolutiboa izan arren, beste kasu batzuetan be agiri ohi da. Hiru aitatuko ditugu:

– Ergatiboa, aditz iragankorra perpausaren buru dala:

“Esan bai, baia lotsa onean; ez deungaro, guztiz bere gurasoak esana edo agindua pekatu gauzaren bat eztanean, eta bai urteak edo ain burutsu ez izanak eragiten deutsena” (J. Mateo Zabala).

– Instrumentala. Ugarien azaltzen dana. Ondoko esaldian, ezezka erabilia dakusku Frai Bartolomeren idatzietan:

“Deskuiduan izan arren bere, ustez uste bagarik izan arren bere, bere ardurabagatasunez ta osoro begiratu ezaz egin badau eriotzea, pekatu da” (Ikasik I).

Sartaldeko hizkeretan, balio instrumental hau soziatiboaren itxurapean, -agaz atzizkiagaz, markatu izan da sarri be sarri. Halan:

“Zeu ilagaz pagauko dozu aren zorra” (Bartolome Ikasik-I).

“eztabee asko gurasoak gorputzeko bizitzea igaroteko bear dabeena umeai emonagaz” (J. Mateo Zabala), “nortzuk egiten dabeen euren buruai kalte ekarriagaz; gero nortzuk besteai kalte eginagaz; eta azkenean nortzuk deungaroak esanagaz” (J. Mateo Zabala).

Ezezka emona daukagu hurrengo esaldi honetan:

Ene baten gorabeherea eztala ezer esan lei; baina ene hori behar dan lekuan imini ezagaz, antza-ri kendu deutso bere antza” (Zamarripa Kili-kili).

– Genitibo edutezkoaren izenlagun funtzinoan be gitxi batzuetan agiri da. Hara J. Mateo Zabalaren testigantza hau, ezezkako mende perpaus batena:

“sarri ta askotan erabili oi dabe biotzean, […] egin ezaren damu gogorra”.

– Kausatiboa, -gaitik atzizkiaz markatua. J. Mateo Zabalaren esaldiok, erakusgarri:

“Garizumako barauak uts eginagaiti ogei eguneko ur ta ogizko barau gogorra”. “Eztinot nic ezer [arean], kanpoko bateri nox edo noxkoan barruko aldeti zerbait salduagaiti”.

Honenbestegaz nahikotzat joko dogu gaurko idatziaren edukia.

Iturriko

2019-03-29