Berba hau ahozko hizkerari jagoko idatzizkoari baino gehiago. Berbaz kontixu aldaera da ezagunena. Kontu egizu era jokatuaren laburdura dala esan daiteke. Berbakune edo makulu-hitz moduan be erabilten da sarritan.
Perpaus-marka lez, esan leiteke, antza edo holako esangurea emoten deutso esaldiari. «Batera zein bestera egin, bardin» adierazoten dau beste batzuetan. Posizino malgua dauka; aurre, atze edo barrukoa:
- Kontizu, hemen ez dogu ezer egiten eta goazan etxera. (= esan leiteke)
- Kontizu, atzo ez eban inora urten egun osoan. (= antza)
- Kontizu gaur bape ez naz joango unibersidadera. (= azken baten ez naz joango, antzera izango da)
Erantzun laburrean:
- Atal guztiak begiratu ditu? Bai, kontizu. (= bai, itxurea)
- Erantzun hori emonda, amak ez deutso gogor egin? Ez, kontizu. (= ez, itxurea)
Graduatzaile balioa be badauka, herri-esakeretatik eta autore zaharren testuetatik ikusi daitekenez: ia ezer be ez, ia inor be ez, ia inon be ez, ia inoiz be ez… Baina ia bardin, ia beti… baiezko esaldietan.
- Arrautza bi emonda kontizu; ba, oin bape emon ez deutsudala kontau eizu. (Esaera zaharra)
- Zeure idazki jakingarrija / idatzi zeustan orduan, / hitz hain sakonak igartiarren / sarija agintzen zenduan, / hamabosteko epiaz. Baina, / igaro zan hau behinguan; / eta ni, barriz, hasikeran lez, / kontixu bardin nenguan. (B. Enbeita)
Moduren baten beste batek dinoanagaz bat zatozala adierazoteko, eta baietz edo ezetz modu laburrean erantzuten danean be kontizu erabili leiteke indargarri lez.
- Hemendik harakoagaitik oinez joango gara. Bai, kontizu.
- Batekoarren ez deutsegu ezer esango. Ez, kontizu.
Arejita, Adolfo; Legarra, Hiart; Oar-Arteta, Ana. Bizkai euskeraren jarraibide liburua. Bigarren pausuak. Bilbao: Labayru Ikastegia, 2005.